Puntua aldizkariaren 473. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Badira denboraren iraganarekin garrantzirik galtzen ez duten une gogoangarriak. 778, 1492, 1789, 1975... Ez da historian aditua izan behar urte haiek gertaera jakin batzuekin lotzeko. Euskal Herrian 1783a zientziaren mugarri garrantzitsutzat jo daiteke: Elhuyar anaia errioxarrek Bergarako Laboratorium Chemical eraikinean –Bidekurutzeta kaleko 14an– wolframita mineraletik wolfram metala isolatzea lortu zuten urte hartan. Mundu mailan 94 metal daude, eta wolframa da fusio-punturik altuena daukana: 3.420 gradu. Wolframaren beroarekiko erresistentzia maila hori baliagarria izan zen handik ehun urtera lanparak argiztatu ahal izateko eta XX. mendean armamendu militarra modernizatzeko. "Elhuyar anaiek ez zuten ikusi zein erabilpen emango zitzaion wolframari etorkizunean, baina ziur zeuden aurkikuntza hark ekarpen handia egingo ziola fisikari eta kimikari; oinarri bat ezarriko zuela, aztertu eta zertarako erabili zitekeen jakin ahal izateko", dio Pascual Roman Polo zientzialariak.
Gaia, ponentzietan landuta
Romanek, zientziaren alorreko hainbat aditurekin batera, Laboratorium museoak antolatutako Jot Down Zientzia Sariketako ponentzietan hartu zuen parte Bergarako Seminarioan, urriko lehen asteburuan. "Estatu mailako" zientziaren dibulgazioaren lehiaketa hori Bergarara ekarri izana "luxua" dela aipatu zuen Laboratoriumeko zuzendari Rosa Errazkinek. Jardunaldia Espainiako zientzia-dibulgatzaile ospetsuak gonbidatzeko baliatu zuten, "wolframak historikoki izan duen garrantzia eta gaur egungo proiektu berritzaileetan oso presente dagoela erakusteko", zehaztu du.
Hala, hainbat hitzaldi entzuteko aukera izan zuten herritarrek; horietako gehienak, metal berezi horren ingurukoak. Gai mardulak gizarteratzera ohituta daudela erakutsi zuten adituek, eta horietako bosten hitzak jaso ditu PUNTUAk erreportaje honetan.
Ez esan 'tungsten', esan 'wolfram'
Esaterako, wolframa eta tungstenoa kontzeptu bera direla azaldu zuten: "Gaizki-ulertuak eragin ditzake, baina komeni da argitzea. Scheele eta Bergman zientzialari suediarrek tungsteno minerala aztertuta deskubritu zuten metal hori, baina ez zuten isolatzerik lortu. Hori, jakina den moduan, Elhuyar anaiek lortu zuten geroxeago, baina wolframitaren bitartez. Horregatik daude onartuta bi izenak. UPAC nazioarteko erakundeak tungsten onartzen du termino moduan, baina ikurra W da; nahiko kontraesankorra, ezta? Guk intsumisoak garela esaten dugu, hemen wolfram deitzen diogulako, tokikotasuna emanez, nolabait", azaldu du jardunaldietan hizlari aritu zen Oskar Gonzalez-Mendia irakasleak.
Beste parte-hartzaile batek, Kimikan doktore Ines Pellonek, wolframaren isolatzea ahalbidetu zuten faktoreak ekarri zituen gogora. Ilustrazioaren aroan jazo izana ez ei zen kasualitatearen fruitu izan: "Mugimendu hark bultzatu zuen ezagutzan eta arrazoian oinarritutako gizartea. Bereziki, Kimika Ilustratua beste diziplina batzuetako zientzia laguntzaile izatetik –Farmazia edo Medikuntza, esaterako– aparteko ikerketa merezi zuen diziplina autonomo izatera igaro zen".
Hauts horiaren isolatzea
1765ean Azkoitian sortutako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak bete-betean egin zuen bat ideia aurrerakoi haiekin. Irakaskuntza- proiektua ireki zuen Bergarako Errege Seminarioan, eta 1777an Kimikako eta Mineralogiako katedrak sortu zituen, espioitza-misio zientifiko eta militar batekin lotura zutenak. Parisko Jardin du Roi irakaskuntza kimikoko zentroan formakuntza jasotako Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiak inplikatuta zeuden egiteko harekin: "Espainia eta Ingalaterra gerran zeuden, eta jakin nahi zuten armada ingelesak nola fabrikatzen zituen kanoiak. Europan zeudela, elkarteari bidaltzen zizkioten gutunak alemanez idazten zituzten, baina mezurik garrantzitsuenak, espioi-lanarekin lotutakoak, euskaraz idazten zituzten", azaldu du Romanek. Misioa bertan behera geratu zen arren, haren aitzakian kimika arloko prestakuntza jasotzen ibili ziren kontinentean zehar Elhuyar anaiak, Euskalerriaren kontura. "Adibidez, 1781ean Juan Josek goi-kimikako ikastaro bat jaso zuen Upsalan (Suedia), Torbern Olof Bergman irakaslearen eskutik; hau da, tungstenoa deskubritu zuen ikerlarietako baten eskutik, eta bertan ikasi zuen, hain zuzen, tungsteno izeneko materialarekin praktikak egiten".
Wolframaren erabilerak

X izpien hodiak. Wolframezko katodoak elektroiak igortzen ditu berotzean, azeleratu egiten dira eta anodoaren aurka talka egiten dute, eta X izpiak sortu.
Bonbilla-harizpiak. Bonbilla tradizional (gori) baten harizpitik korronte elektriko bat pasatzean, tenperatura altuetan, argia igorri ahal izatea ahalbidetzen du wolframak.
Bitxiak. Batez ere, wolfram-karburoaren formakoak bitxigintzan erabiltzen dira, oso iraunkorra, harramazkekin erresistenteak eta hipoalergenikoak direlako.
Karburo puntadun erremintak. Karbono eta wolframezko materialek gogortasun apartea dute ia beste edozein material zulatzeko, eta abiadura handian lan egiteko aukera ematen dute.
Armamentu militarra. Jaurtigai zulatzaileak, ibilgailu blindatuak, erreakzio-motorren osagaiak, misiletarako gidatze-sistemak eta balen aurkako txalekoak egiteko erabiltzen da.
Altzairua. Altzairuan erabiltzen da higadurarekiko erresistentzia, gogortasuna eta erresistentzia nabarmen hobetzeko, bereziki tenperatura altuetan.
Juan Jose hurrengo urtean itzuli zen Bergarako Seminariora, eta, bertan lanean zebilen Fausto anaiaren laguntzarekin, wolframa isolatzea lortu zuten lau hilabete baino gutxiagoan. "Saxoniako eta Bohemiako mugan dagoen Zinnualdeko eztainuzko meategi batzuetatik ekarritako mineral batekin hainbat ikerketa egiten hasi ziren; alemaniarrek wolfram deitzen dioten mineralarekin, hain zuzen", zehaztu du Romanek, eta gehitu: "Lehenik eta behin, mineralean burdina eta manganesoa daudela frogatu zuten, eta hori ez zetorrela bat zientzialari suediarrek lortutako emaitzekin, tungstenoan ez baitziren agertzen. Ikerketekin jarraituz, azido klorhidrikoarekin ehotako wolframa tratatu eta kolore horiko hauts bat lortu zuten. Hautsaren propietate guztiak aztertuta, ondorioztatu zuten metal berri baten aurrean zeudela".
Zabalkundea, lau haizeetara
Hori gutxi ez, eta beste maisulan bat egitea lortu zuten ondorengo hilabeteetan, isolatzea bera bezain garrantzitsua: lorpen hura lau haizeetara zabaltzea. Romanen hitzetan, "isolatu eta berehala, Gasteizen aurkeztu zuten azalpen testua, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Batzar Nagusietan, izenburu honekin: Wolframaren analisi kimikoa eta konposaketan sartzen den metal berri baten azterketa. Elhuyar anaiek gazteleraz idatzitako ikerketa hura frantsesez, ingelesez, alemanez eta suedieraz argitaratu zen hiru urte baino gutxiagoan. Hala, epe laburrean, jakinaren gainean jarri zituzten europar ilustratuak, eta egileak zientifikoki onartu zituzten Europako akademia nagusiek. Artikulu zientifiko horretan, Elhuyar anaiek gogora ekartzen dute Scheele eta Bergman ikerlarien jatorrizko aurkikuntza, alegia, tungstenoarena, lagungarri egin zitzaiela wolframitatik wolframa isolatzeko".
Aurkikuntzaren ondoren, bi anaiak Ameriketara joan ziren euren kimika arloko jardunbidearekin jarraitzera; Faustok Meatzaritzako Errege Mintegia sortu zuen Nueva Espainiako (Mexiko eta AEB artean) hiriburuan, eta Juan Josek Granadako Erresuma Berrian (Peru) galdaketa bidezko metalen onurak aztertu zituen.
Kimikaren garapenaren sehaska
Bestetik, Bergarako Seminarioak 1880. urtera arte garatu zuen jarduna. Ateak irekita izan zituen bitartean, punta-puntako laborategi eta heziketa-gunea izan zen, hura ezagutu zuten zientzialari europarren miresmena sorrarazteraino. "Une hartan izan zitzaketen azpiegitura eta material onenekin ekipatuta zegoen, Anders Nicolaus Thunborg bezalako zientzialari suediarrek onartu zuten moduan", aipatu du Ines Pellonek.
Seminarioaren arrakasta, hein batean, Louis Proust zientzialariaren ekarpenagatik ulertu behar da, hark egokitu baitzuen eskolak emateko eta analisi kimikoak egiteko laborategi aparta. Hori horrela, Espainia osoko lehenengo kimikako eskolak ematen ziren bertan, 1779ko maiatzaren 20an.
Testuinguru hartan, iraultza handiak gertatu ziren kimikaren arloan, material berrien aurkikuntzarekin eta horien aplikazio industrial eta militarrekin lotutakoak. "Eta, era berean, ordura arte onartuta zegoen flogistoaren teoria ez zela zuzena ulertu zuten kimikariek, errekuntzetan eta kiskaltzeetan oxigenoak paper garrantzitsua jokatzen zuela konturatu zirenean, Antoine Lavoisierrek frogatu bezala", dio Pellonek.
Etorkizun handiko materiala
Duela hiru mendetako kontuez ibili arren, gaur egun erabilera handiko materiala izaten jarraitzen du wolframak. Bonbilletan ez horrenbeste, LEDak hartu diolako aurre, energia gutxiago kontsumitze aldera. Edonola ere, trokel, barauts, elektrodo, distirako lanpara, katalizatzaile, jaurtigailu espazial, telebista- pantaila eta abarretan aurki daiteke metal hori.
Badirudi aurrera begira ere garrantzitsua izango dela, fusio nuklearrean aditu Enrique Ascasibarrek Jot Down jardunaldietako ponentzia haietan emandako gakoen arabera: "Metal horren ezaugarrien konbinazioak bikainak dira fusio erreaktore baterako osagaiak fabrikatzeko. Propietateen artean, degradatu gabe karga termiko handiak jasateko gaitasun handia du, eta neutroi bidezko aktibazio txikia ere erakusten du, erreaktorean egongo den inbentario erradiaktiboa minimizatzeko lagungarria".
Haren esanetan, "bizi dugun krisi larria gainditzeko aukera bakarra" da trantsizio energetikoa, eta, prozesu horretan, "funtsezko elementua" izango da fusio nuklearra, "energia-iturri masibo, seguru eta jasangarria ziurtatzeaz gain, ez duelako epe luzerako hondakinik sortuko".
Rosario Raro idazle valentziarrak (Segorbe, 1971) literatura eta eleberri historikoa uztartzeko osagaiak ikusi zituen Bigarren Mundu Gerran frankistek naziei wolframita ezkutuan saltzen zietela jakin zuenean. Volver a Canfranc eta El cielo sobre Canfranc nobeletan eman zuen espioitzaz eta geopolitikaz zipriztindutako kontuen berri: "III. Reichak Espainian zeukan Sofindus (Industriaren Finantza Sozietatea) enpresa multzoak Galiziako meatzeetako wolframita garraiatzen zuen Canfranceko (Huesca) tren- geltokitik Alemaniara. Merkataritza klandestinoa zen, Aliatuak hornidura blokeatu guran ibiltzen zirelako. Horregatik, salerosketen erregistroak ez datoz bat Espainiako eta Alemaniako dokumentuak alderatzerakoan. Minerala bagoietan kamuflatzen zuten eta albaran faltsutuak erabiltzen zituzten".
Testuinguru horrek aukera eman zion datu errealez jositako istorio fikzionatu baten bitartez "irakurleak wolframaren garrantziarekin emozionalki konektatzeko". Izan ere, wolframa nazien objektu desiratua bilakatu zen: "Blindajeak zeharkatzeko gai ziren bala eta obus puntak egiteko, blindaje militarretarako altzairuzko aleazio bereziak ekoizteko, eta doitasun handiko eta beroarekiko erresistentzia handiko mekanizazio-erremintetarako erabili zuten metal hura", aipatu du Rarok.
Zientzia eta artea, lotuta
Seminarixoko jardunaldietan argi geratu zen idazle haren ekarpen literarioak balio izan duela wolframa moduko gai konplexuen dibulgazio zientifikoa errazteko. Oskar Gonzalez-Mendiak (Laudio, 1983) ere beste eleberri bat izan zuen hizpide bere hitzartzean, metal horren inguruko beste ikuspuntu bat partekatzeko: Oliver Sacks-en El tío Tungsteno. "Idazle hori neurologoa zen lanbidez, eta dibulgazio-liburu ugari idatzi zituen. El tío Tungsteno eleberria berezia da, haren gaztaroko bizipenak kontatzen dituelako. Titulu hori jarri zion, haren osaba batek lanparak egiteko fabrika zeukalako. Bertan piztu zitzaion Sacksi kimikarekiko interesa", azaldu du Gonzalez-Mendiak. Hala, osabarekin batera egiten zituen esperimentuak kontatzen ditu idazleak liburuan. "Besteak beste, Elhuyar anaiek wolframa isolatzeko egin zuten prozesua nola imitatzen zuten dakar liburuak, gazte baten begietatik modu dotorean adierazita", azpimarratu du.
Hortaz, bi anaia kimikariei egiten zaie aitortza literaturan ere, El Tío Tungsteno liburuko aipamenaren bitartez: "Elhuyar anaiak izendatzen dira, hain justu, kontaketako pertsonaiek laborategian ikatza hartu, labean ipini, eta hauts hori batetik metal berria lortzen dutenean".
Gonzalez-Mendiak obra hori aukeratu zuen, hain zuzen, zientzia eta artea lotzeko adibide moduan: "Ez da egiteko erraza, baina horretara dedikatzen naiz. Kimikaria naizen arren, EHUko Arte Ederren Fakultatean egiten dut lan, Ondarearen Kontserbatze eta Zaharberritze Graduko irakasle. Kimika ezagutzak beharrezkoak baitira halako esku-hartzeetarako".
