Binakako finalera begira, Bergarak ez du "faborito etiketa" erabili nahi

Julen Murua Mesonero 2026ko martxoaren 13a

Bergara eta Arrizabalaga, Arrasateko Uarkape frontoian. Argazkia: Emakume Master Cup.

Sagardui-Gaminde bikotea izango dute aurkari martxoaren 22an, Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko den finalean.

Joan den domekan, hilak 8, lortu zuen Arrate Bergarak, Olatz Arrizabalaga bikotekide duela, eskuz binakako txapelketako finaleko txartela. Ruiz de Infante-Mendizabal bikoteari 22-14 irabazi arren, partidua "emaitzak erakusten duena baino gogorragoa" izan zela dio bergararrak.

Finala, hilaren 22an

Garaipenarekin, txapelketako finalerako sailkatu dira Arrizabalaga eta Bergara, eta aurrean izango dituzte Sagardui eta Gaminde –22-12 irabazi zioten Aldai-Arrillaga bikoteari–. Hala, partidurik galdu gabe jarraitzen dute gernikarrak eta bergararrak, baina azken horri ez zaio gustatzen "faboritoaren etiketa jartzea". "Egia da momentu onean gaudela. Partidu guztiak irabazi ditugu eta oso pozik gaude egindako txapelketarekin, baina badakigu nortzuk iritsi diren finalera. Ez dut faboritorik ikusten. Egia da Alizek [Sagardui] aurreneko finala izango duela, baina, era berean, badaki galduz gero beste aukera asko ere izango dituela; sekulako maila du".

Astelena pilotalekuan

Finalak beti izaten dira bereziak, baina martxoaren 22koa are bereziagoa izango da Bergararentzat, Eibarko Astelena pilotaleku historikoan jokatuko da eta. "Sekulakoa da finala Astelenan izatea. Etxetik gertu... Txiki-txikitatik joan izan naiz aitarekin, domeketan, Astelenara. Gogoratzen naiz hirugarren partiduak beti Ceciliok [Valgañon] jokatzen zituela, eta arratsalde guztia egoten ginen han haren partidua ikusteko. Nire frontoi gustukoenetakoa da, Labritekin [Iruñea] batera. Nire eskuz binakako lehenengo txapela Eibarren lortzea izugarria izango litzateke".

Barrocal, zapatuan

Maddi Barrocalek Ados pilotako binakako txapelketako partidua jokatuko du zapatuan, 17:30ean hasita, Bergarako frontoian. Barrocalek eta Perezek Iturriaga eta Orbegozo izango dituzte aurrean, eta sailkapeneko lehenengo bi postuak erabakiko dira. Aurretik, Oskoz-Arrastia eta Aranburu-Mendiburu bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Sarrera 5 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak