Debagoieneko enpresak ere izan dira Makina-Erremintaren Azokan, BECen

Gontzal Belategi Zubia 2026ko martxoaren 6a

Bergarako Soraluce enpresak BIEMHn duen postua. (Argazkia: Soraluce)

Bailarako sei enpresa izan dira berrikuntzak aurkezten azokaren 33. aldian. Osotara, 1.503 erakusketari eta 3.350 produktutik gora izan dira aurtengo azokan. 

Gaur, egubakoitza, amaituko da Bilbao Exhibition Centren egiten dabiltzan Nazioarteko Makina-Erremintaren Bienala (BIEMH). Martxoaren 2an hasi zen azokaren 33. edizioa, Carpe BIEMH lelopean, eta 1.503 erakusketari eta 3.350 produktutik gora izan dira bertan. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen gisa horretako azoka garrantzitsuena da BIEMH, eta Debagoieneko enpresek ez dute hutsik egin. Aurrelan (Aretxabaleta), Tecnosystem (Bergara), Orbik Cybersecurity (Arrasate) Pick to Light System (Oñati), Fagor Automation (Oñati) eta Soraluce (Bergara) izan dira azokan, euren berrikuntzak aurkezten.

Erakusleiho garrantzitsua

1961ean jaio zen azoka, eta, geroztik, euskal industriaren garrantzia azpimarratzen duen ekitaldi bilakatu da. "Bilboko azoka oso garrantzitsua da, eta aukera bat industriak Euskal Herrian duen garrantzia ikusteko, bizitzeko eta sentitzeko. Alde horretatik, zeresan handiko ekitaldi bilakatu da, eta duen garrantzia ematen jarraitu behar dugu", azaldu du Soraluceko zuzendari kudeatzaile Rafa Idigorasek.

Aurten, gainera, antolatzaileek inoiz baino gehiago begiratu dute nazioartera, eta 70 herrialde baino gehiagoko ordezkariak izango dira bertan; esaterako, Alemaniako, Txinako, Indiako eta Japoniako ordezkariak. Horren harira, euren produktu eta berrikuntzak munduari erakusteko eta ikusgarritasuna lortzeko asmoz bertaratu dira Debagoieneko enpresak. "Enpresari ikusgarritasuna emateko asmotan etorri gara, hemen bezero asko daude, eta etorkizunera begira potentzialtasun handia duten bezeroak aurkitu ditzakegu bertan", azaldu du Orbik Cybersecurityko komunikazio arduradun Lucia Meruelok.

Antzerako helburuekin bertaratu da Soraluce aurtengo azokara: "Garatu ditugun produktu eta teknologiak aurkeztea izaten da helburua beti". Askotariko produktuak aurkeztu dituzte; tartean, FLP80 fresatzeko eta mandrinatzeko makina eta Soluzio Automatizatu Adimendunak. Horrez gain, Soralucek sektore aeroespazialari eskainitako espazio bat ere izan du.

Berrikuntzak erakusteaz gain, azoka harremanak sendotzeko aukera ona dela azaldu du Idigorasek: "Bestalde, harremanak sendotzeko aukera ona izaten da azoka, komertzialekin, bezeroekin zein instituzioekin. Astebetez bertan egotea aukera polita da pertsona eta enpresa askorekin elkartzeko".

Balorazio positiboa

Duela hiru urte sortu zenez, lehen aldiz joan da Orbik Cybersecurity BIEMHra, eta aurreneko kontaktu horren balorazio positiboa egin dute: "Ondo joan da. Egia da lehen bi egunak geldi samarrak izan direla, baina hori pabiloiaren kontua izan delakoan gaude. Seigarrenean gaude, eta hasieratan normala da jendea honaino ez heltzea. Hala ere, asteazkenetik aurrera jende gehiago etorri da, eta ontzat ematen dugu". Esperientzia horren ostean ez dute baztertzen beste edizioren batean ere bertaratzea.

Idigorasek ere azokan izandako parte hartzearen balorazio positiboa egiten du: "Gure aldetik, gutxienez, balorazioa positiboa da. Duela bi urteko azokarekin konparatuta bisitari gehiago jaso ditugula ikusten dugu. Astearte, asteazken eta ostegunean jende asko ibili zen, eta gure komertzialak oso lanpetuta ibili dira".

Ziurgabetasuna nazioartean

Nazioartean bizi den ziurgabetasun egoerak eragin zuzena du euskal industrian. Hainbat enpresek kezka adierazi dute, esaterako, Ekialde Hurbilean bizi den gerraren inguruan, lurralde haiek euskal industriaren esportazioen zazpigarren helmuga garrantzitsuena dira eta.

Hala ere, Orbik Cybersecurityk eta Soralucek azaldu dutenez, horrek ez die zuzenean eragiten. "Enpresei Europako araudia betetzen laguntzen diegu, eta Europan salduko diren makinei begira gabiltza; beraz, guregan ez du eragin zuzenik", dio Meruelok. Soralucerentzat ere Ekialde Hurbila ez da merkatu garrantzitsua: "Izan ditugu salmenta batzuk, eta proiekturen bat badugu esku artean, baina ez digu askorik eragingo". Hala ere, gerraren zeharkako ondorioengatik kezka erakutsi du Idigorasek: "Epe eta kostuetan eragingo duela ikusten dugu, eta dagoeneko nabaritzen hasiak gara. Epeak luzatzen dabiltza, eta garraio kostuak igotzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak