Elkartasun mugimendu handia eragin zuen Ousmane Ba senegaldarraren gorpua aberriratzeko diru-bilketak. Egun gutxiko epean 25.300 euro elkartu ziren.
Gorpua aberriratzeko helburua beteta, bilketa kanpainan elkartutako gainerako dirua Ousmane Ba sorterrian familiarendako eraikitzen hasita zegoen etxea amaitzeko lanak finantzatzera bideratuko dute.
Familiarekin harreman zuzena
Ndank Ndank elkarteak hartu zuen laguntza kudeatzeko konpromisoa eta familiarekin harremanetan izan dira ordutik. "Elkarteko presidente Mamadou Sarr harremanetan egon da ordutik bere amarekin, Dieynaba Ba-rekin. Bere nahia Ousmane familiarentzat eraikitzen hasita zegoen etxea amaitzea da", azaldu dute Ndank Ndank elkartetik.
"Martxoan zehar dirua bidaltzen joan gara, eta domekan Mamadou berarekin elkartu da Palmarinen. Gainera, obra bisitatzeko aukera izan du. Pixkanaka geratzen den dirua bidaltzen jarraituko dugu, etxea amaitzeko itxaropenarekin".
Elkartasuna erakutsi duten guztiei eskerrak eman dizkiete Ndank Ndank elkartetik: "Eskerrik asko hau posible egin duzuen guztiei", esan dute.
Elkarteak Senegalen martxan dituen gainerako proiektuen jarraipena egingo du Sarrek egunotan.
