Domekan jokatuko dute, Eibarko Astelenan (12:00, ETB), Emakume Master Cupeko finala. Orain arte txapelketako bikoterik onena eta egungo txapeldunordeak diren Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak Alize Sagardui eta Enara Gaminde izango dituzte aurrean, unerik erabakigarrienera joko puntu onenean heldu den bikote gaztea.
Iaz, Bergarari eta Arrizabalagari azken orduan egin zien ihes txapelak, Enara Gaminderen eta Mirian Arraizaren aurka finala galdu zuten eta, eta aurten ez dute aukera berriz galdu nahi. Gaur Astelenan egin duten aurkezpenean bergararraren bikotekide Arrizabalagak esan du gogo handiz prestatzen duen txapelketa dela, "Urteko lehen helburua da eta azken urteetan nahiko ondo ibili naiz, oso gustura jokatzen dut binaka. Azken finaletan egon izana saria da niretzat eta egiten ari naizen lana ondo egiten ari naizela ikusteko modua. Motibazio handiarekin nago finalari begira eta seigarren txapela lortzen bada hobe, baina presiorik gabe", adierazi Arrizabalagak.
Gernikakoak eta Arrate Bergarak orain arte jokatutako partida guztiak irabazi dituzte, beraz, txapela irabaziz gero, txapelketa perfektua osatuko lukete. "Ligaxka ikusita, esan liteke gu faboritoagoak garela, baina nik ez nuke esango hain faboritoak garenik, Enara Gaminde egungo banakako eta binakako txapelduna da, urte bikaina egin zuen iaz eta Enara kantxan dagoen guztietan faboritotzat jo daiteke".
Elkar ezagutuz
Arrizabalagak eta Bergarak esperientzia eta elkar-ezagutza handia dute, entrenamendu eta prestakuntza ordu asko elkarbanatzen baitituzte. Sagarduik 14 urte besterik ez ditu, eta Gamindek hemeretzi. "Aurten debuta egin duen Alize pilotari oso gaztearekin jokatzea egokitu zait. Egia esan, hasieran pixka bat gehiago kostatu zitzaigun elkar ezagutzen ez genuelako, baina txapelketan zehar hobeto egon gara eta hobeto ulertzen joan gara kantxa barruan".
Finala irabaziz gero Debagoieneko ordezkariarendako, Arrate Bergararendako, bere lehen titulu nagusia litzateke, eta oso berezia izango litzateke hori Astelenan lortzea. Izan ere, txikitan aitarekin joaten zen frontoi horretara, eta maitasunez gogoratzen ditu ikusitako hirugarren partida horiek, Cecilio protagonista zela, nahiz eta bera Irujista izan. Garai hartan ezin zuen imajinatu ere egin urte batzuk geroago bera izango zela igande honetan fokuak bereganatuko zituena. "Finalera begira nahiko lasai nago, prestaketari dagokionez orain arte egin dudana egiten ari naiz, ezer oso desberdinik egin gabe prestaketa aldetik", adierazi du aspalditik Bergaran bizi den tuterarrak. "Azken urteotan antzeko egoerak bizi izan ditut, eta uste dut ikasi ere egin dudala, eta horrek konfiantza handiagoa ematen dit orain finalari aurre egiteko. Beti dago urduritasun puntu hori, eta eguna iristea eta dena ondo ateratzea nahi izatea, baina aldi berean, badakit orain arte egindako lan guztia baloratu behar dudala. Hilabete hauetan asko disfrutatu dut Olatzekin eta horretan jarraitu behar dut, gozatzen, eta, noski, txapela eramaten badugu, zerbait sinestezina izango litzateke".