Proiektuaren aurrekontu orokorra 2.196.666 eurokoa da, eta gaur egun Barrenkalean garatzen ari diren lanen segida bat izatea nahi dute udal ordezkariek, alde zaharrari merezi duen arreta eskainiz: "Herriko edota auzoguneetako beste puntu batzuetan egiten ari garen bezala, alde zaharrean ere hobekuntza lanak egiten gabiltza, eta San Martin plazako obrak norabide horretan doaz. Alde zaharra biziberritu eta bergararrontzat kaleak irisgarriago eta bizigarriagoak egiteko helburuarekin gabiltza lanean”, nabarmendu dute Gorka Artola alkateak eta Udaleko hirigintza zinegotzi Markel Azkargortak.
San Martin plaza XVI. mendetik Bergarako bizitza sozialaren erdigunea izan da, eta gaur egun ere erabilera anitzeko gune gisa funtzionatzen du. "Hala ere, azken hamarkadetan protagonismoa galdu du, eta horregatik, proiektuaren helburua da plaza berrantolatzea, irisgarritasuna hobetzea eta erabilera sozialak indartzea, herritarren topagune nagusi gisa berreskuratuz".
Inguruko kaleetan ere eragina
Obrak plaza eta inguruko kaleak hartuko ditu: Xabier Maria Munibe plaza, Komenio kalea eta Bidekurutzeta kalearen zati bat, baita Artekaletik eta San Pedro elizatik plazarako sarbideak ere. Guztira, 1.938 metro koadroko eremua urbanizatuko da, eta proiektua Vaumm estudioak idatzi du.
Proiektuak hainbat helburu ditu: plaza eguneratzea bizikidetza eta bizitza publikoko gune gisa; espazio txikiagoak sortzea atseden hartzeko eta elkartzeko; jai ekitaldietarako gune egokiak eskaintzea; oinezkoei lehentasuna ematea ibilgailuen aurrean; elementu historikoak berreskuratzea, hala nola iturria; eta zoladura zein hiri azpiegiturak hobetzea.
Oinezkoei lehentasuna
Zoladura berria asfalto urtuzko laukizuzen batez eta kareharrizko lauzaz osatuko da, erabilerak eta zirkulazioak bereizteko. San Juan suaren ospakizunerako pieza zirkular berezi bat jarriko da, tenperatura altuak jasateko gai dena. Aparkalekuak mantenduko dira –22 plaza–, baina diskretuagoak izango dira, botoien bidez markatuta.
Hiri altzari berriak ere jarriko dira: bankuak, paperontziak, bizikleta aparkalekuak, informazio panelak, seinaleak eta argiteria multifuntzionala.
Horrez gain, eta bizilagunen eskaerei erantzunez, arnasgune bat sortuko da Biltoki ondoan, izan ere, inguru horretan berdegune txiki bat eta landaredia berria jarriko da, sare automatizatu bidez ureztatuko dena. Horrez gain granitozko piezen bidez egoteko leku bat diseinatu da eta bertan garai bateko iturria berrezartzeko asmoa du proiektuak. Irisgarritasuna bermatzeko, oinezkoentzako ibilbideak bi metroko zabalera izango dute gutxienez, eta arrapalak eta pasabideak araudiaren arabera diseinatuko dira.
Esandako moduan, proiektuaren aurrekontu orokorra 2.196.666 eurokoa da, eta honako kapitulu nagusiak barne hartzen ditu: zoladura, hiri altzariak, instalazioak, kalitate kontrola, segurtasuna eta hondakinen kudeaketa.