Jesus Tapia: "Aitzindariek 16tik 14 trikuharri aurkitu zituzten, eta nahiko suntsituta zeuden"

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 1a

Jesus Tapia, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa. (Argazkia: Aranzadi)

Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa da Jesus Tapia, eta Dolmenen Ibilbidean egindako indusketa lanetan ibili da murgilduta. Orain, bertan jasotako aurkikuntzak ikusgai egongo dira Elgoibarren, Bergaran eta Soraluzen.

Elgoibar, Bergara eta Soraluze artean dagoen Dolmenen Ibilbidean egindako aurkikuntzak jasoko dituen erakusketa egongo da ikusgai apirilaren 10etik 26ra bitarte, Aroztegi aretoan. Asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30ak arte egongo da ikusgai, larunbatetan 12:00etatik 14:00ak arte eta 18:00etatik 20:30ak arte eta igande zein jai egunetan 12:00etatik 14:00ak arte. Jesus Tapia (Astigarraga, 1973) da ibilbideko azken indusketetan parte hartu duen arkeologoetako bat.

Zer da Dolmenen Ibilbidea?

Dolmenen Ibilbidea trikuharri-multzo bat da, Elosua-Plazentzia mendilerroan dagoena eta 1920an Jose Migel Barandiaranek aurkitu zuena. Urtebete geroago, Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek indusketa-lanak egin zituzten bertan. Trikuharriak Euskal Herriko lehen nekazarien hilobiak dira, eta, normalean, sepultura kolektiboak dira, ez dira pertsona bakarra-entzat. Gorpuak gordetzeko ganbara txiki bat izaten dute, eta hori bilduta egoten da harri multzo batekin, oinarri batekin.

“Trikuharriak Euskal Herriko lehen nekazarien hilobiak dira, eta, normalean, sepultura kolektiboak dira”

Zergatik indusketa berri horiek?

1921ean euskal arkeologiaren aitzindariek 16tik 14 trikuharri aurkitu zituzten, eta gehienak nahiko suntsituta zeuden; bertako jendeak dioenez, bere garaian altxorrak egon zirelako bertan. Harrobi moduan ere erabili izan ziren; beraz, gehienak nahiko suntsituta zeuden. Aitzindari haiek sepulturak zirela baieztatu zuten, Aralarren eta bestelako lekuetan aurkitutakoen antzerakoak, baina, tamalez, material gutxirekin. Orduz geroztik, 100 urtean aurkikuntzaren bat edo beste egin da, baina ez da berriro ikerketa sistematikorik egin, eta gu, 2012an, Dolmenen Ibilbideari buelta bat ematen hasi ginen, emaitza berrien bila. Edukiak sortzea ere bazen asmoa, dibulgaziorako eta jendeak hari balioa eman ziezaion. Suntsituta egon arren, guk, indusketa sistematikoak eginez eta laginketak eginez, eta ateratako lur guztia kontu handiz garraiatuz, pieza berriak eta karbono-14 probaren datazioak eta ezaugarri arkitektoniko batzuk lortu ditugu. Horren berri emateko da erakusketa.

Zeintzuk dira egindako aurkikuntzak?

Arkitekturari erreparatuz gero, ganbarak nahiko suntsituta zeuden arren, eraikitze formari buruzko ondorio batzuk atera ahal izan ditugu. Ganbarak, normalean, txikiak eta itxiak dira, hau da, ez dago bertara sartzeko korridorerik. Hori nahiko arrunta da Gipuzkoan, orokorrean Kantauri itsasaldean. Ganbara hauek, normalean, ekialdera edo hego-ekialdera bideratuta daude, hori da gure lurretako oinarrizko patroia, eta hori baieztatuta gelditu da. Ganbaren neurrien eta eraikitzeko formen bestelako datuak ere lortu ditugu. Koronologiari eta materialei dagokionez, bi fase nahiko ondo bereiztea lortu dugu. Normalean, hilobi hauek oso denbora luzez erabiltzen ziren, Neolitoan hasi eta ia Brontze Arora arte, hau da, ia 2.000 urtez erabili ziren. Aro guzti horietako materialak nahasita agertzea da ohikoena, baina, zenbait kasutan faseak bereiztea lortu dugu. Hori, hainbat materialetan karbono-14 probaren datazioak eginda lortu dugu. Horrek material multzoak faseka hobeto antolatzen laguntzen digu.

Garrantzitsuak dira aurkikuntzak?

Euskal Herriko eta inguruetako trikuharrietan aurkitzen diren materialen oso antzerakoak dira. Kasu honetan, baina, korapiloak askatzen hasi gara, nolabait esateko. Horren gaizki zegoen multzo baten eskua sartuz gero uste zena baino emaitza hobeak lortu daitezkeela frogatu dugu. Aurkitutako materialak ez dira altxorrak, baina bai dira esanguratsuak, eta, besteak beste, garaiko sinesmenen interpretazioa egiten laguntzen dute.

"2012an, dolmenen ibilbide horri buelta bat ematen hasi ginen, emaitza berrien bila"

Zer erakutsiko da Bergarako erakusketan?

Indusketa berri horretan aurkitutako materiala eta aitzindarien emaitzetako materialak erakutsiko dira. Lau erakusleiho egongo dira, bakoitzean material ezberdinarekin. Hiru adibide jarri ditugu. Alde batetik, ohiko trikuharri baten ikusi daitekeena erakutsiko dugu, materialak nahastuta Neolitotik Brontze Arora arte, duela 6.000 eta 4.000 urte bitartean. Maurketako (Bergara) kasua erakutsiko dugu hor. Hura oso trikuharri handia da, baina, tamalez, oso kaltetuta zegoena. Hala ere, material pila bat eman zuen, eta hor ikusten da nola dauden Brontze Aroko materialak edo nola aurkitu daitezkeen hainbat garaitako material oso aberatsak baina elkarren artean nahasita. Beste adibide bat Bergarako Agerreburu trikuharria da, eta, kasu horretan, ganbarako gauza guztiak batu, ordenatu eta hau berriro muntatu da. Beraz, hor aurkitzen ditugun materialak nahiko esanguratsuak dira Neolitoko eta Kalkolitoko faseetarako: aizkora leunak edo hezurrak, esaterako. Hezurrak kontserbatu dituen bakarra Agerreburu izan da. Bestela, aurkitu diren hezurrak krematuta izan dira. Bukatzeko, Gizaburuako kasua dugu. Bertako materiala Brontze Aroan sartutakoa da, edo sartzear. Azken erakusleihoan hainbat tokitako materialak erakutsiko ditugu, bertako nekazariek eta jendeak zelako bizimodua zuen erakusteko.

Elgoibarren izan da erakusketa orain arte; nolako harrera izan du bertan?

Ustez ona. Zubia zegoen erakusketaren tartean, eta jende askok kanpora joateko aprobetxatu zuen. Hala ere jende ugari joan zen ikustera, baita ikasleak ere.

Garrantzitsuak dira horrelako ekimenak dibulgaziorako?

Bertakoei horren berri emateko garrantzitsua da erakusketa. Urtero antolatzen ditugu hitzaldiak, eta liburuxka bat prestatzen gabiltza, aurkikuntzen berri emateko, baina jendeak nahiago izaten du piezak zuzenean ikusi. Bergarako, Soraluzeko eta Elgoibarko udalei eskerrak emateko modu bat ere bada, ikerketa-lanetan emandako laguntzarengatik.

“Horren gaizki zegoen multzo baten eskua sartuz gero uste zena baino emaitza hobeak lortu daitezkeela frogatu dugu”

Ohikoak dira horrelako indusketa lanak?

Euskal Herrian hainbat indusketa egin dira, eta oraindik ere egiten dira. Hala ere, kasu honetan, espazio Neolitikoaren multzo oso horri buelta bat ematea izan da asmoa, bere osotasunean aztertzea, eta ez soilik garai bat. erriberakoekin alderatuz gero, Euskal Herri atlantikoko trikuharriak txikiak dira; ez dute korridorerik izaten eta multzo nahiko trinkotan azaltzen dira. Zaila da elementu guztiak aztertuko dituen ikerketa programa bat aurkitzea, eta hori da gure asmoa, denak ez badira gehienak aztertzea, patri firme bat aurkitu arte. Dagoeneko, hasiak gara emaitza batzuk biltzen, eta horrek multzo hori ulertzen laguntzen digu; denbora pasata nola joan zen osatzen, multzo hori nola den behin eta berriro eraikitzen ibili izanaren ondorio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak