Ndank Ndank elkarteak helarazitako mezuan, eskerrak eman dizkie herritarrei familiaren izenean, egun hauetan erakutsitako babesagatik eta elkartasunagatik. Gorpua aberriratzeko diru-bilketa jarri zuen martxan Ndank Ndank-ek eta 25.300 euro batu dituzte: "Benetan izugarria da jasotako laguntza. Norbanako eta elkarte guztioi, eskerrik asko. Ousmanek lan egiten zuen enpresak ere ekarpen ekonomikoa egin du, eta istripu eguneko garraioaz arduratu zen Bergarako Oroilore funerariak ere bere elkartasuna erakutsi du; bere zerbitzua ez du kobratu. Eskertzekoa da benetan jasotako laguntza guztia".
Aurreratu dutenez, Donostiako beilatokiko gastuak oraindik zehaztu gabe daude, eta egun hauetako gastuei aurre egiteko diru kopuru bat bidali diete familiari. Gainerako diruaren kudeaketa familiarekin adostuko dutela zehaztu dute. Ndank Ndank-ko presidente Mamadou Sarr datorren hilabete amaieran familiarekin elkartuko da Senegalen hurrengo urratsak elkarrekin zehazteko.