Gipuzkoako erretiratu elkarteen arteko marmitako txapelketa jokatu da gaur Bergarako San Joxepe elkartean. Sei taldek hartu dute parte guztira, eta Patxi Retolaza eta Anjel Jimenez izan dira Debagoieneko ordezkariak, San Joxepe elkarteko kideak, horretarako txartela eskuratu baitzuten joan den egubakoitzean. Gainontzeko taldeei dagokienez, honako hauek izan dira: Beti Gazteak (Tolosa), Aterpe (Urretxu), Trintxerpe (Trintxerpe), Orobione (Lazkao) eta Bixi-Bixi (Donostia).
Elkarteetako kideek osatu dute epaimahaia, eta sei plater izan dituzte dastatzeko, talde bakoitzeko bana. Lau irizpide hartu dituzte aintzat marmitakoak baloratzeko: aurkezpena, hegaluzearen eta saldaren puntua, eta zaporea. Hala, puntuazio guztiak batu ondoren, lazkaotarrak izan dira garaile, 100 punturekin; hurrenez hurren izan dituzte Aterpe (95 puntu), San Joxepe (94), Bixi-Bixi (92), Beti Gazteak (85) eta Trintxerpe (75).
Amaitzeko, guztien artean dastatu dituzte eginiko marmitakoak, 35 lagun elkartu baitira mahaiaren bueltan bazkaltzeko.