'Transmisioa' dokumentala eskainiko dute gaur Bergaran

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 9a

Hazparneko joaldun Xan Antton Durruty, Aitzol Salaberria eta Iñaki Unamuno, Macachinen.

Olentzeroren Lagunak elkarteak egindako dokumentala da, Argentinako euskal diasporari Olentzeroren tradizioa ezagutarazteko asmoz egindako bidaia. Hango Macachin herrian bizi den Iñaki Unamuno bergararra izan dute bidelagun ikus-entzunezkoa egiteko.

Olentzero nor den eta haren ohitura bizi-berritzearen alde egiteko sortu zuten Olentzeroren Lagunak taldea Iparraldean 2013an. Helburu horrekin dihardute ordutik han eta hemen; Argentinan ere izan dira eta han bizitakoa jaso dute 'Transmisioa' izeneko dokumentalean.

2018an izan ziren taldeko hainbat kide Argentinan eta han ezagutu zuten lehen euskal etxea. Handik urtebetera, argentinarrak jarri ziren eurekin harremanetan berriz hara joateko gonbidapenarekin, baina joaldunekin joateko eskatuz. 2020an Macachinen –Patagonia– egin behar zuten euskal astera ziren joatekoak, baina pandemiak 2022ra atzeratu zien bidaia.. Hazparneko joaldunekin batera joan ziren. "Han egindako lagunei esker hiru kontaktu eginak genituen eta hara joan eta Olentzerori buruz eta gure herriaz hitz egitea zen asmoa. Mintzaldiak egin behar genituen bidaia horretan. Baina horiez gain irudiak ere grabatu genituen eta dokumentala egitea izan zen gero ideia", dio Olentzeroren Lagunak elkarteko Aitzol Salaberria Goñik.

Argentinarrak nola bizi diren, nola sentitzen diren eta zer pentsatzen duten jasotzen dute, besteak beste, 'Transmisioa' izeneko ikus-entzunezko horretan eta 2023an berriro itzuli ziren Argentinara hangoei erakustera. "Bederatzi euskal etxetan erakutsi genuen –zortzi Argentinan eta bat Uruguaien– eta Bergaran jaio zen Iñaki Unamuno bidelagun izan genuen, asko lagundu zigun. Macachin herrian erreferente bat da Iñaki, eta bera ere jaso gura izan genuen lan honetan, noski".

Bergaratik Macachinera

Unamuno 1956an joan zen Argentinara. Lanbide Heziketan ikasi eta Labegaraietan egin zuen lana bi urtez eta 19 urterekin Argentinara joatea pentsatu zuen beste bi lehengusurekin batera; euren osaba Eusebio Mugica bergararrarengana joan ziren, Macachinera. Kontabilitate ikasketak egin eta abeltzaintzari eta nekazaritzari lotutako senideen enpresan hasi zen lanean. Egun erreferente bat da han, "oso gizon maitatua". 

Olentzeroren Lagunak

Abenduaren 9an, 18:30ean, aurkeztuko dute 'Transmisioa' dokumentala Seminarixuan. Eta hantxe izango da Olentzeroren Lagunak elkarteko Aitzol Salaberria. Argentinako Euskal diasporari Olentzeroren tradizioa ezagutarazteko asmoz egindako bidaia azalduko du berak, eta elkartearen lana ere erakutsiko du.  "Orain arte 40 proiekzio baino gehiago egin ditugu, izugarria da. Lan honez gain, liburuak eta diskoak ere atera ditugu eta badugu asmoa lanean jarraitzeko gure transmisioaren alde".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak