Xare Alvarez eskultorearen obra jasoko du Miguel Castellsek Monzon Ganuza sari-banaketan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 2a

Xare Alvarez. (Argazkia: M.G.).

Martxoaren 10ean, 18:30ean, Seminarixoan jasoko du Monzon Ganuza saria Miguel Castells abokatu historikoak, eta aurtengo edizioan Xare Alvarezek (Donostia, 1990) egindako "uhin formako eskultura organiko" bat izango da oroigarria.

Monzon Ganuza Saria "sinbolikoa" izaten da Olaso Dorrea Fundaziotik adierazi dutenez. Urtero artista berri bati eskaini ohi zaio saria diseinatzeko aukera, eta aurtengoan Xare Alvarez izan da hautatua. Eskultore donostiarraren ibilbide sendoa, hizkuntza plastiko propioa eta formaren eta materialaren inguruko ikerketa etengabea izan dira epaimahaiaren erabakiaren arrazoi nagusiak.

Olaso Dorrea Fundaziotik nabarmendu dute, "lengoaia abstraktua eta forma organikoen" sintaxia erabiltzen dituela: "Sintaxi horiek materialen eta eraldaketa-aukeren arteko elkarreraginean oinarrituta ezartzen dute beren logika berezia, afektuei lotutako elkartze-modu batean, prozesu dimentsiotik abiatuta garatutako poetika bat iradokiz".

Garaikurraren xehetasunak

Aurtengo sarirako proposatutako pieza uhin formako eskultura organiko bat da, ehunduraren eta mugimenduaren arteko elkarreraginaren emaitza. Azaldu dute, lanak "hormatik irteten den elementu bizidun baten" itxura duela: bi tolestura nagusitan antolatutako forma dinamikoa, mugimenduan gelditutako ehun baten antza eta barrurantz doan hutsune bat, ikuslearen begirada erakartzen duena.

Xare Alvarezek eginiko garaikurra bi perspektibetatik.

Artistaren ibilbide profesionala

Xare Alvarez Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta École Nationale Supérieure des Beaux Arts-en (Paris), eta lanak nazioarteko eta estatuko instituzio esanguratsuetan erakutsi du, hala nola, Pauko Bel Ordinaire, Frantziako CAC La Synagogue de Delme, Donostiako San Telmo Museoa,  Bilboko Galeria La Taller, Madrilgo Tabakalera, Bilboko Guggenheim Museoa edota Bilboko Azkuna Zentroan.

Sariak eta aintzatespenak ere jaso ditu: Ourenseko Diputazioaren Arte Plastikoen Lehen Saria, INJUVEren laguntza, Gipuzkoako Foru Aldunaren Sorkuntza Astistikoaren Egile Sariak eta Eusko Jaurlaritzaren arte plastikoetako hainbat dirulaguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak