Bertako basoak berreskuratzeko landaketa egin dute Askatsun eta Askatsugainen

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko otsailaren 8a

Bertako basoak berreskuratzeko eta naturari laguntzeko helburuarekin, Kukubaso elkarteak antolatuta, bertako zuhaitzak landatu dituzte gaur goizean Askatsu eta Askatsugain aldean; guztira 99 ale. 

Bertako basoak berreskuratzeko asmoz, zuhaitz landaketa egin dute gaur goizean, eguraldia lagun izan ez den arren, hainbat herritar batu dira ekintzara. Askatsuko iztingaren inguruan guztira 77 ale landatu dituzte, lursailaren ezaugarriak kontuan hartuta bertan berez sortuko liratekeen espezieekin: gaztainondoa, gorostia eta haritza, besteak beste. Bestalde, Askatsugain aldean aurrez egindako landaketa osatzeko aprobetxatu dute gaurko jardunaldia, eta beste 22 gaztainondo landatu dituzte bertan. Goizari amaiera borobila emateko, San Martineko kantina ireki dute, eta parte-hartzaileek mokadu bat jateko eta elkarrekin egoteko tartea izan dute, giro onean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, naturak bere kabuz egiten du bidea, baina prozesu hori azkartzeko laguntza eman nahi diote, gizakiaren esku-hartzeak sortutako eraginari nolabait buelta emanez. Helburu horrekin, urtean zehar hainbat landaketa eta zaintza lan egiten dituzte; gaurkoa aurtengo bigarren landaketa izan da, izan ere, denboraldi bakoitzean bi jardunaldi antolatzen dituzte normalean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak