Martxoak 8 (2026)

Bergarako Emakume Artisten 'Loraldia' erakusketa zabaldu dute Aroztegin

Ibai Irasuegi Garai 2026ko martxoaren 7a

Bergarako Emakume Artisten erakusketa ireki zuten atzo arratsaldean Aroztegi aretoan. Erakusketaren hamargarren edizioa da aurtengoa, eta 44 emakume artisten lanak ikusgai daude martxoaren 15era arte. Herriko artistek egindako margolanez, zeramikazko lanez, eskulturez eta hamar urteetan egin dituzten erakusketen irudiak jasotzen dituen bideo bilduma batez osatuta dago erakusketa.

Atzo arratsaldean ateak ireki zituen Aroztegi aretoak ikusmin handia piztu ohi duen herriko emakume artisten urteroko erakusketa aurkezteko. Aurtengoa, baina, "berezia" izan da herriko emakume artistentzat, izan ere, erakusketak hamar urte bete ditu. Aroztegi aretoa jendez bete zen irekiera ekitaldian, eta Bergarako Emakume artisten erakusketako koordinatzailea den Justina Elexpuruk hamar urteko ibilbidean zehar egindako lana azpimarratu zuen. Horrez gain, hasiera ekitaldia aprobetxatu zuen "berdintasunaren aldeko" aldarrikapena egiteko. 

Irekiera ekitaldiaren ondoren mokadutxo bat jateko aukera izan zuten Aroztegira bertaratutakoek, eta erakusketa osatzen duten margolanak, zeramikazko lanak, eskulturak eta bideo bilduma ere ikusteko aukera izan zuten; baita Elexpuruk azpimarratu duen Bearteko gaztetxoek Aroztegiko sarreran marraztutako loreekin egindako lana. "80 bat neska mutilek egindako lana da, eta lan hura azpimarratu nahiko nuke etorkizuna beraiena delako. Horrelako lanekin pentsatzen dut ekimen hau ez dela etengo".  

Loraldia du izena

Duela hamar urte zabaldu zen lehenengoz, eta aurtengoa hamargarren urteurrena izanda, Loraldia izena jarri diote. Izan ere, Elexpuruk adierazi duenez, "orain dela hamar urte egindako lehen erakusketa horrek herriko emakume artistek elkarlanean jarduteko hasiera suposatu zuen, eta nolabait esateko, hamargarren urteurren honek loraldi bat suposatu du guretzako".

Arantzazu Arregik, erakusketako parte hartzaileak, hamargarren urteurrenak haien lanari "bestelako" dimentsio bat ematen diola azpimarratu du: "Komunitate bat gara, emakume artisten kolektiboa, baina lan bakoitza, loreak bezala, kolorez, indarrez eta ahotsez betetako irekiera bat da". 

Martxoaren 15era arte

Martxoaren 15a izango da emakume artisten lanak ikusteko azken eguna, eta bien bitartean erakusketa bisitatzea posible izango da martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30etara; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30etara; eta domeketan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak