Tokiko Entitate Txiki izateko bidearen hasiera ospatuko dute Angiozarren azaroaren 30ean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko azaroaren 24a

Azaroaren 30ean Esan eta Izan Eguna ospatuko dute Angizoarren, Tokiko Entitate Txiki izateko bidearen hasiera ospatzeko. "Askok, independentziagatik zoriondu gaituzte; oker daude, ez dugu halakorik eskatu. Toki Entitate Txikiarekin, soilik, desberdin izateko aukera berdintasuna da eskatu duguna. Hori guztia da azaldu nahi dieguna hurbiltzen diren herritarrei, bailarakoei zein kanpotik datozenei". 

Urrian, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Demarkazio Foru Arauaren moldaketari ekin zioten, eta horrek bide emango die Angiozarko bizilagunei Toki Entitate Txiki bilakatzeko prozesuari. Abenduko osoko bilkuran, behin betiko tramitazioa gauzatuko da eta hori izango da Bergarako Udalarekin abiatu beharreko prozesuaren abiapuntua. 

Horiek horrela, azaroaren 30erako, egitarau txiki bat prestatu dute bailarako herritarrentzat eta baita inguruko herritarrentzat. Gonbidatu dituzte alderdi politikoak, mugakide dituzten hiru udalerrien alkateak eta Eider Mendoza diputatu nagusia. Eguerdiko 12:00etan ekitaldi ireki bat prestatu dute San Migel elizan. "Bertan, ongi etorria emateaz bat, Toki Entitate txiki izatera iristeko emandako urrats historikoak gogoraraziko ditugu. Bertaratzen direnei gogora ekarriko diegu zerk egiten duen Angiozar berezi halako estatus juridiko berri bat izateko. Ordezkari politikoei ere hitzartze aukera ere emango diegu. Azkenik, eta ospakizun eguna den heinean, prozesuarekin lotu eta irribarrea aterako digun sorpresa bat ere prestatu dugu. Ekitaldia, salda bero eta txorixo egosiarekin itxiko dugu".

Hori bai, argi utzi nahi izan dute Angiozarrek ez duela independentziarik lortu: "Askok, independentziagatik zoriondu gaituzte, oker daude, ez dugu halakorik eskatu. Tamainaz, eta txikikienetatik hasitako hurrenkera batean, Gipuzkoako hamabosgarren herria gara, Leintz-Gatzaga bera baino handiagoak gara. Toki Entitate Txikiarekin, soilik, desberdin izateko aukera berdintasuna da eskatu duguna. Hori guztia hurbiltzen diren herritar denei, bai bailarako eta baita bailaratik kanpokoei da azaldu nahi dieguna".

Elizako ekitaldiaren ondoren, ospakizunarekin jarraitzeko, baba-jan herrikoia prestatu dute. Izena eman daiteke Angiozartzen watsap kanaletik, edo batzarkide baten bidez.
Umeendako prezioa da hamar euro eta nagusiek 30 euro ordaindu behar dute.