Osintxuko Txuringo kudeatzeko deialdi publikoa ireki du Bergarako Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko azaroaren 3a

Osintxuko Txuringo tabernako obraren hasiera, 2025eko irail amaieran. Argazkia: Bergarako Udala.

Osintxuko auzotarren topagune izatea nahi duen Txuringo taberna kudeatzeko deialdi publikoa ireki du Bergarako Udalak. Kontratuak hiru urteko iraupena izango du, eta hileko 150 euroko kanona ezarri dute. Hala ere, lizitatzaileek kopuru hori hobetu dezakete euren proposamen ekonomikoan. Adjudikazioa gauzatu ondoren, 1.000 euroko bermea egin beharko da hamar egun balioduneko epean. Izena emateko epea azaroaren 17an bukatuko da.

Lizitazioan parte hartu ahal izango dute gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna duten pertsona fisiko zein juridikoek, baldin eta ahalmen ekonomikoa –gutxienez 150.000 euroko erantzukizun zibileko asegurua– eta ahalmen teknikoa frogatzen badute –langileek gutxienez hiru hilabeteko esperientzia tabernari edo sukaldari gisa, elikagaiak manipulatzeko txartela eta hizkuntza gaitasuna–, eta ez badaude kontratatzeko debekuren batean. Proposamenak ezkutukoak izango dira eta ezingo da aldagairik edo alternatibarik aurkeztu. 

Obrak Osintxuko Txuringon, irail amaieran. Argazkiak: Bergarako Udala. 

Egokitzapen lanak, eginda

Txuringo taberna eta ondoko lokala erosi ostean, aurten gauzatu dira berritze lanak, Construcciones Frixi, S.L. enpresaren eskutik, 158.577 euroko aurrekontuarekin. Egokitzapen lanek bi helburu izan dituzte: alde batetik, taberna eraberritzea eta, bestetik, ondoko lokalaren irisgarritasuna hobetzea.

Osintxu biziberritzeko planaren baitan, neurri honekin Udalak "bertakoentzako ezinbesteko zerbitzua eta kohesiorako elkargunea" izango den proiektua garatu nahi duela nabarmendu du gobernu taldeak.

Osintxun biziberritzeko lantaldetik eratorritakoa

Izan ere, 2021. urtean Osintxu Biziberritzeko Lantaldea sortu zen, Txuringo kultur elkarteko ordezkariak, Osintxuko eskolako gurasoen ordezkariak, Soraluce kooperatibako ordezkaria, kooperatibako bazkide osintxuarrak eta Udalak (alkatetza, hirigintza eta partaidetza sailak) ordezkatzen dutena. Lan taldearen erronka nagusia Osintxuko biztanleria mantendu, errotu eta haztea izan da hasieratik, Osintxu atsegin eta bizigarriagoa eraikiz: "Osintxuarren bizi kalitatea bermatu nahi dugu, eta, horretarako, auzo-bizitza mantentzeko tresna eta baliabide ezberdinak eskaini behar dizkiegu Udaletik. Osintxuko plaza balioan jarri nahi dugu, izan ere, bertakoentzako ezinbesteko zerbitzua eta kohesiorako elkargunea da". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak