Osintxuko Txuringo taberna auzotarren elkargune egiteko lanak hasi dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 26a, 09:39

Bergarako alkate Gorka Artola Txuringo tabernako obretan. Argazkia: Bergarako Udala.

Bergarako Udalak hasi ditu Osintxuko Txuringo taberna auzotarrendako elkargune bihurtzeko lanak. "Proiektu honek auzotarrentzako ezinbesteko zerbitzua eta kohesiorako elkargunea izatea du helburu, eta Osintxu biziberritzeko planaren baitan kokatzen da", adierazi dute Udaletik. Construcciones Frixi enpresa ari da lanok gauzatzen, 158.577 euroko aurrekontuarekin. Taberna ustiatzeko deialdia urrian irekitzeko asmoa dute. 

2021ean sortu zen Osintxu Biziberritzeko Lantaldea, eta bertan parte hartzen dute Txuringo kultur elkarteko ordezkariek, Osintxuko eskolako gurasoek, Soraluce Kooperatibako ordezkariek, kooperatibako bazkide osintxuarrek eta Bergarako Udalak –Alkatetza, Hirigintza eta Partaidetza sailak–. Lantaldearen erronka nagusia, diotenez, Osintxuko biztanleria mantendu, errotu eta haztea izan da, auzo atsegin eta bizigarriagoa eraikiz.

Obrak Osintxuko Txuringo tabernan. Argazkia: Bergarako Udala. 

2023ko abenduan, Bergarako Udalak onartu zuen Osintxuko plazan dagoen taberna eta alboan dagoen lokala erostea. Orain, taberna egokitzeko lanekin batera, ustiaketarako lizitazio prozedura prestatzen ari da Udala, eta urria aldera irekiko da deialdia.

Txuringo tabernaren ataria. Argazkia: Bergarako Udala. 

Bestalde, taberna ondoko lokalean herritarrei zuzendutako berroneratze bulego bat jarriko da martxan 2026an, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Aldi berean, Bergarako Udala eta auzoko ordezkariak hitzarmen bat lantzen ari dira lokal horren erabilera arautu eta auzoaren esku gera dadin.

Erlazionatuak

Txuringo erostea, Osintxu biziberritzeko lagungarri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023 abe 23 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak