EAJk uste du Udal Gobernuak proposatutako parte-hartze prozesuak ez duela "benetako eraginik" izango, oposizioaren arabera, erabaki nagusia jada hartuta baitago. Jeltzaleen ustez, egokiagoa izango litzateke Ibargaraiko lur azpiko aparkalekuko arrapalatik Seminarioko patioaren izkinara sartzea, eta han, Osteta kantoiaren azpitik igaro eta eraikin berriko garajeetara sartzea: "Aukera bideragarria da, Ikerlekuko bizilagunei eta oinezkoei kalterik egin gabe sarbidea konpontzea ahalbidetuko lukeena". Jeltzaleek adierazi dute Projecta Urbes enpresak ez duela kontuan hartu euren proposamena.
Bestalde, nabarmendu dute lurpeko aparkalekua Seminarioaren azpian eraiki izan balitz Novedadeseko etxe berrien garajeetarako sarbidea "dagoeneko konponduta" egongo litzatekeela; izan ere, proiektuan jasotzen zen lur azpiko aparkalekutik egingo zela garaje horietarako sarbidea. EAJren proiektu nagusia zen 2019-2023 agintaldiaren barruan Seminario azpian aparkalekuak egitea, baina EH Bilduk hauteskundeak irabazi ostean, proiektua eten zuen jeltzaleek aipatutako aparkaleku falta neurtzeko Mugikortasun Plan gaurkotu bat behar zela argudiatuta.
"Lurpeko aparkalekua Seminarioaren azpian eraiki izan balitz, gaur egun Ikerlekuko Novedades etxebizitzek dagoeneko konponduta izango lukete garajeetarako sarbidea, eta Ikerlekutik eta Ostetatik ez litzateke autorik pasako. Gainera, Aranzadi ikastolak eta Bergarak Seminarioko patio berritua, modernoa eta egungo beharretara egokitua izango lukete, eta herriak pairatzen duen eta EH Bilduk ukatzen duen aparkaleku arazo larriaren zati bat konponduta egongo litzateke", gaineratu dute.