Martxoan hasi zituen Zubieder enpresak Barrenkaleko urbanizazio lanak, bi fasetan banatuta. Lehen fasea Egino Mallea plazatik Arrese kantoirainokoa izan zen, eta orain, bigarren fasean, plazarainoko tartean ari dira lanean. "Ikusi daitekeenez, ia plazaraino iritsi dira obrak. Balorazio positiboa egiten dugu obraren garapenaren inguruan, eta bizilagun asko gerturatu zaizkigu euren beharrak bideratzen asmatzen ari garela esateko", adierazi du Hirigintza zinegotzi Markel Azkargortak. Lanen aurrekontua 1.447.383 eurokoa da, BEZa barne.
Obrari lotutako moldaketak
Pozik daude lanekin, baina izan da gertaera aipagarririk: "Obra guztietan izaten da gorabeheraren bat. Kasu honetan, Egino-Mallea aurrean Arane errekastoa azaldu zen eta instalazioen berrikuntza berrantolatu egin behar izan genuen; atzerapen txiki bat sortu bazuen ere, martxa berrartu zuen berehala obrak". Barrenkalea guztiz itxi da ibilgailuentzat, eta horrek, "gehienbat", merkatariei eta behar bereziak dituzten pertsonei zerbitzua ematen dieten ibilgailuetan izan du eragina: "Komertzioen kartoi bilketa berrantolatu egin genuen eta lanak hasi aurretik zamalanetarako puntuak adostu ziren. Berdin jokatu genuen behar bereziak dituzten herritarrei zerbitzu ematen dieten ibilgailuen kasuan. San Martin plazan aparkatzeko baimenekin ere moldaketak egin behar izan ditugu. Orain, obrako beharrak direla eta, zati bat okupatu dugu. Gaur egun, gehienbat, zamalanetarako erabiltzen da, baina ez dugu igarri inguruko kaleetan eragin handirik izan duenik kale mozketa luze honek".
Plaza berritzen hasi, urte hasieran
Barrenkaleko lanak amaitu eta "berehala" hasiko dituzte plaza berritzeko lanak: "Datorren lan-bileran proiektua ixteko asmoa dugu, azaroan esleitu eta 2026. urtearen hasieran martxan egoteko. Efizientzia terminoetan logikoena litzateke. Plazako lanak amaitu arte ez dugu aurreikusten Barrenkalea zirkulaziora irekitzea, baina oinezkoendako Gabonetara begira ari gara lanean. Proiektu hori lotuta dago erabat komertzioa eta alde zaharra biziberritzeko helburuarekin".