Egiarekin topaketak egingo dituzte Angiozarren eta Arrasaten, "89 urte beteko baitira irailaren 26an faxistak Arrasaten sartu zirenetik", antolatzaileen hitzetan. Irailaren 20an, zapatuan, egingo dute topaketetako lehendabiziko ekintza: Munaortuko trintxerei buruzko hitzaldia izango da 10:00etan, Angiozarko San Miguel Monte ermitan, eta ibilaldia egingo dute ondoren, Angiozar Bailarako Batzarrarekin batera, topaketak antolatzen baitihardu Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin batera. Irailaren 24an, berriz, eguaztenean, Hondarribiko gorria: Jesus Carrera dokumentalaren emanaldia izango da, Arrasateko Kulturateko areto nagusian, 18:30ean hasita, Aitor Bastarrika zuzendariaren azalpenekin.
Hilaren 26an, urteurrenaren egunean, hiru ekintza izango dira: lehendabizi, lore eskaintza egingo dute Arrasateko Arizmendiarrieta plazako monolitoan, 18:30ean; 19:00etan, Beste aldea. Gizona ez den hori ikus-entzunezkoaren emanaldia izango da, Itziar Juaristi, Lorea Elorriaga eta Irati Alvarez egileen eskutik; eta 19:30ean, azkenik, errezitaldi musikatua Nati Roa, Hedoi Etxarte eta Maite Aristegirekin, "gutun bana irakurriko baitiete amandreei".