Puntua aldizkariaren 468. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Azken urteetan askorentzat aurpegi ezagun bihurtu da Paulo Azpiazu, eta, hark esandakoaren arabera, ari da bere buruari jarritako helburua betetzen: sare sozialek eskaintzen dioten ikusgarritasunetik eta ariketa fisikotik bizi izatea.
Nongoa zaren galdetzen dizutenean, zer erantzuten duzu?
Ez dakidala oso ondo, leku askotan bizi izan naizelako eta kosta egiten zaidalako horretan neure burua deskribatzea. Orain diot Getarian bizi naizela, han dudalako etxea. Baina ni Bergaran jaio nintzen, eta egun ditudan 29 urteen erdia inguru Gipuzkoan eta beste erdia inguru Nafarroan eman ditut. Ama bergararra eta aita Osintxukoa izanda, 7 urte izan nituen arte Bergaran bizi izan nintzen. Baina urte batean Nafarroara joan ginen uda pasatzera, Aizkoara, eta, gurasoei inguru hura asko gustatu zitzaienez, etxe bat erosi eta bertan bizi izatea erabaki zuten. Sekulako aldaketa izan zen hura. 17 edo 18 urte nituenean Getariara etorri nintzen bizi izatera. Bergararekin harremanetan jarraitzen dugu, familia han dugulako. Baina hain ume izanda joan nintzenez, Bergarako jarraitzaileek-eta esaten didatenean nirekin ikasi zutela umetan ez naiz askorik oroitzen.
Umetatik izan zara kirola egitekoa ala egon zen horretara bideratu zintuen une konkreturen bat?
Umetan ez nintzen bereziki kirolaria, baina, herrian bizi ginenez, eskuekin lan asko egiten genituen: basoan egurra mozten genuen, beste herri batzuetara joateko bizikleta erabili... Eta indarrak betidanik eman dit arreta: ikastolan indarrarekin lotutako probak egiteak, esaterako, asko motibatzen ninduen. 14 urte ingururekin hasi nintzen pisuak jasotzen, muskulazioak ere beti erakarri izan nauelako. Gerora, gimnasiora joan nintzen, eta, geroago, harriak jasotzen hasi.
Gaur egun zure lanbidea besteei fitness kontuetan-eta laguntzea da; zein izaten da aholku edo laguntza eske etortzen zaizkizunen motibazio nagusia?
Orain dela urte batzuk hasi nintzen sareetarako edukiak sortzen; asko motibatzen ninduen nire entrenamenduen bideoak grabatu eta sareetan zabaltzeak. Hasiera batean, horiek ikusi eta laguntza eskatzen zidan edozeini laguntzen nion, baina gero, hori mugatzen joan nintzen. Asko otorduak direla-eta etortzen dira aholku eske: 40 urte inguruko langile autonomoak, adibidez; garai batean kirola egiten zutenak baina orain lanez topera ibilita euren buruaz ahaztu direnak. Aldaketa baten bila datorren jendea da, ohitura aldaketa bila datorrena: ariketa fisikoa egin, elikadura zaindu... Nik elikadura-plan bat egiten diet, entrenamenduen beste plan bat, eta horien jarraipena ere egiten diet.
"KIROLA EGITEAK ETA ONDO JATEAK FISIKO ONA IZATETIK HARAGO DOAZEN GAUZAK EMATEN DIZKIZU"
Ariketa fisikoaren helburuak zein izan behar du, sekulako muskuluak izatea ala osasuntsu egotea?
Hasteko eta behin, ohetik jaiki eta ilusio bat izatea: fisikoki zein mentalki ondo egoteko motibazioa. Hasiera batean, ariketa egitearen arrazoia izan daiteke zure fisikoarekin gustura ez egotea, ispiluan begiratu eta ikusten duzuna gustukoa ez izatea. Baina behin aldaketan murgiltzen zarenean, konturatzen zara kirola egiteak eta ondo jateak fisiko ona izatetik harago dauden beste gauza batzuk ematen dizkizula. Niri gauza bera gertatu zitzaidan bere momentuan.
Orain gimnasioetan egoten den giroa eta duela zazpi edo zortzi urte zegoena berdinak dira?
Ez zait askorik gustatzen egungo giroa, ez naiz askotan joaten; etxean gimnasio bat dut eta han entrenatzen naiz, normalean. Ni hasi nintzenetik hamabost urte pasatu dira, eta giroa asko aldatu da. Mugikorrek asko lagundu dutela uste dut, baina kalte handia ere eragin dute. Lehen, inor ere ez zen joaten mugikorrarekin, eta sozializatu egiten genuen, elkarri lagundu; gaur egun, denetarik dago, baina jendea mugikorrarekin ikusten dut asko, gogor entrenatzeko gose gutxirekin. Eta bakoitza bere kontura doala ere ikusten dut, ez diotela elkarri laguntzen. Era berean, zure fisikoaren oinarri bat duzunean erraza da muskulu eta indar gehiago izatearekin obsesionatzea, eta hori toxikoa ere bada, nik neuk bizi izan dut eta.
Herri kiroletan buru-belarri ikusten zaitugu aspaldion, harri-jasotzaile; hori, baina, ez da horren aspaldiko kontua, ezta?
Ez. Urte askoan fitnessaren munduan ibili ostean, berrogeialdian harri-jasotzaileen munduan sartzeko aukera sortu zitzaidan. Izan ere, ikusten nuen ez niola nahikoa probetxu ateratzen pisuak- eta eginaz lortutako errendimenduari; harriak probatu nituenean, horretarako bidea izan zitekeela pentsatu nuen. Kulturalki Euskal Herrian legatu bat uzteko modua ere bai. Denerako etorri zait ondo; txapelketetan aritzeak, adibidez, sareetarako eduki gehiago sortzen laguntzen dit. Harriak jasotzeak engantxatu egin nau, eta beste bide batzuk ere zabaldu dizkit. Kirol moduan oso gogorra da, eta hasieran, batez ere, Jose Ramon Iruretagoiena entrenatzailearengatik egiten nuen: entrenamendua bukatu eta zuzenean gimnasiora joateko gogoz egoten nintzen. Baina teknika menderatu ahala engantxatu egin naiz eta maila ona lortu dudala uste dut.
Zelan bizi duzu barrutik herri kirolen mundua?
Onartu behar dut lehen, harriak jasotzearen kontua deigarria egiten zitzaidan arren, orokorrean herri kirolak ez nituela askorik jarraitzen. Harri- jasotzaileon artean harreman ona dugu; eskolan, adibidez, entrenatu behar dugunean entrenatu egiten gara eta gero elkarrekin joaten gara afaltzera. Familia bat bezala gara. Plazei dagokienez, ikusten dut duela lau urte hasi nintzenetik hona zaletasuna izugarri hazi dela. Ez du futbolak duen indarrik, baina komunitate organiko bat da, zale fidelekin.
"HARRI-JASOTZAILEA IZATEA KULTURALKI EUSKAL HERRIAN LEGATU BAT UZTEKO MODUA DA"
Udan Boisen egin duten Euskal Jaian parte hartu duzu, harri-jasotzaile; zelako esperientzia izan da?
Amaigabea izan zen hegaldia kenduta, sekulakoa izan da! Joan aurretik esaten zidaten oso ondo pasatuko nuela, baina ez nuen espero hainbesterako izango zenik, eta esango nuke joan garen guztiak markatu gaituen esperientzia izan dela. Ez nekien, adibidez, hango euskal giroa hainbesterako denik: ikusten duzu munduko beste puntan euskal sustraiak mantentzen dituen jendea dagoela; euskara eta ingelesa nahasten dituen jendea, adibidez.
Hainbat urteren ostean, Instagramen, esaterako, 42.000 jarraitzaile inguru dituzu gaur egun; hasi zinenetik hona zure bideoetan-eta ikusi duzu garapenik?
Garapen handia: duela lauzpabost urteko Paulo Azpiazuk igotakoak ikusiko banitu, uste dut lotsatu egingo nintzatekeela. Beti izan dut barruan ekintzailetzarako grina; zorionez edo zoritxarrez, oso gaizki eroan izan dut beste batendako lan egitea. Eta sare sozialekin ere betidanik harreman oso ona izan dudanez, nire ezaugarrietara oso ondo egokitzen den lanbide bat lortu dut: entrenatzea, bideoak egitea, harriak jasotzea, jendea motibatzea... Nire marka sortu dut, eta eroso sentitzen naiz horrekin.
Ingurukoek nola bizi dute sareetan zeure burua hainbeste erakusteak?
Etxekoek, behintzat, anaiak eta, ondo. Egia da badagoela hau guztia zertarako egiten dudan oso ondo ulertzen ez duenik ere; eta hori pentsatzea neuri ere ulergarria egiten zait. Baina gertukoek naizen modukoa izanda maite naute. Nik argi daukat nire helburua ondare bat uztea dela, eta horretarako lan egiten dut goizean goizetik.
Dituzun jarraitzaile asko gaztetxoak direla jakinda, sareetan zabiltzanean sentitzen duzu erantzukizunez, arduraz, jokatu beharra?
Bai, noski. Norberak helburu bat izan behar du, eta mezu bat igortzen duzunean, mezu horrekin fidela izan behar duzu, ezin duzu bideo batetik bestera aldatu. Nire helburua da nire bideoekin-eta bezeroak erakartzea eta haiei laguntzea. Baina gerta daiteke 15 urteko gazte bat mezu pribatuen bidez zurekin harremanetan jartzea eta zu konturatzea mezua ez duela ondo ulertu; horrelakoetan, saiatzen naiz haiei gauzak ondo ulertarazten.
"DUELA LAUZPABOST URTEKO PAULO AZPIAZUK SAREETARA IGOTAKOAK IKUSIKO BANITU, USTE DUT LOTSATU EGINGO NINTZATEKEELA"
Zuk, adibidez, sareetan hain famatua den Amadeo Lladosen praktiken inguruan ohartarazi izan dituzu.
Nire bidean izan nuen hutsune bat izan zen hori, asko ikasteko balio izan zidana. Lladosek gauza onak eta txarrak ditu, eta niri gertatu zitzaidana izan zen neure burua korronteak eramaten utzi nuela eta diruak ere nahastu egin ninduela. Momentuan ez konturatu arren, egokiak ez ziren portaerak izaten hasi nintzen; horretaz konturatu nintzenean, baina, aldatu egin nintzen berriz ere. Ikusten dut jendeak ulertu egin duela hori eta atzean geratu dela. Esan bezala, gauzak ondo doazenean ez duzu ikasten; gaur egun naizen pertsona izateko horixe gertatu behar zen.
Tatuajeak, muskuluak... Aurreiritzi askori egin behar izaten diezu aurre?
Hasieran bai, baina oraintxe bertan ez, uste dut jendeak dezente ezagutzen nauela. Jendea haien laguna banintz bezala etortzen zait kalean, eta hori da gehien harritzen nauena. Jendeak ezagutzen nau, baina, era berean, ez nau ezagutzen: sareetan ahalik eta gardenena izaten saiatzen naiz, eta horixe da nigandik ezagutzen dutena, baina bene-benetan etxekoak dira ezagutzen nautenak.
Kirolaz gain, beste zerk pizten du zure interesa?
Ekintzailetzak eta norbere garapen pertsonalak. Ez dut gaiaz askorik hitz egiten, baina nik guztia lotuta egongo den bizitza estilo bat lortu nahi dut: kirola egitea, hortik jatea eta, era berean, jendeari laguntzea.
Zein da Paulo Azpiazurentzat egun perfektu bat?
Nire helburua da egunero, egiten dudanarekin, ahalik eta egun perfektuena izatea. Gustatzen zait oporretan joatea edo egunen batean ezer ere ez egitea; baina konturatu naiz nire izaeraren parte dela egitea eta besteei ematea. Goizean goiz jaiki, gorputza aktibatzeko kardio apur bat egin, janari kontuak kurioso eraman, besteei lagundu, arratsaldean entrenatu, eta gero afari on bat egitea; horixe gustatzen zait gehien.