Euri Bruña Iturbe: "Ikusleari zerbait iradokitzea eta barruan zerbait sorraraztea da nire helburua"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko abenduaren 12a

Euri Bruña Arrasateko artista, Bergarako Aroztegi aretoan. Argazkia: Iker Muruamendiaraz.

Arrasateko Euri Bruña Iturbe (Arrasate, 1995) margolari eta grabatzaileak Hiruzpalau erakusketa zabalduko du gaur, egubakoitza, 18:00ean, Bergarako Aroztegi aretoan, eta abenduaren 28ra bitartean izango da ikusgai.

Talde-erakusketak egin izan dituzu, eta bakarka izango zara estreinakoz; gustura zaude?

Bai; oso pozik nago! Aurkeztuko ditudan obrak modu oso arinean sortu ditut; hau da, asmo zehatz edo presio barik. Gustura ibili naiz azkeneko bi urteetan sortzen; Bilbo Arte grabatu tailerrean batzuk eta azkenekoak, etxean atondu dudan tailer txikian. Eta multzo bat dudala ikusi dudanean erakustea pentsatu dut. 

"Hiruzpalau' izenburuarekin adierazi nahi nuen indefinizio puntu bat dagoela"

Hiruzpalau izena jarri diozu bildumari; zer adierazteko?

Artea edo irudi bat ulertzeko beharra dugula konturatzen naiz askotan jendearekin berba egiten dudanean, irudiak esanahi batekin identifikatzeko beharra izaten dugula. Bada, nire grabatuzko monotipoekin lan egiteko modua abstrakzio alderantz joatea izan da, baina figuraziorako ate ezberdinetara zabalik, gauza ezberdinak iradokitzeko bidea emanez. Hortaz, Hiruzpalau izenburuarekin adierazi nahi nuen indefinizio puntu bat dagoela; agian, formek ez dute zuzenean zerbaiten antzik, baina gauzak gogoratzen dizkigute, sujerentzia puntu hori topatzen ahalegindu naiz.

Arte adituak ez garenontzako, zer dira grabatuzko monotipoak? 

Labur esanda, grabatua gainazal lau baten gainean egiten den teknika bat da, erreminta ezberdinak erabilita marka edo irudi batzuk egiten dira eta marka horien gainean tinta edo pintura jartzen da, eta, torkulua deitzen den tresnarekin, paper gainean estanpatzen da irudi hori. Monotipoa, berriz, gainazal baten gainean egiten den teknika da; hau da, euskarrian bertan margotzen da, aurrez markarik egin barik eta torkuluaren laguntzarekin zuzenean paperera pasatzen da. Izenak adierazten duen moduan, kopia bakarra ateratzen da; hau da, monotipo bakoitza, pieza bakarra da eta grabatu teknikarekin gura beste pieza sortu daitezke. 

Zelako materialak erabiltzen dituzu pieza edo artelanak sortzeko?

Denetarikoak; oinarri moduan azetato gogor bat; margotzeko grabatuzko tintak eta beharra ikusten dudanean permanentea erabiltzen dut marrazkiak egiteko; kautxuzko arrabola txiki batzuk pintura edo tinta geruza fina jartzeko; lodiera ezberdineko pintzelak eta margotzeko askotariko erreminta gehiago... Gauza ezberdinak aurkitu ahala probatzea gustatzen zait. 

Koloretsuak dira.

Kolore-gama edo kolore konbinazio batetik hasten naiz lanean, eta hortik abiatuta noa sortzen. 

Badute helarazi gura duzun mezu zehatzik?

Ezetz esango nuke; ikusleari zerbait mugitzea edo zerbait iradokitzea da nire helburua, eta horregatik hasten naiz koloretik. Kolore bakoitzak anbientazio edo forma zehatz batzuetara eramaten nau, eta hortik joaten naiz obra bakoitzaren bidea topatzen.

Zenbat pieza erakutsiko dituzu?

1x0,70 metro dituzten hamar monotipo eta 50x70 zentimetroko bost monotipo eroan ditut, eta horiekin batera zeramika lan pare bat ere bai.

"Artistak laguntza handia du Aroztegi aretoan eta eskertzekoa da hori"

Bergarako Aroztegi; gustuko duzu?

Bai; aurrez ezagutzen nuen, 2022an EHUko Pintura masterreko ikaskideekin Biharamuna bilduma erakutsi nuelako. Artistak laguntza handia du espazio horretan, muntatzeko orduan eta erakusketak irauten duen bitartean ere bai, zaintzaile bat dago aretoan, eta eskertzekoa da hori guztiori. Eta tamaina aldetik ere aproposa da; baldintza onak dituen erakusketa-tokiak aurkitzea ez da erraza izaten.

Gomendiorik edo pistarik erakusketara joango denarentzako?

Bakoitzak bere intuizioari jarraitzeko, ez duela zertan gauzak ulertu. Erakusketaren helburua ez da ulertzea, ikustea eta ikusitako horrekin gozatzea baizik. Bakoitzak bere erritmoan ikusi eta artelanari eman pertzepzio hori beragan sartzeko aukera, eta ea zer eragiten dion bakoitzari, ez saiatu erantzun bat topatzen; ikustearekin nahikoa da, eta gozatuz gero, ederto!

Inaugurazio ekitaldirik izango da?

Bai; gaur zabalduko dugu, 18:00etan. Musika eta pintxoak egongo dira; ez dut hitzaldirik egiteko asmorik, baina edozeinekin berba egiteko gertu izango naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak