Hil egingo dituzte abelburuak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025eko urriaren 31

Iñigo Almortza, Bergarako Zezenak ganadutegiko jabea, ustiategian. Irudia: Imanol Beloki.

Tuberkulosi kasu baten ondorioz abelburu guztiak hil beharko dituela azaldu du Iñigo Almortzak, Bergarako Zezenak-eko kideak, Diputazioak beste aukera bat ere baduela azaldu arren. Babes mezu ugari jaso ditu egunotan, egoera "bidegabea" dela salatuz.

Bergarako Zezenak ganadutegiko abelburu guztiak –denera, 90– hil beharko dituzte tuberkulosi kasu baten ondorioz, Iñigo Almortza jabearen hitzetan. Azaldu duenez, %1eko intzidentzia gaindituz gero, Europako araudiak ustiategiko animalia guztiak hiltzera behartzen du, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, aste hasieratik erdialdera kontakizun hori aldatu egin duela salatu arren; izan ere, Diputazioak adierazi du sakrifikatu ordez badela beste aukera bat: kontrol-proban positiboa eman duten abelburuak hiltzea eta ustiategian geldirik mantentzea gainontzeko guztiak, elkarren segidako bi kontroletan negatiboa lortzen den arte. "Bertsioa aldatu egin dute. Lehen egunetan esan zuten behartu egin gaituztela, eta orain diote gure erabakia izan dela; noski, azken batean, horrela izan da, baina zer egin behar du sententzia bat atera ondoren preso joan behar duenak? Bada, borondatez joan, zer besterik? Egoera hau berdina da. Animalia guztiak sakrifikatzera behartuta ikusi dugu geure burua".

Kontrol Plan Berezia du martxan Diputazioak behi suharren ustiategietarako, eta urtean bi azterketa egiten dizkiete sei hilabete baino gehiagoko abelburuei, "ustiategi horien ezaugarriak bereziak direla eta". Haren esanetan, 2025eko apirilean detektatu zen fokua Bergaran, odolean eta azalean eginiko probetan, eta "etengabekoa" izan da abeltzainarekin harremana ordutik. "Proba gehiago egin zaizkie gainerakoei. Denbora horretan, hildako bi abelburuez gain, beste buru batzuek ere positibo eman dute kontroletan, eta ustiategiaren erabakia izan da hustuketa sanitarioa egitea, prozedura luzatu beharrean". Alabaina, Almortzak erantsi du abelburuak hil ondoren albaitariek jasotako laginek ematen dutela behin betiko positiboaren berri, betiere laborategian bak- terioa duela baieztatzen bada, eta kopurua bakarra dela, gaur-gaurkoz. "Hasieran, bi sakrifikatu genituen, eta batek eman zuen positibo. 11 gehiago hil ditugu orduz geroztik. Guk eskatu diegu jakinarazteko zenbat diren hildakoetan benetan positibo, baina esan digute ez dietela probarik egingo".

Babes keinuak

Joan den domekan, hilaren 26an, argitaratu zuen Bergarako Zezenak ganadutegiak egoeraren berri emateko bideo bat sare sozialetan, eta hasieratik izan zuen zabalkundea. "Jende askori iritsi zaio mezua, eta asko sentitu dira identifikatuta; baserritarrak eta abeltzainak, esate baterako. Haiei ez zaie bidezkoa iruditu, eta ezta zezenzaleei eta beste hainbeste herritarri ere. Politikari batzuek ere deitu digute, eta baita albaitariek ere, esanaz bidegabea dela. Babestuta gaude", nabarmendu du Almortzak, euren alboan egon diren guztiei eskerrak emanez: "Lagunei, ganaduzaleei, zezenzaleei, batzordeei, errekortariei eta pasio hau gurekin partekatu duzuen guztioi".

Bergarako Zezenak ganadutegiko laguntzaile ez ezik, errekortaria ere bada Ander Martinez Txino aretxabaletarra, eta "tristuraz" jaso du albistea: "Batetik, Diputazioak ez du laguntzen halako egoerei aurre egiten, ez dute gugan pentsatzen, eta berdin zaie zortzi animalia hil edo 90; eta bestetik, ez zaigu ongi iruditzen osasuntsu dauden animalia batzuk hiltzea. Maite ditugu, zaindu egiten ditugu, eta erabaki hau kolpe gogorra izan da; ez genuen espero".

Errekortaria da Unai Arana bergararra ere, eta "gehienbat inpotentzia" sentitzen duela adierazi du: "Tristea da legeak nola dauden eginda ikustea. Haiek elkartzen dira legeak egitera, haiek hartzen dituzte erabakiak, eta baita aurrera atera ere, baina askotan ez dituzte kontsultatzen legeek eragina izango duten jendearekin. Ezin denez haien aurka egin, onartu egin behar da haiek esaten dutena". Horrez gain, erantsi du "pena" ematen duela animalia guztiak hil behar izateak: "Asko ezagutu egiten ditugu, euren jarrerak eta abar, ikuskizun asko egin ditugulako haiekin; gureak balira lez sentitzen ditugu. Badaude udaberrian jaiotakoak ere, edo sokamutur asko egin dituzten zezen garrantzitsuak, ikuskizun onak egin dituztenak; oso-oso tristea da horiek guztiak akabatzea. Ez da erraza horrelako animaliak eta dituzten portaerak edukitzea, atzetik lan handia egin behar baita; oso zaila izango da hori errekuperatzea".

Dozenaka herritar ere mobilizatu dira, eta atzo arratsaldean, eguena, mobilizazio bat egin zuten Bergaran. "Guk ez dugu zerikusirik horrekin, ez dugu guk antolatu, baizik eta herritarrek. Babes hori eskertzen diegu", esan du Almortzak. Horrez gain, Bergarako osoko bilkuran, astelehenean, ganadutegiari babesa adierazi zioten EH Bilduk eta EAJk.

Balio sentimentala

Almortzaren hitzetan, "legezkoa" izango da animalia guztiak sakrifikatzea abelburu bakar batek eman arren positibo, baina "ez da justua: ganaduarekin hogei urtez lanean aritu ondoren, genetika eta selekzio bat egin ostean, hauek etorri eta animalia bat gaixo egonda guztiak hil behar izatea, ez dakit...". Animaliak hiltzeagatik konpentsa- zioak badaudela dio, eta hala adierazi du Foru Aldundiak ere, baina ez dio arlo ekonomikoari horrenbeste begiratu nahi: "Kostua gutxienekoa da. Lan bat dago hemen eginda, eta denbora behar da. Hogei urteko lana hondatu digute, eta hori oso gogorra da. Balio sentimentala ekonomikoa baino handiagoa da". Halere, argitu nahi izan du, gaur-gaurkoz, ez duela "euro bat ere" jaso, seguru aski aurrerago jasoko duela aitortu arren.

85 plaza inguru egiten ditu urtean Bergarako Zezenak ganadutegiak, Euskal Herrian, Espainian (Errioxa eta Kantabria) eta Herrialde Katalanetan (Valentzia eta Castello), eta animalia propiorik ez izan arren, plaza horiek bermatuta daudela adierazi du. Bitartean, ganadutegian arituko dira lanean: "Dena asimilatzea dagokigu, eta, ondoren, desinfekzioak egi- tea eta berriro hastea. Garbi dugu animalia hauei zor diegula, gure publiko guztiari, hain- beste babes eman diguten guztiei, sare sozialetan zabaldu dugun bideoan iruzkinak egin dituztenei...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak