Puntua aldizkariaren 484. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Azaroaren 4an beteko ditu 50 urte UNED-Bergarak. Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalaren Zentro Elkartua da 1976a ezkero. Urrezko ezteiak beteko ditu aurten, 1.400 ikasleren muga gaindituta. "Erakunde aitzindaria da, bereziki nola sortu zen kontuan hartuta. Baina, batez ere, mugimendu herritar, kooperatibo eta kooperatibista batekin, non erakundeek eta enpresek bat egin zuten hezkuntza proiektu abangoardista harekin: urrutiko hezkuntza, eta, gainera, Bergaran. Une hartan mugarri izan zen, eta hala izaten jarraitzen du, ez bakarrik 50 urteko ibilbidea egin ahal izan duelako, bidean sendotu egin delako ere bai", azaldu du 1996tik 2010era artean UNED-Bergarako zuzendari izan zen Juanjo Alvarezek. "UNED ezinbestekoa da batzuentzat. Badago sektore bat zeinarentzat unibertsitate presentziala ez den irtenbide bat: lan egiten dutelako, denbora gutxi daukatelako edo beste erantzukizun batzuk dituztelako. Haiek malgutasuna behar dute, eta hori UNEDBergarak ematen du. Pertsona bakoitzak bere erritmora egokitzen ditu ikasketak, eta horrela ez da unibertsitate-esparrutik kanpo geratzen. Nork bere erritmora egokitu ditzake ikasketak. Europako campus handieneko kide gara. UNEDek 200.000 ikasle inguru ditu mundu zabalean, eta lurraldean duen adarretako bateko ikasleak UNED-Bergarakoak dira", gainera du UNED-Bergarako egungo zuzendari Iñaki Esparzak. Esparzaren aurretik, hurrenkeraren arabera, Jesus Arpal, Luis Mari Bandres, Iñaki Maiza, Juantxo Madariaga eta Juanjo Alvarez egon ziren zuzendari lanetan.
Lehen ikasturtean 1.029
ikasle Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala (UNED) 1972an sortu zen. UNEDen sustraiak Urrutiko Unibertsitate Askearen (UNILAD) proiektuan daude. 70eko hamarkadaren hasieran antolatu zen erakunde hori, unibertsitaterik ez zuten biztanle guneetara goi-mailako hezkuntza eramateko helburuarekin. Horrela, beren bizilekuagatik edo beste edozein zailtasun pertsonalengatik unibertsitatera bertaratzerik ez zutenei unibertsitate-ikasketak egiteko aukera ematen zitzaien. 1972ko abuztuan, esparru juridiko bat eman zitzaion Urrutiko Unibertsitate Libreari, eta UNED zentroak zabaltzen hasi zen, han-hemenka. Bergarakoa, 1976an. Promocion Cultural tokiko taldearen eta Udalaren ekimenez, orduko alkate Jose Luis Elkoro buru, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hainbat aurrezki-erakunderen laguntzarekin, UNED-Bergarako Zentro Elkartuaren ibilbidea 1976an hasi zen. Jesus Arpalen zuzendaritzapean, azaroaren 4an ireki zituen ateak. Unibertsitatera Sartzeko Ikastaroaz gain, hamaika karrera eskaini zituen, eta, horrela, ikasturte hartan matrikulatutako 1.029 pertsonen hezkuntza-kezkei erantzun ahal izan zitzaien. Berba horiekin laburtzen du UNED-Bergararen sorrera erakundearen webguneak. 2025-2026ko ikasturtearen irekiera ofiziala iazko azaroaren 14an egin zuten, 1.400 ikaslerekin eta ehun formakuntza baino gehiagorekin.
JUANJO ALVAREZ, UNED-BERGARAKO KIDEA: "UNED-EK SERIOTASUNA, PROFESIONALTASUNA ETA OFIZIALTASUNA DITU EZAUGARRI"
UNED-Bergara babesten duten patronatuko kideak Bergarako Udala, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxabank eta UNED Zentrala dira. Erakunde horietako ordezkariak egon ziren 50. urteurrena bete-betean hartuko duen ikasturtearen hasiera-ekitaldian.

Tutoreen lana
Gipuzkoan unibertsitate ikasketak egiteko aukera zabala dago: generazionistak, publikoak, pribatuak... Baina guztiek dute presentzialtasuna ezaugarri moduan. UNED-Bergaran metodologia aldatu egiten da: nork bere neurrira konbina ditzake online prestakuntza eta eskolara joatea. Alegia, metodologia erdi-presentziala daukate. "Hori da gure ezaugarri nagusia, metodologia propioa daukagula: erdi-presentziala eta malgua. Hala, ikasleak Bergarako egoitzara joan daitezke, tutorearekin, aurrez aurreko eskolekin ikasgaia lantzeko eta zalantzak argitzeko; baina online ere hartu ditzakete eskolak, aurrera egiteko", azpimarratu du Esparzak. 60 tutoretik gora ditu Bergarako egoitzak. "Ezin ditugu irakasgai guztietako tutoreak eduki Bergaran. Irakasgai estrategikoetan ditugu tutoreak: matrikulazio gehien dituzten ikasgaiak edo, beste arrazoi batzuk tarteko, tutorea merezi dutenak. Hala, erdi-presentzialtasunak bermatzen du, batera edo bestera, ikasketak aurrera eraman ahal izatea; eta irtenbidea da, urtero, batez beste, gurekin ikasten duten 1.400 ikasleendako. Tutore horiek funtsezko hurbiltasuna bermatzen dute urrutiko online ikasketa osatzeko", gaineratu du. Horren harira, Juanjo Alvarezek zuzendari izan zen urteetako batzuetan tutore ere jardun zuen: "Oso aberasgarria izaten zen ikasleak gertutik ezagutu eta haiekin ikasgaiak partekatzea".
BERGARAKO ESKOLA PRESENTZIALAK 60 TUTORE BERMATZEN DITU
Eskaintza akademiko zabala
Gipuzkoako Unibertsitate online eta presentzialak eskaintza akademiko zabala bermatzen du Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruko ikasketa ofizialen ezagutzaren arlo guztietan: gutxieneko notarik gabeko 30 gradu, gradu konbinatuak, 75 unibertsitate master, 21 doktorego programa, mikrograduak eta abar. Eta 25 eta 45 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko ikastaroa ematen du. 2025-2026ko ikasturtean, gainera, bi gradu bikoitz berri ditu, goi mailako hezkuntzaren eskaintzan: Zientzia Politiko eta Soziologia eta Zuzenbidea eta Gizarte Lana. "Bide horretatik, pertsona askok arrakastaz hasi eta bukatu dute euren unibertsitate prestakuntza, eta horrek aukera profesional handiak ireki dizkie". Lehenengo ikasturtean, 1976-1977an, 1.029 ikaslek eman zuten izena, eta oraingoan, 1.400ek. Hain zuzen, 1.029 graduetan dabiltza, 115 masterretan, 106 hizkuntzak ikasteko zentroetan, 59 gradu txikietan eta 33 unibertsitatera sartzeko ikasketetan. 2025a ezkero igoera nabarmena izan dute masterrek –2025ean, 83–. Graduen eta hizkuntzak ikasteko zentroen matrikula kopuruak apur bat jaitsi dira.
BATEZ BESTE, UNED BERGARAK IKASTURTE BAKOITZEKO 1.400 IKASLE IZATEN DITU
Urtero, batez beste, 70 egresatuk bukatzen dituzten ikasketak UNED-Bergaran –iazko azaroaren 14ko irekiera-ekitaldian 85 izan ziren–. "Oso kopuru esanguratsua da, eta erabiltzen den metodoren arrakasta azaleratzen du. UNED seriotasunaren, profesionaltasunaren eta ofizialtasunaren sintoma da, unibertsitatetitulua den terminoetan; baina, batez ere, prestigioarena. Horrek bermatzen du ikasgai guztiak aztertu eta gainditu behar izan dituen ikasle diziplinatu bat dagoela. Edonori gomendatuko nioke UNED-Bergaran ikastea", azpimarratu du Alvarezek.
Ikasleen profila
Ikasturteko batez besteko ikasle kopuruak ez du aldaketa nabarmenik izan UNED-Bergararen 50 urteko ibilbidean, Koronabirusaren pandemiak mundua hankaz gora ipini arren. "Pandemia igarri genuen, bai; eta joera aldatu egin da ordutik. Baina guk etxe barruan egin dugun hausnarketa izan da ea gure metodologia aldatu behar dugun edo mantentzea merezi duen. Estatutu berrietan aipatzen da erdipresentzialtasunaren garrantzia. Joera logikoa da. Norbaitek ikusi badu bere etxetik mugitu gabe edo Bergarara etorri gabe helburuak bete ditzakeela, uler daiteke. Baina egia da, online lortutakoa edo presentzialki lortutakoa nahiko ezberdinak dira. Ikasgai batzuetarako oso praktikoa da online egin ahal izatea, baina ezagutza transmititzeko, ezinbestekoa da aurrez aurrekoa".
Asko aldatu dena ikasleen profila izan da: ikasketak hasten dituzten gazteak, curriculuma hobetu eta profil profesionala sustatu nahi duten profesional aktiboak, birziklatu nahi duten pertsonak, enplegurako prestakuntza lortu nahi duten langabeak, ezagutzak zabaldu nahi dituzten erretiratuak… Talde horietako guztietako ordezkariak ari dira ikasten, baina bilakaera nabarmena da. "Ikasleak ezagutzen ditugu azterketak egitera datozenean. Izan ere, horiek bai dira presentzialak, ezinbestean. Hala, aldaketa nabaritu dut. Hamabost urte daramatzat zuzendari, eta, hasierako urteetan, ikasle asko euren kabuz ikasteko gogoa zuten erretiratuak ziren. Azken urteetan batez besteko adina asko jaitsi da. Geroz eta gehiago dira ikasle gazteak. Hau da, unibertsitate presentzialetan egoteko adina dutenak. Ikasleen profila zabalagoa da egun. Nire hasierako urteetan, gehienak gizonezkoak ziren. Egun, asko parekatu da batez besteko hori", kontatu du Esparzak.
2006a ezkero jabetzan
1976an ibilbidea hasi zuenetik Bergarako San Martin plazan dagoen Errege Seminarioan egon da UNED-Bergararen egoitza. 1593an eraikia, hasiera batean jesuiten etxea eta ikastetxea izan zen. Gerora, 1769-1804 artean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea bertan kokatu zen. Garai hartan, Elhuyar anaiek wolframa isolatu zuten. Nobleen Errege Seminarioaren egoitza ere izan zen, eta lehen Industria Eskoletako baten kokalekua ere bai –Ingeniaritza Eskolen aitzindaria 1851n–. Ondoren, Domingotarren Ikastetxea hartu zuen, 1972ra arte.
Eraikina "Espainiako Estatuak laga zuen 2006ko urrian", eta UNED-Bergara Fundazioaren esku geratu zen. "Oraindik ere gogoan dut Madrilera bidaia asko egin genituela Ministerioarekin negoziatzeko, Errege Mintegiaren titulartasuna lortzeko, lurraldearentzat eta fundazioarentzat. Gero, Arizmendi ikastolari azpilagapena egin zitzaion, eta UNEDek gaur bere egoitza izan den honetan jarraitu ahal izan zuen", gogorarazi du Alvarezek. Bereziki gogoratzen du Bergarako Udalak eta herriko zenbait eragilek nola babestu zuten Jesus Arpalen ekimen "zoroa". "UNED-Bergarak balio handia dauka; izan ere, unibertsitate publiko bat herrian egotea aukera paregabea da, hezkuntza eta ezagutza eskuragarri jarriz. Gainera, Bergarak bere izaera akademikoa indartzen du, eta mundu akademikoan historikoki izan duen erreferentzialtasunari jarraipena ematen dio. Ohiko hezkuntza sistemaren osagarri da, eta aukera ematen du, adin mugarik gabe, ikasten jarraitzeko. Horrek gizartearen prestakuntza eta garapen pertsonala indartzen ditu. Bergarak UNEDi ematen dio komunitate aktiboa duen ingurune akademiko zabala, malgua eta kalitatezkoa", esan du Bergarako alkate Gorka Artolak.
GORKA ARTOLA, BERGARAKO ALKATEA: "UNIBERTSITATE PUBLIKO BAT HERRIAN EGOTEA AUKERA PAREGABEA DA; BALIO HANDIA DAUKA"

Eraikinaren eraberritzea
Urteak pasa ahala, UNED-Bergararen metodologia indartzen joan den heinean, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte barruko antolaketan. Hasierako urteetan lan txiki batzuk egin ziren; besteak beste, liburutegi baten sorrera. Gero, eraikina UNED-Bergara Fundazioaren esku geratu zenean, eraberritze lan askoz gehiago egin ziren. 2010ean teilatuan, itxituretan, igogailuan eta solairu guztietako bainugeletan obrak egin ziren, eta irisgarritasuna nabarmen hobetu zen. Bada, eraberritze lan handiena, eraikinari egun duen barne-antolaketa eman ziona, 2017an egin zuten. Ia 1.400.000 euroko aurrekontuarekin, hiru fasetan egin zituzten lanak. Lehenengo fasean, hirugarren solairuan falta zen 75 metro koadroko forjatu bat eraiki zuten, zur noblezko eskailera nagusia aldatu egin zuten, eta estalkipea erabat egokitu; bigarrenean, espazioei behin betiko konfigurazioa eman zitzaien; eta, hirugarrenean, instalazio guztiak araudiari egokitu zitzaizkion.
UNED-BERGARA FUNDAZIOAREN ESKU GERATU ZEN 2006AN ERREGE MINTEGIAREN TITULARTASUNA; 2017AN, BARRUTIK ERABERRITU ZUTEN
Kongresua
Arestian aipatu bezala, azaroaren 4an beteko du mende erdia UNED-Bergarak. 2026-2027ko ikasturtearen hasiera-data horren inguruan egingo da. Beraz, esan daiteke 50. urteurrenak bi ikasturte hartuko dituela: oraingoa eta hurrengoa. Ikasturtean zehar behin eta berriz gogoratuko da urteurren berezi hori, baina benetako ospakizuna urte amaieran izango da, kongresu berezi batekin.
"UNEDeko ikasle izan nintzen, eta tutore izateko ateak ireki zizkidan"

NATALIA BORTOLLOTO
PSIKOLOGIA GRADUKO TUTORE-IRAKASLEA
Natalia Bortolloto argentinarra da jaiotzez, baina Bergaran bizi da. Psikologia gradua ikasi zuen UNED-Bergaran, eta irakasletutorea da gradu horretan. Hala, bi aldeak ezagutzen ditu: "Hemengo ikasle izan nintzen, eta hemen lan egiteko ateak zabaldu zizkidan horrek".
Hizkuntzaren erronka
UNEDen ikastea gomendatzen ote duen galdetuta, zera dio: "Gomendatuko nuke, pertsonaren arabera. Batxilergotik ateratzen direnentzako lehen kontaktua oso handia da. Metodologiarekin bat datorrenak aurrera jarraitzen du, eta ez duenak espediente aldaketa eskatzen du. Kontuan hartu behar da, gainera, hemengo ikasle gehienek euskaraz ikasten dutela; eta bat-batean gazteleraz hastea erronka handia izan daiteke".
"Norbere erritmora eta beharretara egokitzen den unibertsitatea da"

MIKEL BABIANO
UNED-BERGARAKO IKASLE OHIA
Mikel Babiano urretxuarrak Artearen Historia ikasi zuen UNED-Bergaran. Azaroan jaso zuen egresatu titulua. Aurretik, 2013 eta 2015 artean, Tere Irastortzak zuzentzen duen Idazle Eskolaren baitan Sormen Idazkuntza masterra egin zuen. "Zazpi urte behar izan ditut Artearen Historia gradua bukatzeko. Hori da UNEDen abantaila. Nork bere erritmoan ikasten du, eta beste zeregin batzuekin bateragarria da. Idazle Eskolako masterra bi urtekoa da, eta bitan egin nuen, baina gradua gehiago luzatu zen. Norbere erritmora egokitzen den unibertsitatea da".
Probatzeko hautua
Lagun batzuek gomendatuta hasi zen UNED-Bergaran, eta ez dela damutzen dio. "Probatu ostean erabaki", azpimarratu du.
"Ikasgaiak euskaraz eman ahal izatea da gure hurrengo erronka; obsesio puntu bat daukagu kontu horrekin"

IÑAKI ESPARZA LEIBAR
UNED-BERGARAKO ZUZENDARIA
Iñaki Esparza Leibar UNED-Bergarako zuzendaria da azken 15 urteetan.
Azterketa garaian harrapatu zaituztegu. Ikasleek gora eta behera dihardute.
Azterketak izango ditugun bi aste hauetan 1.800 bat ikasle pasako dira hemendik. Madrildik etorritako bi irakaslek zainduko dituzte azterketak, gure tutore baten laguntzarekin.
Osasuntsu dago, orduan, UNED-Bergara?
Datuek hori erakusten dute. Gu oso pozik gaude.
Zeintzuk dira etorkizunerako erronka nagusiak?
Ikasgaiak euskaraz eman gura ditugu. UNEDBergarako kideok garbi daukagu, eta baita patronatuko kideek ere. Baina Madrilen eman behar digute baimena. Hango errektorea ere gure alde daukagu. Hura ari da euskararen eta elebitasunaren aldeko gehiengo bat lantzen. UNEDeko zuzendaritza batzordeak eman behar digu oniritzia. Obsesionatu samar gaude kontu horrekin.
Zer eman dizu UNED-Bergarak urte hauetan guztietan?
Buruko minaz harago, urte oso aberasgarriak izaten ari dira: ezagutza, lagunak, lankideak... Gainera, nire kontaktu-sarea zabaltzeko balio izan dit, beste zentro batzuetako lankideekin.