Gaur egingo diote azken agurra Bergaran autoak harrapatuta hil zen gizonezkoari

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 6a

Ezbeharra gertatu zen lekua.

Bergaran bizi zen 38 urteko gizonezko senegaldarra hil zen martitzen goizean Labegaraietako istripuan, eta gaur egingo diote azken agurra 15:00etan, Bergarako meskitan. Ndank Ndank elkarteak gorpua aberriratzeko diru-bilketa jarri du martxan, eta dagoeneko 6.000 euro pasa jaso dituzte. Bestalde, LABek deituta elkarretaratzea egingo dute gaur 17:30ean, Labegaraietako kiroldegi aurrean.

Gaur arratsaldeko hiruretan Bergarako mezkitan emango diote azken agurra, martitzenean Labegaraietan autoak harrapatuta hil zen 38 urteko gizonezko senegaldarrari. Gorpua aberriratzea da familiaren asmoa, eta hari laguntzeko asmoz senegaldar komunitateak eta euskaldunek osatutako Bergarako Ndank Ndank elkarteak diru-bilketa jarri zuen martxan atzo, eta dagoeneko, 6.000 euro pasatxo jaso dituztela adierazi dute elkartetik: "Oso hunkigarria da jendearen elkartasuna. Oraindik ez dakigu gastuak zenbaterainokoak izango diren. Aberriratzeak irauten duenaren arabera, gora edo behera egingo du, baina uste dugu aurre egingo diogula". Aurreratu dute aberriratzearen kostuak baino diru gehiago batzen badute, diru kopuru hori hildakoaren Senegalgo familiari bideratuko dietela.

Rural Kutxako ES86 3008 0169 5224 5922 8025 kontu korrontean egin daiteke dohaintza Ousmane jarrita kontzeptuan. Bi telefono zenbaki ere jarri dituzte harremanetarako: 636 16 30 10 eta 656 18 34 42.

Elkarretaratzea gaur

LAB sindikatuak harrapaketa lanera joan bitartean gertatutako istripua, in itinere, izan zela salatu zuen, eta gaur arratsalderako elkarretaratzea deitu du, 17:30ean Labegaraietako kiroldegi aurrean. Biktimak AGT Arrasateko garbiketa enpresan egiten zuen lan, eta lanera joateko autobus geltokira zihoala gertatu zen ezbeharra, LABek jakinarazi duenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak