Altunak biharamunean jakin zuen lagunek oparia egin ziotela, eta, dioenez, asko gustatu zaio goiena.eus-en argitaratutako bideoa. "Banekien zerbaitetan zebiltzala; hala ere, harritu egin nau emaitzak. Aktibista ugari daude taldean, zerbait pentsatu eta egin egiten dute!", dio Altunak, eta zera gehitu du: "Jendearen erreakzioa ere ikusten da irudietan; Novedades zinema-aretoko garaiak gogoratzera eraman nau. Zorte txarra izan genuen Aupa Etxebeste! argitaratu orduko itxita zegoelako. Egia da frontoira jende asko bertaratu zela pelikula ikusteko gogoz; aurkezpen hura aprobetxatu genuen Bergarak zinema-areto duin bat behar zuela aldarrikatzeko. Gero etorri zen Zabalotegiko aretoa, baina txikia eta hotza zen, eta ez zegoen erdigunean. Eskerrak gaur egun Seminarixoa dugun!".
Zinekluba, indarrez
Bertako aretoan egiten ditu, asteazkenero, ZinemaOn-ek askotariko filmen proiekzioak, 2019tik. Sei urtean publiko "fidela, zer emitituko duten jakin barik joaten dena", lortu dutela dio Nekane Muñoz taldekideak: "Gehienak, 50 urtetik gorako emakumeak". Datorren hilerako ere aurkeztu dute menua, "elkarrekin zinemaz gozatzen jarraitzeko".
Bien bitartean, Altunak Karmele filmeko aurkezpenekin jarraituko du han eta hemen: "Ipar Euskal Herriko hainbat herritara joango gara, eta, bizpahiru aste barru, Argentina eta Uruguaira".
AZAROKO PROIEKZIOAK
Hauek dira ZinemaOn-ek programatuko dituen filmak, 20:00etan hasita, Seminarixoan.
Azaroak 5
• The life of Chuck: drama, fantasiazkoa.
Azaroak 12
• After the hunt: krimena.
Azaroak 19
• Estrany riu: drama, nerabeak.
Azaroak 26
• The Mastermind: drama, lapurretak.