Gaur-gaurkoz, bost kidek osatzen dute taldea –PaxkalIrigoyen, gitarra, mandolina, teklak eta ahotsa; Julen Etxeberri, bateria; Allande Etxeberri, baxua; Paul Covreur, gitarra eta mandolina; eta Uxue Olaziregi, gitarra akustikoa–, eta Euskal Herrian oihartzuna hartzen ari da baxenabartarraren proiektua.
Zer dela eta Xak?
Ezizen batekin ibili nahi nuen, eta hortik sortu zen Xak. Hala, kantu batzuk grabatu nituen proiektuari forma emateko; nik idatzita. Kantu batzuk sortuta, Julen eta Allanderekin beste kolore bat eman genion proiektuari, eta diskoa atera genuen iazko maiatzean.
Nola definituko zenuke diskoa?
Pop-folka egiten dugu. Horren harmonian aritzen den zerbait da Xak. Sei kantuk osatzen dute, eta nahiko disko laburra da. Hori bai, atzetik lan handia izan du, eta hainbat kantuk diskotik kanpo gelditu behar izan dute. Izan ere, lanak koherentzia izatea nahi nuen, eta, horretarako, diskoa osatzen duten sei kantu horiek aukeratu nituen, eta beste hainbat kantu baztertu.
Zer erakutsi nahi izan duzu diskoko kantuetan?
Kantu zaharrenak baditu bost edo sei urte, eta berriena grabatzeko unean idatzi nuen. Urteetan zehar idatzitako kantuak izan dira. Haietan, etxetik aterata, eta baita etxean ere, ikusten ez diren paisaiak kontatu nahi izan ditut, eta saiatu naiz abestien giroa nire sorlekuan kokatzen, Nafarroa Beherean.
"Euskal Herrian, Iparraldearen eta Hegoaldearen artean muga bat dagoela dirudi"
Zer-nolako harrera izan du diskoak?
Harrera ona izan duela esango nuke. Proiektua ezagutzen ez zuten pertsona askok entzun dute diskoa, eta jende asko nirekin harremanetan jarri da esateko asko gustatu zaiela lehen diskoa. Eta, egia esan, hori asko esatea da niretzako.
Hara eta hona ibili zarete maiatzaz geroztik, eta denetik ikusi duzu. Euskal Herrian, Iparraldeko musika nola egokitzen da Hegoaldera?
Iparraldearen eta Hegoaldearen artean muga bat dagoela dirudi. Baina, batzuetan, proiektu batzuek muga hura zeharkatzen dutela esango nuke. Iruditzen zait euskal eszenak muga hura zeharkatu dezakeela proiektu batzuekin, eta horretaz ahazten dela batzuetan. Sare batzuk baditugu Euskal Herrian, badira gaztetxeen sareak, badira herriko festen sareak, badira antzokiak, badira hitzordu eta jaialdiak, eta iruditzen zait oso ongi egokitzen direla Iparraldeko eta Hegoaldeko eszenara.
Uste duzu muga hura zeharkatzen ari zaretela Xak taldearekin?
Esango nuke baietz. Hegoaldean ere sarritan izan gara kontzertuak ematen, eta, alde horretatik, beti saiatzen gara gure herritik harago joaten. Azken finean, gure kantuak euskaraz kantatzen direnez, gure eszena naturala Euskal Herria da.
Makina bat musika proiektutan izan zara. Zer moduz zaude azken horrekin?
Gustura nago proiektu horrekin. Egia da musika taldearen kasuan ni nagoela erdialdean, eta esposizio hori bitxia egiten zait, orain arte egindako proiektuetan ez baita horrela izan. Baina Xat garrantzitsua da niretzat. Izan ere, nork bere betiko musika egiteko modua badu ere, iruditzen zait poliki-poliki ari garela elkar ulertzen eta musika arinagoa sortzen ari garela; alegia, bagabiltzala geure burua eszena gainean kokatzen.
Aurrera begira, baduzue beste emanaldirik?
Xakekin kontzertua emango dugu Baionan, eta gero, martxoan bi kontzertu emanaldi egingo ditugu: Ondarroan eta Sopelan. Eta bagabiltza beste kontzertu batzuk lotzen.