Iñaki Unamuno: "Euskaldun orok ditu ateak zabalik Macachinen"

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 10a

Iñaki Unamuno bergararra.

Hogei urte bete barik heldu zen Argentinara Iñaki Unamuno bergararra. La Pampa probintziako Macachin herrian bizi da, hango euskal etxeko presidentea da.

Pertsona maitatua eta ezaguna da Iñaki Unamuno (Bergara, 1936) Argentinako Macachin herrian. Horixe baieztatu zuten Olentzeroren Lagunak elkarteko kideak 'Transmisioa' proiektuarekin joan zirenean. Bera izan zuten bide lagun han. Unamunok berak dio hara doan edozein euskalduni lagun egiteko dagoela, "nitaz galdetu baino ez du egin behar".

Erreferente bat ei zara Macachinen.

Urte asko dira hemen bizi naizela eta ezaguna naiz herrian, bai, hori horrela da. Lehengusua era biok hona heldu aurretik bizi zen hemen gure osaba bat, eta "osaba Eusebioren ilobak" moduan ezagutu gintuzten hemengo herritarrak eta ate guztiak zabaldu zizkiguten. Ni ere berdina egiten saiatzen naiz, hona datorrenari laguntzen. 

Noiztik bizi zara Macachin-en?

1956ko apirilaren 13an heldu nintzen Buenos Airesera lehengusu batekin batera. Bergaratik Antzuola bidean zegoen Oruesagasti –Usastegi guretako– baserriko senideak gara gu; egun ez dago baserria zutik, autobidea egiteko eraitsi zuten. Lehen sei hilabeteak gogorrak izan ziren. Macachin-en, hemen bizi zen gure osaba Eusebiok asko lagundu zigun eta herritarrek ere ondo hartu naute beti. Herri txikia da, 6.000 biztanle inguru ditu, eta oso ondo bizi izan naiz, bai. Familia ere sortu dut, bi alaba ditut.

Bertako euskal etxeko presidentea ei zara.

Urtearekin batera utziko diot izateari, urte askotan kargua bete ostean. Baina 90 urte beteko ditut hurrengo udan, eta bada uzteko garaia.

Nolakoa da Euzko Alkartasuna?

Euzko Alkartasuna ez da bakarrik euskal etxea, herritar guztiendako aisialdi gune bat ere bada. Bertan dago herriko kiroldegia, frontoia, igerilekua, zalditegia eta hotela, adibidez. Egunero 400 bat erabiltzaile dituen espazio bat da eta beti dago zabalik. Mus txapelketak ere antolatzen ditugu. Aurten, bigarrenez, diasporako euskal etxeen arteko txapelketa antolatu dugu; Peruk irabazi du azkena, Argentina bigarren sailkatu da. Dantza taldea ere badugu: 100 bat dantzari daude, horietatik 40 nagusiak.

Nolakoa izan zen sorrera?

1959an inauguratu genuen. Hemendik hara joandako euskaldunak ginen gehienak, eta bertan jaiotako sortzaileek ere euskal odola zuten; egun orduko bost baino ez gara bizi. Denon artean egin genuen lana eta kuotarik ez ordaintzea erabaki genuen. Oraindik ere horrela jarraitzen dugu, herritar guztiendako ditu ateak zabalik.

Liburua ari zara egiten historia hori jasotzeko, ezta?

Bai. Hiru liburu izango dira guztira. Lehen biak egin ditut, eta hirugarrena bukatzen ari naiz, maiatzean aurkeztea da nire nahia. Jaso ezean galdu egiten da, bai argazkiak, bai datak, bai pertsonen izenak, ekimenenak... eta ez nuke hori nahi.

Olentzeroren Lagunak elkartekoek ere transmisioari lotutako proiektuarekin egon ziren Macachin-en, Olentzeroren nondik norakoak azaltzen, transmisioa diasporan ere zabaltzen.

Bai. Polita izan zen ekimena. Gero 'Transmisioa' izeneko dokumentala egin zuten hemen egindako egonaldiarekin. Gustatu zait proiektua.

Oraindik bizirik dago Euskal Herriko erreferentzia Macachin-en?

Lehen baino gehiago, esango nuke. Asko landu dugu gai hori. Euskaldun asko edo euskaldunen jatorria duten asko daude biztanleen artean, eta Euskal Herria beti egin dugu geure. Baita orain ere, noski.

Noiz izan zinen Bergaran azkenengoz?

Pandemia heldu baino lehentxeago izan nintzen, Maite alabarekin. Aldatuta ikusi nuen, noski. San Martin jaiak ziren, eta harritu nintzen zenbat jende eta ekitaldi zegoen ikusteaz. Egun belaunak ez didate nahi moduan ibiltzen laguntzen, eta badakit ez naizela berriz bueltatuko. Senideekin, baina, sarri egoten naiz telefonoz eta nire gaztetako lagunekin ere badut harremana oraindik, Migel Mendibilekin eta Jabier Retegirekin, adibidez; haiekin ere askotan egoten naiz telefonoz. 

 

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak