Hortaz, denbora-tarte horretan trafikoa zatika eta ahalik eta denbora laburrenean moztuko da Bergaran zehar. Udaltzaingoarekin batera Korrika batzordeko boluntarioak ere arituko dira kalerik kale, trafikoa bideratzen eta erabiltzaileei laguntzen. Hala, 06:00etatik 07:00etara bitartean ibilgailuak ez mugitzeko gomendatu die Udalak herritarrei, "ahal bada". Eta mugitu beharra badago, Udaltzaingoaren eta boluntarioen jarraibideak "zorrotz" errespetatzeko.
Ostiralean, Korrika Txikia
Motorrak berotzen joateko, ostiral goizean Korrika Txikian irtengo dira euskararen aldeko festa ospatzera ikastetxeetako neska-mutilak, 10:00etatik 12:00etara bitartean. San Martin Agirre ikastetxean hasiko dute ibilbidea, eta Matxiategi, Ibargarai, San Antonio, Mintegi, San Pedro eta Ariznoa zeharkatuko dituzte. 18:30ean, gainera, musika eta dantza emanaldia egingo du musika eskolak, Seminarioko patioko karpan.