Bogotan jaioa zara; nolakoa da Kolonbiako hiriburua?
Jende asko jasotzen du. Mundu guztia Bogotara heltzen da, industriaren muskulua delako. Kolonbian departamendu asko daude, bakoitza bere kulturarekin. Ez nuke esango Bogotako jendea bereziki jatorra denik. Medellinen eta Cartagenan alaiagoak dira. Bogota hain handia da, bakoitza bere erritmora doa. Bogotan denetik dago. Ni hiriburu batean hezitakoa eta hazitakoa naiz, eta segurtasunik eza bazegoen; ez orain dagoena bezainbestekoa.
Diozu jende asko jasotzen duela Bogotak; kolonbiarrak bakarrik ala kanpoko jendea ere bai?
Azaltzeko zaila da, baina errealitatea da. Kolonbiara venezuelar asko joan da. Agian, ez da egokia esatea, baina uste dut kolonbiarrok ados gaudela Venezuelaren migrazioak Kolonbiaz harago Hego Amerika osoari eragin diola esatearekin.
Zer-nolako prozesua da migratzea?
Ez da erraza. Hona etortzeko, kolonbiar askok lortu duten guztia saltzen dute, eta, ametsa jarraituz, maleta egin eta alde egiten du, jakin gabe zer-nolako etorkizuna izango duen. Erruleta bat da. Espainia mirari bat dela diote, baina gero, bakoitzak bere zortea dauka. Kolonbiarrok sinesmen handia daukagu Jainkoarengan, gure fedea da.
Zergatik utzi zenuen Kolonbia?
Segurtasun faltagatik eta etorkizun hobea topatzeko. 2022an iritsi ginen Madrilera bikotekidea eta biok, seme-alabak han utzita. Iritsi eta hamar egunera, itzuli egin nahi nuen, baina, azkenean, urtebete pasa genuen Madrilen. Nire emaztearen senide batek lagundu zigun etxe bat bilatzen. Oso zaila da. Kolonbian nire emaztea profesionala zen, nik ere lanpostu ona neukan. Handik alde eginda, dirua lortzeko aukera ikusten duzu. Pentsatzen duzu dirua harri azpian aurkituko duzula. Pazientzia eta borondatea behar dituzu aurrera egiteko.
"Kolonbiar askok alde egiten du jakin gabe zer-nolako etorkizuna izango duen"
Migratzearen gogorrena zer da?
Elkarbizitza. Hasieran, behintzat, beste migrante askorekin partekatu behar duzu etxea. Beldurgarria da.
Madrilgo lehen hilabeteak nolakoak izan ziren?
Oso baldintza txarretan egiten genuen lan. Orduan ikusi nuen jendeak zenbat abusatzen zuten migranteez. Umiliatu egiten gintuzten. Ni pare bat urtez Kolonbiako armadan egon nintzen, eta horrela ez ninduten sekula tratatu. Hamar urteko esperientzia nuen soldaduran. Behin, lanera ilea kaskamotz moztuta joan nintzen, eta yanki hutsa nintzela esan zidaten. Gainera, etxe askotan ez gintuzten erroldatu nahi. Dena den, topatu genuen erroldatu gintuzten etxe bat. Lanez ere aldatu nuen. Teilatuetan egiten nuen lan, eta bertigo handia neukan. Alaba nuen Kolonbian, eta aurrera egin behar nuela esaten nion neure buruari.
"Madrilera iritsi eta hamar egunera itzuli nahi nuen; azkenean, urtebete pasa nuen"
Madrildik Euskal Herrira.
Gu Kolonbian barnealdean bizi ginen, eta itsasora heltzeko aurreztu egin behar genuen. Lagun baten bidez bisitan etorri ginen Gipuzkoara. Kolonbia gogorarazten zidan hemengo paisaiak. Zarautzen egon ginen denbora batez bizitzen; nik Itziarren egiten nuen lan. Zarauztik joan egin behar izan genuen, dirua aurreztu genuelako seme-alabak hona ekartzeko eta pisua txikia zelako. Eibarrera joan ginen, baina pisu-eskaintza bat jaso genuen Bergaratik. Pisuko jabea soldaduragatik galdezka hasi zitzaidan. Esan zidan etxea Bergaran hartuta ez ote zitzaidan gustatuko hemen inguruan izatea lana. Baietz esan nion. Curriculuma pasa, eta astebetera deitu zidaten. Oraindik han nabil lanean.
Nola hartu zaituztete Bergaran?
Ondo. Egia da kalean asko egotekoak ez garela. Esango nuke zailena seme-alabendako izan dela. Sei hilabete daramatzate hemen. Ni lanean oso isila naiz. Nirea egiten dut, eta nik lortu dudana nire kabuz irabazi dut.
Zer igartzen duzu faltan?
Janaria, adibidez; hangoa oso goxoa da. Hemengo jatetxe kolonbiarrak oso garestiak dira; diru asko kobratzen dizute han oso arrunta den plater batengatik.
Zailagoa izango zen bakarrik etortzea?
Bakarrik etorri izan banintz, azkar itzuliko nintzen. Bikotekidea eta biok elkarren babesgune izan gara. Pixkanaka gauzak konpontzen joaten dira.
Kontatu duzunaren ondoren, gauzak errazagoak izango zirela uste zenuen?
Espainiara migratzen duzu, batik bat, hizkuntza badakizulako. Jendeak gauza politak bakarrik erakusten dizkizu. Paisaia politen argazkiak partekatzen dituzte sare sozialetan eta ikusten duzu sekulako bizitza dutela. Askotan, ez da horrela.
Zorte edo fede kontua izan daiteke?
Hizkuntzarekin ez du izan arazorik Cristian Cortesek, gaztelaniarekin moldatu delako, baina zenbait hitz ikasi ditu euskaraz. Dena den, azaldu duenez, bikotekideak izan du arazoren bat lanean. Hala ere, elkarrizketan zehar nabaritu zaio sinestuna dela: "Asko sinesten dut Jainkoarengan. Han eliza kristau asko gaude. Hitza bakarra da, baina era ezberdinetan interpretatzen da. Nik sentitzen dudan erlijioa da Jainkoari errespetu handia izatea. Nik pentsatzen dut mundu honetan ez gaudela bakarrik".