Tenplua interes historiko-artistikoko ondasun gisa katalogatuta dago, Bergarako Hirigune Historikoko Monumentu Multzoaren barruan. XVI. mendeko erretaula errenazentista monumentu kategoriaren babespean dago, eta indarrean den dekretuak ezarritako irizpideei jarraituz egiten ari dira lanak.
Segurtasuna eta kontserbazioa, lehentasun
Lehen fase honetan, segurtasuna eta kontserbazioa lehenetsi dira. Besteak beste, honako jarduketak egin dira: berehalako apeoa, desmuntatze kontrolatua, 3D dokumentazioa, egiturazko azterlanak eta tratamendu espezializatuak.
Erretaula gaur egun desmuntatuta eta erakustoki egokitu batean dago. Desmuntatze lanak Bittor Etxeberria arotz-maisuak egin ditu, armatzeko antzinako arotzeria teknikak erabiliz eta arreta bereziz, egituraren egoera patologikoa kontuan hartuta.
Aldi berean, Artez Restauración enpresako taldea desmuntaketan egindako proben emaitzak aztertzen ari da, Gordailua - Gipuzkoako Ondasun Higigarrien Ondare Bildumen Zentroko teknikariekin koordinatuta. Erakusketa espazioaren baldintzak ere indartu dira, erretaularen atalak segurtasunez eta kontserbazio egoera egokian gordetzeko.
Erretaularen tokian, 10x6 metroko oihal bat jarri da, kalitate handian inprimatutako irudiarekin, dibulgazio helburuarekin eta monumentu multzoaren ikusgarritasuna bermatzeko lanek irauten duten bitartean.
Xilofagoen aurkako tratamendua, hurrengo pausoa
Hurrengo mugarria udaberri bukaeran aurreikusi da, xilofagoen aurkako tratamendua aplikatuko denean. Xilofagoak zelulosaz elikatzen diren organismoak dira, hala nola termitak, pipiak eta zuraren liztorrak, eta kalte larriak eragin ditzakete egituretan eta altzarietan. Tratamendua eraginkorra izan dadin, tenpluaren barruko tenperatura 20 gradu ingurukoa izatea komeni da.
Tratamenduaren ondoren, ondare irizpideen arabera erretaula zaharberritzeko beharrezko dokumentazioa eta plangintza teknikoa osatzen jarraituko da.
250.405 euroko inbertsioa
Esku-hartzearen aurrekontua 250.405 eurokoa da, eta lanak Zetabi Arkitektura Bulegoak egingo ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak 100.000 euroko ekarpena egin du Erlijio Ondarea Zaindu eta Zaharberritzeko lerroaren bidez; Eusko Jaurlaritzak, berriz, 150.405 euro jarriko ditu Euskal Kultura Ondarea balioztatu eta zabaltzeko programaren bidez.
Gaur goizean, Kulturako diputatu Goizane Álvarezek erretaula ikusi du, eta jarduera lehentasunezkoa dela nabarmendu du erakundeentzat. Azpimarratu du ondarea "memoria kolektiboa eta herritarren eskubide kulturala" dela, eta babestutako ondasun bat arriskuan dagoenean erakundeek berehala eta zorrotz erantzun behar dutela, segurtasuna, ezagutza teknikoa eta balio soziala errespetatuz.
Ondare babesa duen erretaula errenazentista
Ariznoako San Pedroren erretaula nagusia (1546–1548) zur polikromatuzkoa eta formatu handikoa da. Pasioan oinarritutako programa ikonografikoa du, eta lau ebanjelistak ageri dira bankuan. Juan de Ayala II.ari egotzi izan zaio egitura, eta polikromia Juan de Andari. Erretaula nagusia eta San Migelen poliptikoa Kultura Ondasun, monumentu, gisa sailkatuta daude, eta nahitaez bete beharreko babes araubidea dute.