Eskolarik gabeko egunetan Aspaceko ikasleei arreta bermatzeko zerbitzua jarri du martxan Aldundiak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko apirilaren 8a

Bergarako Ibaiondoko zentroa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren bitartez, zerbitzu osagarri berria emango die Aspace Gipuzkoako geletako ikasleei eskolarik gabeko 33 egunetan. Aste Santuan hasi dira zerbitzua ematen, eta Bergarako Aspace zentroan izan du eragina. Aspace Gipuzkoako ikasleen gurasoek ikasturte hasieran kendutako 33 eguneko zerbitzua lehengoratzeko aldarrikapenak egin dituzte azken hilabeteetan.

Aspace Gipuzkoako ikasleek ikasturteko zerbitzuaz gain, beste 33 arreta-egun gehiago izango dituzte, eta programak jantoki eta garraio zerbitzua ere eduki ahal izango ditu. Zerbitzua 09:00etatik 17:00etara bitartean izango da Bergarako, Donostiako, Beasaingo, Irungo eta Eibarko Aspace Gipuzkoa zentroetan.

Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak nabarmendu duenez, "zainketen kontzepzio berri bati erantzuten dio ekimen honek: pertsonak ardatz dituena, eta aitortzen duena ezen gaitasunak garatzeko –motorrak, kognitiboak, komunikatiboak, sozialak eta emozionalak– etengabeko laguntza behar dela, errealitate bakoitzera egokitutako ingurune seguruetan".

Aldunditik adierazi dutenez, programaren helburua da ikasleek dituzten trebetasunak mantendu eta indartzea, "atzera egin ez dadin eta parte-hartzaileei aurrera egiten laguntzeko". Era berean, nabarmendu dute egunerokoan egonkortasun eta laguntza handiagoa izateko esparru bat eskaintzen zaiela familiei.

Gipuzkoa Aspaceko familien aldarrikapenak

2025-2026 ikasturtea hasi berritan, Gipuzkoa Aspaceko ikasleen gurasoek salatu zuten aurtengo ikasturtearen eskola-egutegiak 33 egun gutxiago zituela. Horrek Debagoieneko Aspaceren zentroetako 3 eta 20 urte bitarteko hamar ikasleri eragiten zieten: zazpi Bergarako zentrokoak eta hiru Eskoriatzakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak