Bilbao Exhibition Centren egiten dabiltzan Nazioarteko Makina-Erremintaren Bienalaren (BIEMH) azken eguna da gaur. Azokaren amaiera borobiltzeko, BIEMH Berrikuntza Sarien 16. edizioaren sari-banaketa ekitaldia egin dute goizean. Manufacturing aurreratuko inguruneetako automatizazioaren kategorian Bergarako Soraluce enpresa izan da irabazlea, bere Automatizazio Adimenduneko Soluzioengatik. Soraluceko Berrikuntza eta Garapeneko zuzendari orokor Xabier Mendizabalek jaso du saria, AFM Clusterreko zuzendari orokor Xabier Ortuetaren eskutik.
Beazek, Bic Gipuzkoak, CDTIk, Eidek, Ergogroupek, Ihobek, Mondragon Unibertsitateak, Osalanek, Sprik, Tecnun-Universidad de Navarrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak osatu dute sarietako epaimahaia, eta Soraluceren proposamenaren hainbat ezaugarri nabarmendu dituzte: berrikuntza teknologiko handia, dimentsio handiko piezen mekanizazioaren automatizazioan ekarpen bereizgarria egitea eta digitalizazioa, produktibitatea, segurtasuna zein jasangarritasuna integratzeko duen gaitasuna.
Soraluceren arabera, saritua izan den Soluzio Automatizatu Adimendunak "produktibitatea maximizatzeko eta fabrikazio prozesu osoan denbora ez-produktiboak murrizteko" diseinaturik daude, "makina, paletizazioa, prozesua, automatizazioa, tresnen kudeaketa eta softwarea ekosistema bakar batean integratuz". Honek, ekipo erdi-automatizatuak zein erabat autonomoak diren FMS zelulak konfiguratzeko aukera ematen du.
Ibarmiak eta Zayer (makina-erremintak, osagaiak, osagarriak eta tresnen kategorian), Sicnova (fabrikazio gehigarriaren eta 3D inprimaketaren kategorian), Lantek (digitalizazioaren kategorian) eta Intermaher (inportatzaile batek aurkeztutako erakusketa-proposamen berritzaileenaren kategorian) izan dira sarietako gainontzeko irabazleak.