Azken urteetako ibilbiderik gogorrena aurkeztu du Itzulia Basque Country-k 2026ko ediziorako; 3.000 metroko desnibel metatuaren bueltan dabiltzan bost etapa izango baitira. Jakina zen aurtengo etapa erabakigarria Antzuolako Goizperretik hasi eta Bergaran amaituko dela,–bidean, Gorla, Azkarate eta Asentzio mendateak birritan igo ostean– baina beste bost etapen ibilbidea argitzeke zegoen oraindik.
Bilbon erlojupekoa
Bilbon hasiko da Itzulia; azken urteetako joerari jarraituz, erlojupekoa egingo dute Euskal Herriko hirietako batean. 13,9 kilometro izango ditu erlojupekoak eta 2021ean pandemiarengatik ikus-entzulerik gabe egin behar izan zen erlojupekoa berreskuratuko dute–Primoz Roglic esloveniarra nagusitu zen orduko hartan–. Erlojupekoak ez du Itzuliaren garailea erabakiko, baina lehen aukeraketa bat egiteko balioko du.
Aralar, lehenengo azterketa
Bilbotik Iruñeara joango da Itzulia Basque Country. Mendukiloko Kobazuloetan amaituko den lasterketan, Aralarko San Migel mendatea igo beharko dute; edizioko mendate gogorrena eta indarrak nola dauden neurtuko dituena. Bizkaira bueltatuz, Basaurin hasi eta amaituko da hirugarren etapa; irabazteko askorik ez, baina galtzeko asko duen etapa izango da Basaurikoa.
Eibarren ohiko ibilbidea
Laugarren etapa Galdakaon jokatuko da eta zazpi mendate puntuagarri izango ditu, tartean, Vivero mendate ezaguna, birritan igoko dena. Gipuzkoara etorrita, Eibarreko urteroko etapak ez du hutsik egingo, baina aurtengoan, ordea, ez da azken etapa erabakigarria izango; egun bat aurretik jokatuko da. Hau ere etapa gogorra izango da, zortzi mendate puntuagarrirekin, horien artean: Azurki, Krabelin eta Izua.

Del Toro, Ayuso eta Roglic
Oraindik parte hartuko duten txirrindularien zerrenda ofiziala argitzera eman ez bada ere, askok dute Itzulia euren egutegian. Hiru izen dira nabarmentzekoak: Isaac Del Toro –iaz Italiako Giroan bigarren gelditu zen mexikarra, Juan Ayuso –2024ko irabazlea–, eta Primoz Roglic –Itzulia birritan irabazi duen txirrindularia–. Hala ere, garaipenaren lehian egon daitezkeen beste hainbatek ere eman dute euren presentziaren berri, hala nola; Paul Seixas, Mattias Skelmose, Tobias Halland Johannessen, Matthew Riccitello, Cian Uijtdebroeks edo Antonio Tiberi Itzuliko pelotoian izango dira ondo bidean. Euskaldunen artean ostera, Mikel Landa, Igor Arrieta edo Ion Izagirre dira izen aipagarrienak.