Hamar urteren ondoren, loratzen dihardu Bergarako emakume artisten erakusketak

Ibai Irasuegi Garai 2026ko martxoaren 13a

Bergarako emakume artistak, aurtengo erakusketaren hasiera ekitaldian. Argazkia: Goiena.

Bergarako emakume artisten Loraldia erakusketa ireki zuten joan den egubakoitzean Aroztegi aretoan. Hain zuzen ere, hamargarren edizioa da aurtengoa, eta 44 emakume artistaren lanak daude ikusgai, domeka honetara arte.

Herriko artistek egindako margolanez, zeramikazko lanez, eskulturez eta hamar urteetan egin dituzten erakusketen irudiak jasotzen dituen bideo bilduma batez osatuta dago. Aurtengoa, baina, "berezia" izan da herriko emakume artistentzat; izan ere, erakusketak hamar urte bete ditu.

Duela hamar urte egin zuten erakusketa lehenengoz; horrenbestez, urteurrenaren bueltan, Loraldia izena jarri diote. Justina Elexpuruk, Bergarako emakume artisten erakusketako koordinatzaileak, adierazi duenez, orain dela hamar urte egindako lehen erakusketa hark herriko emakume artistek elkarlanean jarduteko "hasiera" ekarri zuen, eta, horrenbestez, hamargarren urteurrena "loraldi bat" izan da haientzako.

Erakusketan parte hartu duen artistetako bat da Mariñe Jauregi ilustratzaile bergararra, eta, haren ustez, herrian horrelako ekimen indartsu bat egotea oso garrantzitsua da, "emakume sortzaileen lana ikusarazteko eta artea herritarrengana hurbiltzeko aukera ematen duelako".

Inoizko artista gehien

Bergarako emakume artisten erakusketak inoizko partaidetza handiena izan du aurten. Izan ere, bertan 44 emakume artistaren lanak daude, eta gero eta gehiago dira erakusketan parte hartzera animatzen diren emakumeak. "Urtez urte proiektuak indarra hartu duela ikusten da, eta aurten inoiz baino emakume gehiagoren parte-hartzea izateak erakusten du ekimenak benetako interesa eta komunitatea sortu dituela", dio Jauregik.

Alicia Garciak urteak daramatza Bergarako artisten erakusketan lanak aurkezten, eta urteetan partaidetzak gora egiteak eta erakusketa antolatzen jarraitzeak herria "artistikoki aktibatu" duela adierazi du: "Artisten eta lanen partaidetza oso handia izan da, eta hori seinale ona da. Izan ere, artista asko daude Bergaran, eta erakusketa egitea oso garrantzitsua da herriko sortzaileen lana babesteko".

Hainbat belaunaldi

Emakume artistez gain, aurtengo erakusketan Bearteko gaztetxoek lan bat egin dute Aroztegiko sarreran marraztutako loreekin. Lan horretan egin nahi izan du azpimarra Elexpuruk: batetik, belaunaldien arteko topagune bat sortzea eta gazteei beren lana erakusteko espazioa ematea lortu delako; eta, bestetik, horrelako ekimenak egiteak etorkizuna baduela esan nahi duelako: "80 bat neska-mutilek egindako lana da, eta lan horrek ere zerbait esan nahi du, etorkizuna eurena dela. Horrelako lanekin, pentsatzen dut ekimen hau ez dela sekula ere etengo".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak