Berener energia berriztagarrien kooperatiba 2022an sortu zuten, trantsizio sozioekologikoan eragin eta urratsak egitea helburu. Gaur egun, 131 bazkide dira, eta gehiago nahi dituzte, besteak beste, San Martin eskolako teilatuko eguzki-plakek eragingo duten energia banatzeko. 510 watteko 196 plaka jarriko dituzte: 99.960 watt. Plaka horien energia jaso eta korronte alternora pasatzeko 100 kilowatteko inbertsore bat jarriko dute. Lanak uztailean amaitu nahi dituzte: "Aste amaierarako eguzki-plaka guztiak teilatuan jarrita utzi nahi ditugu".
Lehen urratserako, 200 lagun
Berenerren asmoa da instalazio horretara 200 erabiltzaile konektatzea, eta bakoitzak 500 wattek sortzen duten energia izango du erabilgarri. "Sortzen den energia berriztagarria da. Beraz, 200 erabiltzaile horien aurrezpen ekonomikoaz harago, ingurugiro onurak ere oso garrantzitsuak dira", gogorarazi du Berenerreko talde eragileak. Berenerreko bazkide egiteko 100 euroko ekarpen bakarra egin beharko dute norbanakoek – ekarpena 200 eurokoa da enpresen eta elkarteen kasuan–, eta bazkide-kuota 20 eurokoa da urteko. Gero, San Martin eskolako eguzki-plaketatik autokontsumo partekatura batu nahi duen herritarrak 0,5 kilowatteko paketea eskatzeko 100 euroko ekarpen bakarra eta 25 euroko mantentze-kuota ordaindu behar du: "Gero, eguzki-plakek energia sortzen duten bitartean dagokizuna kontsumituko duzu, eta zure fakturan aurreztu".
Faktura murrizteaz harago
Esandako moduan, 131 bazkide dira gaur egun Berenerren. "San Martin eskolako instalazioan 200 bazkiderentzat egongo da lekua, eta, beraz, oraindik badago aukera instalazio horretara batzeko. Hala ere, azpimarratu nahi dugu Berenerrera batzea ez dela soilik elektrizitate-faktura murrizteko bidea. Energia burujabetzara bidean urratsak egitea da energia komunitate horren helburua. Orain, eguzki-plaken instalazioak ditugu esku artean; Osintxun ere egingo dugu instalazio bat epe motzean, eta beste batzuk ere etorriko dira, baina etorkizunean beste lan-ildo batzuk zabaltzea da asmoa. Eta horietan guztietan herritarrek izango dute hitza, bazkideok garelako erabakiak hartzen ditugunak. Hortaz, Berenerrera batzeak helburu eta proiektu horiek bultzatzea dakar".
Bazkide erabiltzaileez gain, hiru bazkide laguntzaile ditu Berenerrek: Bergarako Udala, Alet eta Fagor. "Euren ezagutzatik eta gaitasunetik egiten dute ekarpena. Energiarena sektore zaila da, eta oso ekarpen esanguratsua egiten du bazkide laguntzaile bakoitzak, alor teknikoan, ekonomikoan eta bestelakoetan.
Zer da autokontsumo partekatua?
Bazkide berriak erakarri nahian azken asteotan herritarrekin egin dituzten bilera irekietan autokontsumo partekatuaren kontzeptuak zalantzak eragin dituela aitortu du Berenerrek. Honako azalpen hau eman dute, kontzeptua zer den ahalik eta argien azaltzeko: "Autokontsumo partekatuan, instalazio bakar batetik jende askok kontsumi dezake energia. San Martin eskolako teilatuko eguzki-plakek sortuko duten energia, nolabait esateko, pakete txikietan banatuko da, eta bazkideek pakete horiek hartu ahal izango dituzte. San Martingo instalazioak, adibidez, 100 kilowatteko potentzia izango du. Berenerrek 0,5 kilowatteko paketeak banatuko ditu, eta horiek hartu ahal izango dituzte bazkideek. Eguzki-plakek energia sortzen duten bitartean, norberari dagokion partea kontsumi daiteke, eta, horrela, elektrizitate-faktura murriztu egingo da. Norberari dagokion energia ez bada kontsumitzen, etxean ez garelako egon, esaterako, sare elektrikora joango da, eta bakoitzaren merkaturatzaileak konpentsazio bat ordainduko du. Prozesu hori guztia modu automatizatu eta digitalean egiten da, etxean inongo lanik edo moldaketarik egin barik. Beraz, merkaturatzailez aldatu barik, instalazioen onuradun izan daiteke. Bi baldintza bete behar dira: Berenerren bazkide izatea eta kontsumo puntutik –etxetik, adibidez– instalaziora bost kilometro baino gutxiago egotea", azaldu dute.
Hurrengo geltokia, Osintxu
Bizilagunen komunitateen teilatuetan instalazioak jartzeko ereduarekin ere badihardute Berenerren, eta aurreratu dute hurrengo esku-hartzea Osintxu auzoan egingo dutela. "Osintxu 4ko teilatua izango da lehena martxan jartzen; instalazioen inbertsioa, mantentzea eta aseguru-gastuak Berenerrek hartuko ditu bere gain. Teilatua lagatzearen truke, komunitateak zona komunetan kontsumitzen duen argindarra jasoko du trukean, 10 kW-ko kontsumo-mugarekin. Bestalde, bertatik kontsumitu nahi duten bizilagunek Berenerren bazkidetuz egin ahal izango dute. Hala, Bergaran teilatu handiak dituzten etxejabe-komunitateak animatu nahi ditugu euren teilatuak kooperatiba herritarraren esku lagatzera".