Autoak harrapatuta hildako gizonezkoaren gorpua aberriratzeko diru-bilketa jarri du martxan Ndank Ndank elkarteak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 5a

Ezbeharra gertatu zen lekua.

Bergaran bizi zen 38 urteko gizonezko senegaldarra hil zen martitzen goizean Labegaraietako istripuan. Gorpua aberriratzeko asmoa du familiak eta Ndank Ndank elkarteak diru-bilketa jarri du martxan familiari elkartasuna adierazteko. Bestalde, bihar, egubakoitza, elkarretaratzea egingo dute 17:30ean, Labegaraieta kiroldegi aurrean.

Martitzenean gertatu zen harrapaketa, goizeko zazpietan, Ibarra kalean, Labegaraietan eta Bergaran bizi zen 38 urteko gizonezko senegaldarra da hildakoa. Anbulantzia joan zen istripua izandako lekura, eta tokian bertan saiatu ziren oinezkoa suspertzen, baina ezin izan zuten ezer egin. Lekukoen arabera, 13:30ak aldera altxatu zuten hilotza. LAB sindikatuak salatu du, in itinere, lanera joan bitartean gertatutako harrapaketa izan zela. Biktimak AGT Arrasateko garbiketa enpresan egiten zuen lan, eta lanera joateko autobus geltokira zihoala gertatu zen ezbeharra, LABek jakinarazi duenez.

Diru-bilketa abian

Gorpua aberriratzea da familiaren nahia. Hori horrela, senegaldar komunitateak eta euskaldunek osatutako Bergarako Ndank Ndank elkarteak diru-bilketa jarri du martxan familiari elkartasuna adierazteko asmoz. Donazioa Rural Kutxan egin daiteke ES86 3008 0169 5224 5922 8025 kontu korrontean.

'In itinere' istripua

LAB sindikatuak jakinarazi du harrapaketa lanera joan bitartean gertatutako istripua izan zela, eta 2026an bost lan-istripu izan direla Euskal Herrian, in itinere zein lantokian. Azpimarratu dute heriotza horiek ez direla gertakari isolatuak: "Gertaera hilgarriak aldi labur batean metatzeak agerian uzten du hutsuneak daudela prebentzioan, ibilbide seguruen plangintzan, ordutegien malgutasunean edo zerbitzu publikoen neurrietan". 

Gehitu dute laneko arriskuen prebentzioak "esplizituki" jaso behar duela laneko joan-etorrietako segurtasuna prebentzioaren kudeaketaren funtsezko zati gisa enpresa guztietan, eta lantokietarako ohiko sarbide eta ibilbideetan mugikortasun seguruko neurriak ezarri: "Enpresek lan-osasuneko planen barruan integratu behar dute joan-etorrien prebentzioa, eta langileentzat trafiko eta mugikortasun arriskuak minimizatzeko protokoloak hartu behar dituzte".

LABek nabarmerndu du in itinere istripuak enpresa prebentzioko betebeharren barruan daudela onartuta, eta laneko segurtasunaren esparruan sartzen direla, araudiari eta arriskuen ebaluazioari dagokionez. Era berean, azaldu dute agerian geratu dela premiazkoa dela ikuskapen eta prebentzio politikak berrikustea eta indartzea; baita baliabide nahikoa bermatzea ere. Datozen orduetan antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko dei egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak