Ate joka dago bergarar askorentzat urteko festa kutunena dena: domekan ospatuko da San Martzialgo erromeria. Goiztiarrenak 10:00 aldera irtengo dira plazatik, idiekin batera, San Martzialera bidean. Aurten, nobedade bezala, Lanbroa elkartekoak ere bertan elkartuko dira; izan ere, 1905eko ikurrin bereziaren erreplika igoko dute San Martzialera eta ermita atarian argazkia aterako dute, 120 urte geroago –1905eko sanmartzialetako argazkia errepikatu nahi dute–.
Xamatzekoak protagonista iaz
Ezin dira sanmartzialak dantza barik ulertu. Iazko soka dantzaren aurretik emanaldi berezia egin zuten Xamatz dantza taldeko kide batzuek. Iazkoa xarma berezi batekin gogoratzen du Harkaitz Arana dantzariak: "Xamatzen ibilitako asko gara 1974koak, eta, iaz 50 urte betetzen genituenez, zerbait berezia egitea erabaki genuen. Garai batean, soka dantzaren aurretik, Xamatzekook hiru dantza egiten genuen: neskena, mutilena eta mistoa. Aitzakia horren bueltan irten ginen iaz zelaira zerbait berezia egitera: euskal dantzetan, estilo askotariko musikan eta umorean oinarritutako koreografia bat prestatu genuen San Martzialgo ospakizunean, bertan gertatzen direnekin eginda gidoia". Harrera oso ona izan zuen saioak, Aranaren arabera: "Akaso, baten bati ez zitzaion askorik gustatu, baina jende asko eta asko hurbildu zitzaigun izugarri gustatu zitzaiola esanez".
Kuadrillek guneak zintekin erreserba ditzakete gaurko 15:00etatik aurrera; lehenago ezin da
Iazkoa bakarra izan zen; aurten ez dute halakorik egingo. Hori bai, Arana izango da domekan San Martzialera igoko diren bergararretako bat: "Urteko egun bereziena da niretzat, zalantza barik. Esango nuke dantzariontzat, urte luzez sokan dantzan aritu garenontzat-eta, oso berezia dela. Adin askotariko jendea elkartzen gara ingurune ederrean, eta hori ez da Bergarako beste jaietan gertatzen. Hori oso polita da. Bestalde, gure garaian udal ordezkariek ez zuten dantzan egiten; aspaldiko ohitura zen hori, eta duela urte batzuk berreskuratu zen".
Natura-ingurua zaintzea
Udalak gogora ekarri du "denona" den natura-gunea errespetatu beharra dagoela. Horregatik, gomendio edo eskaera zehatz batzuk egin dituzte. Hasteko, eremuko landaretza zaindu egin behar dela gogoratu dute: "Ez ezazu zuhaitz-adarrik edo hostorik apurtu eta gogoratu enborretan ezin dela elementu arrotzik erabili –iltzeak eta bestelakoak–. Zuhaitz hilei bizitza darie; beraz, zuhaitz horiek ere daudenetan laga". Horrez gain, gogora ekarri dute ezin dela lurra leunduz terrazarik egin, ezin dela lurrean surik piztu eta iturrian ezingo dela harrikorik egin. Gainera, hondakin guztiak dagozkien edukiontzietan batzeaz gain, kuadrilla bakoitzak erabiliko duen gunea ere txukun uzteko eskatu dute, aulkiak, mahaiak, tresneria edota eremua mugatzeko zintak jasoz. Aurten 122 mahai eta 972 aulki eskatu dituzte herritarrek.
Lekua zintekin erreserbatzea
Udaleko langileek ermitan eta inguruan mantentze-lanak egin behar izaten dituzte azken ordura arte. Horregatik, kuadrillek ezingo dituzte guneak zintekin erreserbatu gaurko 15:00ak arte. Gainera, eskatu dute herriarena den eremu hori erabiltzerakoan partekatzeko ahalegina egitea eta besteekin errespetuz jokatzea: "Errespeta ditzagun geure burua, besteak eta ingurua".