Lagunak, lankideak eta Almerian bizi den anaia izan dira, besteak beste, Ousmane Ba agurtzeko Bergarako meskitan egin duten ekitaldian, eta guztiek azpimarratu dute "pertsona ona eta langilea" zela.
Orain, gorpua Senegalera eramango dute, "hango familiak agur duina eman ahal izateko", elkarteko kideek azaldu dutenez. Gastu horiei aurre egiteko, diru-bilketa bat abiatu du Ndank Ndank elkarteak eta, ordu gutxian, 12.000 euro inguru lortu dituzte. "Elkartasun uholde ikaragarria sortu da", adierazi dute.
Hala, beharrezko gastuak estalita daudela aurreikusten dute. "Behin aberriratze gastu guztiak ordainduta, gainontzeko diru kopurua Senegalgo familiari zuzenean bideratzea erabaki dugu", nabarmendu dute. "Ousmane Ba Elhaj haren familiaren sostengu nagusia zen, eta diru hori laguntza garrantzitsua izango da haientzat une latz honetan".
Ndank Ndank elkarteak esker mezuak helarazi gura izan ditu: "Eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotzez, ekarpena egin duzuen pertsona, kolektibo eta elkarte guztiei. Zuen elkartasunak erakutsi du komunitateak indarra duela, eta minaren aurrean, elkartasuna eta gizatasuna nagusitzen direla".
Elkarretaratzea, LABek deituta
Halaber, elkarretaratzea egin dute istripua gertatu zen leku berean, LABek deituta, Langileen segurtasun faltarik ez! lemapean, eta senideak, lankideak eta herritarrak batu dira. Era berean, Ousmane, on t´aime beaucoup ere jartzen zuen pankartan (Ousmane, asko maite zaitugu).
