Irailaren 6ko auzolana proiektu handiago baten bueltan ulertu beharra dago. Angiozarko memoria berreskuratzeko Egiaren Bila proiektuaren hirugarren eta azken fasean Munaortuko lubakietara ibilbide tematiko bat sortu dute da eta zeregin horretan aritu da buru-belarri azken urte honetan Angiozarko Aztarnak lan taldea. Proiektuaren lehen bi faseetan memoriaren txokoa inauguratu zen 2021ean eta 2023an; Angiozar 1936 gerrateko kontuak liburuaren kaleratzearekin eta Beste aldea, gizona ez den hori dokumentalaren aurkezpenarekin.
Auzolan bidez Munaortuko lubakiak garbitzeaz gain, hainbat seinalizazio poste eta informazio panel pare bat ere ipini dituzte Angiozarko Goimendi auzoko San Miguel Monte baseliza eta Munaortu bitartean.
Irailaren 20an aurkeztuko dute
Irailak 20an aurkeztuko dute ekimena Arrasaten Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatu duen Egiarekin Topaketak ekimenaren programan. Irailaren 20an hitzaldia egongo da 10:00etan San Miguel Monte baselizan eta 11:00ak aldera txangoa egingo dute Munaortuko lubakira eta amaitzeko bueltan luntxa egongo da San Miguelen.
Proiektua eta aurkezpena aurrera eramateko laguntzaileak izan dira Erreka, Ecenarro eta Kobeka enpresak, Olaso Dorrea Fundazioa, Intxorta 1937 Kultur Elkartea, Arrasateko Udala eta Bergarako Udala, eta azken honek etorkizunean Munaortuko lubakien eremua garbi mantentzeko konpromisoa hartu du. Antolatzailea Angiozar Bailarako Batzarra da.