Euri Bruña arrasatearraren 'Hiruzpalau' erakusketa ikusgai dago Bergarako Aroztegi aretoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko abenduaren 13a

Atzo arratsaldean inauguratu zuen Euri Bruña artista arrasatearrak Hiruzpalau izeneko erakusketa Aroztegi aretoan. Orain arte, taldekako erakusketetan hartu du parte, baina pauso bat harago eman eta bakarka jarri ditu ikusgai bere lanak. Hamabost monotipo eta zeramikazko beste hainbat lan ditu abenduaren 28ra arte ikus daitekeen bildumak.

Familiakoak, lagunak, ezagunak eta beste hainbat herritar bertaratu ziren atzo 19:00etan Aroztegi aretora, Euri Bruñaren bakarkako Hiruzpalau erakusketaren inauguraziora. Egilearen hitzetan, "kolore dezente" aurkituko dituzte herritarrek, eta obra bakoitzak du "unibertso partikularra": "Bakoitzak bere unibertso partikular eta xehetasunak ditu, eta apurka-apurka obra bakoitzak bere ibilbidea eta mundu bat iradoki dezake. Kontenplazio lana egitera animatuko nituzte bertaratzen direnak".

Azaldu duenez, "bat-batean" atera zaizkio lanak, eta lan "multzo polita" zuela ikusita pentsatu zuen bakarkako erakusketa jartzea. "Horretan pentsatzen hasi nintzen. Aroztegi aretoa ezagutzen nuenez, pentsatu nuen espazio egokia izan zitekeela nire lana erakusteko eta aukera hori edukita animatu egin nintzen", dio.

Esanahi zehatz gabeko izenburua

Hiruzpalau izena jarri dio erakusketari eta adierazi du bi esanahiren artean geratzen zen hitz bat topatu nahi zuela: "Horrekin egin nahi nuen metafora antzeko bat, eta nire lanak ez dauka esanahi zehatzik. Formak edo gauzak iradokitzen dituzte, baina ez dutelako esanahi zehatz edo mezu konkretu bat. Bilatzen dudana da norberak bere barnean ikustea zertara eramaten duen obra bakoitzak".

Iruditzen zaio berak pintura bizitzeko modua beste pintura batzuetatik aldetzen dela. "Nirea ikus pertzepziozkoa da gehiago. Nik pintura bizi dut modu batean non margotzeko modua pentsatzeko modua ere baden. Orduan, egiten zoazen heinean, lan bakoitzak bere itxura hartzen du", azpimarratu du.

Erakusketaren ordutegia

Abenduaren 28ra arte egongo da ikusgai erakusketa Aroztegi aretoan, eta azaldu duenez, gaur gaurkoz, beste datarik lotuta ez badu ere, proposamenak ongietorriak izango dira. Honakoa izango da Aroztegiko ordutegia: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatutan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30 eta domeka nahiz jaiegunetan, 12:00-14:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak