"Lehentasuna partaidetza politikoari ematen dion emakumea zigortu beharrekoa da, patriarkatuaren ustez"

Txomin Madina Milikua 2026ko martxoaren 10a

Olatz Dañobeitia 'Sorginak, putak, terroristak' liburuaren egilea

Haur Hezkuntzan diplomaduna eta Soziologian lizentziaduna, Ikasketa Feministak eta Generokoak doktoretza ere badu Olatz Dañobeitiak (Lekeitio, 1976). Jarrai-Haikako kide izateagatik atxilotua eta espetxeratua, hainbat argitalpen kaleratu ditu, euskal gatazkaren zenbait erpin begirada feministatik aztertuaz.

Puntua aldizkariaren 490. zenbakiko Elkarrizketa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Udazkenean kaleratu zuen Txalaparta argitaletxeak Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa liburua, Olatz Dañobeitia egileak Olaso dorrea Fundazioaren eskutik orain gutxi Bergaran aurkeztu duena.

Torturaren inguruan egin duzun azterketa feminista izateak zertan eragin du aurrez egin diren beste azterketekin alderatuta

Tortura politikoa teoria eta praktika feministak eskaintzen dituen tresnekin aztertu dut. Tresna horietako bat izan da botere harremanei, genero arteko botere harremanei erreparatzea. Prozesuei ere begiratu diet: pertsona talde batek zapalkuntza, indarkeria edo min bat bizi duenean egiten diren bideei buruz feminismoak izugarrizko esperientzia dauka. Injustizia eta inpunitate egoeretan, aitortzarik gabeko egoeretan ere erreparazioa lantzeko ikaspen asko ditu teoria eta praktika feministak. Azken finean, beste betaurreko batzuk erabili ditut. Orain arte, torturari indarkeria politikoaren betaurrekoetatik begiratu izan zaio, eta gure proposamena izan da begirada feministatik begiratzea; modu horretan, konturatu gara tortura politikoa indarkeria matxista ere badela. 

Liburua ez da zugandik abiatutakoa, egindako eskari baten emaitza baizik. 

Hori da. Nafarroako Torturatuen Sareko kide feminista batzuk Emagin-ekin jarri ziren harremanetan eta adierazi zioten ezinegon bat zutela, iruditzen zitzaiela emakumea eta tortura binomio horretan bazegoela zer aztertua. Nik aurretik espetxe politikoaren eta militantzia politikoaren inguruko doktore tesi bat eginda neukanez, Emaginek niri deitu zidan. Zer aztertu horretan zerrenda luze bat egin genuen, eta lehenetsi genuen tortura politikoa interpretatzeko beste begirada bat eraiki behar genuela, non sexu-indarkeriak ere barruan egongo ziren, aztertuak eta ulertuak izateko. Eta, beste alde batetik, erreparazioari ere begiratu nahi genion; eta, horren baitan, baita aitortzari ere. 

Egindako azterketa ez dago testigantzetan oinarritua; zelan egin duzue, bada?

Negazionismoarena deitzen diogun garai bat egon da herri honetan torturekin lotuta: torturarik egon izan denik ere ukatu egiten zen. Gauzak horrela, urte haietan guztietan testigantzak indarkeriaren kontakizunean zentratu izan dira; hau da, Espainiako Estatuko hiru indar polizialen aldetik erabilitako teknika multzoan. Gaur egun, baina, Interneten, liburuetan.... testigantza pila bat daude, eta iruditzen zitzaigun pertsona torturatuoi beste gai batzuen inguruan galdetu behar zaigula: ze iritzi eta bizipen dugun tortura osteko prozesuaz; berregite prozesuen inguruan zer behar dugun edo zein kezka ditugun... Horregatik erabaki genuen ez izatea testigantza-liburu bat. Baina, aldi berean, tortura politikoa bizi izan ez duen jende gazteari begira bai sentitzen genuen memoria egiteko ardura bat ere. Gauzak horrela, testigantza eta bizipen pila baten oinarritutako kontaketa fikzionatu bat egiten da liburuan, zein paisaia politikotan bizi ginen erakusten duena. Gainera, arreta ez genuen torturatutako gorputzetan bakarrik jarri nahi, eta horren helburua izan da erakustea herri honetan zientoka pertsona egon izan direla torturaren beldurrarekin, mehatxuarekin bizitzen, eta horrek hainbat ondorio ekarri dituela: partaidetza soziopolitikoa uztea; haien bizitokitik joatea; osasun arazoak... Azken finean, torturak komunitate oso batengan eragiten du; komunitate baten ehundurak apurtzea du helburu. Arreta pertsona torturatuengan eta atxilotuta egondako bost edo hamar egunetan bizitako izugarrikerian bakarrik jartzetik harago joan nahi izan dugu. Ez testigantza horiek isiltzeko edo ezkutatzeko, egun haietako krudelkeria noiz, nola, nori, zergatik.... kontatu hausnartzeko baizik. Izan ere, mugimendu feministak oso landuta duen gai bat da pertsona batek jasandako indarkeria hainbat instantziaan behin eta berriz kontatu beharrak birbiktimizazioa dakarrela; eta hori indarkeria eragiteko beste modu bat da.

Zu zeu atxilotua eta espetxeratua izandakoa zarela kontuan hartuta, zenbat lagundu dizu azterketa egin izanak?

Asko. Ezin dut ukatu azterketa ezinegon pertsonal batetik ere badatorrela, nik neuk ere behar nuela hainbat bizipen ulertu. Eta esan behar dut ikerketa-prozesuak eta horren baitan egindako eztabaida-prozesuek lagundu didatela, bai erantzunak bilatzen eta baita galdera berriak egiten ere. Beste alde batetik, antolatzeak, elkarlanean aritzeak, partekatzeak... beti dakar botere kolektiboa zein norbanakoaren boterea eraikitzea. Askotan kritikatu izan da torturometroa: gure iruditerian tortura edo biolentzia mota batzuk nabarmendu ditugu, eta- beste batzuk ikusezinagoak edo identifikatzeko zailagoak direnez edo sozialki duten pisua eman ez diegunez, horiek jasan dituztenak, nolabait ere, ez dira legitimatuta egon minduak sentitzera. Askotan gertatzen da hori indarkeria matxistarekin. Liburuan alde psikologikoa ere landu dugu, eta psikologoek ere esaten dute ez direla pertsona baten kontra erabilitako teknikak bakarrik aintzat hartu behar, bizitakoa integratzeko pertsona horrek duen testuinguru biografiko, pertsonal, psikologiko, politikoari... ere erreparatu behar zaiola; horren araberakoa izango da pertsona horren traumaren eta zauriaren dimentsioa. Gure herrian arreta beti indarkeriaren tamainan eta horren nolakotasunean jarri dugu, baina ondorioen ikuspegia ere kontuan hartu behar da. Asko dakigu 36ko gerran gure aitonek bizitakoen inguruan, baina ez dizkigute kontatu gure amonek bizitakoak; emakumeen bizipenei, oro har, beti garrantzia kentzen zaie, eta torturaren kasuan ere gauza bera gertatzen da. Niri horretan ere lagundu dit liburuak, eta amaieran esaten dut niri ere kosta egin zaidala nik bizitakoa tortura bezala identifikatzea; badakit, gainera, asko daudela egoera berean.

Dañobeitia, ezkerrean, Bergaran egindako aurkezpenean. (Olaso Dorrea Fundazioa)

 

Ze ezaugarri ditu tortura politikoaren barruan kokatutako indarkeria matxistak?

Ez da erantzuteko galdera erraza. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, tortura politikoa da funtzionario publiko baten aldetik nahita eragindako mina. Baina beste definizio batzuk ere badaude; Inazio Mendiola soziologoak, adibidez, esaten du tortura dela bizitzeko aukera ukatu, ebatsi, kendu baina, aldi berean, hiltzen ez zaituztenean gertatzen dena. Eta guk horri jarraitu diogu. Beste indarkeria matxista mota batzuekin alderatuta, tortura politikoaren barruan kokatzen den indarkeria matxistaren ezaugarriak lortu gura dituen helburuak dira; guk, behintzat, hor jarri dugu arreta. Eta helburuei dagokienez, izango litzateke emakumeak partaidetza soziopolitikotik aldentzea. Hau da, mugimendu feministak nazioarte mailan eta Euskal Herrian lortu dituen garaipen horiek moztea, blokeatzea, txikitzea eta, ahal bada, atzera egitea. Emakume izateko modu patriarkalagoen mesedetan aritzea. Praktika aldetik indarkeria mota horrek bere alde fisikoa, psikologikoa eta sexuala dauzka, beste indarkeria matxista guztiek bezala. Hori, indarkeria zuzenaz hitz egiten badugu. Izan ere, badago indarkeria sinboliko eta estrukturala. Era berean, torturak duen beste ezaugarri bat da dominazio egoera erabatekoa dela; horrek beste indarkerietatik ezberdintzen du. 

Torturak nola eragin die jasan duten emakumeei? Badago alderik tortura jasan duten emakumeen eta gizonen artean?

Gizonak eta emakumeak ezberdin eraiki gaituzte, eta horrek esan nahi du, batetik, aplikatutako teknikak eta teknika horien helburuak ezberdinak izan direla emakumezkoen eta gizonezkoen kasuan; eta, bestetik, ezberdin biziko ditugula. Sozialki berdin dago ikusita emakume bati ezarri dakiokeen indarkeria sexuala eta gizon bati ezarri dakiokeena? Generoaren arabera gutako bakoitzak zaurgarritasunarekin duen harremana berdina da? Horrelakoetan ikusten dira ezberdintasunak. Baina helburuak ere ezberdinak direlako. Liburua egiten ikusi duguna izan da torturarekin bilatu izan dena generoa berregitea izan dela; eta, horretarako, feminitate eta maskulinitate ereduekin jostatu dira, bertatik zauritzeko eta eredu nagusiak berrindartzeko. Emakumeei eragin zaien tortura patriarkatuaren arabera ama, alaba, zaintzaile ona ez izatea zigortzeko erabili izan da; izan ere, lehentasuna partaidetza politikoari eman dion emakumea zigortu beharreko emakumea da, patriarkatuaren ustez. 

Erreparazioa indibiduala bezain kolektiboa izan behar dela azpimarratzen duzu liburuan.

Psikologoek eurek ere horixe esaten dute. Guk liburuan ere esaten dugu badagoela dimentsio intimo edo pertsonal bat eta beste bat soziala eta kolektiboa. Eta batak besteari eragiten dio. Torturaren ondorioak ez dira terapia psikologikoarekin soilik gainditzen. Terapiak trauma landu dezake, baina hori ez da aitortza edo erreparazioa; izan ere, gure kezka da jendeak pentsatzea torturaren ondorioak psikologikoak bakarrik direla. Hori eginda, gizarteari daukan ardura kentzen zaio, eta aitortza prozesu bat ere behar dugu erreparazioa gauzatzeko, hobeto bizitzeko, subjektu moduan gure osotasuna berreraikitzeko. Eta hori euskal gizarteak eskaini behar digu. Baina beste muturrak ere kezka sortzen digu: pentsatzea aitortza soziopolitikoarekin nahikoa dela eta zauria lantzeko ez dugula profesionalen beharrik.

Duela pare bat urte, Tortura Arrasaten genero ikuspegitik liburua kaleratu zuten Iñaki Barrutiak, Nekane Ayensak eta Juan Ramon Garaik. Orain aste gutxi, Tortura feminismotik erreparatu izeneko jardunaldia egin zen Donostian. Gaiaz gero eta gehiago hitz egiten dela uste duzu?

Gu genealogia bat biltzen saiatu gara liburuan. Emakume eta gizon askok salatu dute egoera; mugimendu feministak tarteka salatu egin du, eta tarteka bizkarra eman dio; beste feminista batzuek lanketa teorikoak egin dituzte... Kontua da ea gure gizartea entzuten egon den esaten ari ginen hori. Eta gaur egun ere gure gogoetek ikusgarritasun handiagoa izan dezaten saiatzen ari gara, baina ikusi egin beharko da gizartea entzuten ari den esaten ari garena edo nola ulertu eta interpretatzen duen hori.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak