Oso azkarra izanda ere, Andoni Calbano (Bergara, 2000) ez da lasterketetako lehenengo metroetan aurre hartzen duen horietakoa. Real Sociedad taldeko atletak metro batzuk behar ditu abiadura hartzeko, eta hor, ondoko kaleetan joaten diren atletetako batzuek aurre hartzen diote sarri, tarte txikiagatik bada ere. "Hasierako metro horietan garrantzitsua da lasai egotea, eta beti ez dut lortzen. Psikologikoki gogorra da ikustea 100 metroko lasterketa motz bat besteek hobeto hasi dutela, abantaila hartu dizutela". Baina lasai egotea lortzen duenean, lasterketa bere buruan behin eta berriro irudikatu eta atzetik aurrera egin beharko duela onartu duenean dator Calbanoren bertsiorik onena, orduan da haren momentua. Seigarren abiadura sartu eta besteak onena eman eta abiadura galtzen hasten direnean bergararra martxa horri eusteko kapaz da, eta lasterketa amaiera ikusgarriak egiten ditu. Seguruenik, horregatik ez da 100 metroko espezialista, eta bai 200 metrokoa, distantzia luzetxoagoa behar du-eta haren bertsiorik onena erakusteko. Eta hori egin zuen, hain zuzen, zapatuan Bilbon jokatu zuten Euskadiko Txapelketan. 10,29an geratu zuen erlojua, eta Euskadin atletismoaren historian beste atleta bat baino ez da egon horren azkarra, eta gaur egun Calbanoren taldekidea da: Ander Garaiar.
Urteko bosgarren marka onena
Espezialista izan gabe, Calbanok zapatuan Espainiako urteko bosgarren marka onena egin zuen 100 metrokoan. "Egia esan, oso lasterketa ona egin nuen, baina hobetu egin daiteke. Bero egiten zuen, baina oso baldintza onak genituen korrika egiteko, haize apur bat alde (+1.9) geneukan eta sentsazio onekin nintzen. Itsasoaren mailan zaudenean, hezetasun handia... ez da izaten erraza marka ona egitea, baina lortu nuen; lanak ondo egiten ari garen seinale. Eta hor egon zen gakoa, hasieran burua hotz mantendu nuen; izan ere, banekien ondoan nituen atletetatik bat edo beste hobeto hasiko zela. Baina 50. metroa gainditu nuen momentuan hegan egin nuen, helmugara arte", dio, barre eginez.
Calbano eta Carrascal
Esandako moduan, zapatuan Euskadiko Txapelketa jokatu zuten, eta bertan bi atleta debagoiendar nabarmendu ziren: Calbano 100 metroko lasterketan eta Eneko Carrascal (Arrasate, 1999) salto hirukoitzean (7,45). Biek ala biek irabazi zuten urrea, eta biek dute abuztu hasieran jokatuko duten Espainiako Txapelketa absolutua begiz jota – Maialen Axpe pertika-jauzilaria orkatilako ebakuntza batetik errekuperatzen dabil–. Edozelan ere, urrea irabazteaz batera, Bergarakoak Euskadiko inoizko marka onena berdindu zuen –100 metroko finalean beste arrasatear bat ere izan zen Calbanorekin batera lehian, Arrasate Atletikoko Oihan Zulueta–.
200ekoa du begiz jota
Euskadiko 100 metroko errekorra (10,34) bi hamarkada luzetan egon da Orkatz Beitiaren eskutan. Ondarroako atletak 2002an ezarri zuen marka hori, Salamancan, eta duela hilabete batzuetara arte Euskadiko gizon azkarrenaren titulua izan du bizkaitarrak. Maiatzaren 31n, Anoetan, Oiartzungo Ander Garaiarrek bost ehunen gutxiago erabili zituen 100 metroko lasterketa egiteko (10,29). Bada, errekor hori Calbanorekin partekatzen du orain. "Ederra da Ander egiten dabilena, sekulako atleta da. 200 metroko lasterketan nirea zen Euskadiko errekorra, eta Anderrek nire marka ondu du. Hori motibazio-iturri ederra da, erakusten didalako ezin naizela lasaitu; hobetzen laguntzen dit. Orain, 100 metrokoan haren marka berbera egin dut, eta uztailaren 12an saiatuko naiz 200ekoa hobetzen. 100 metroko lasterketan marka ona eginez gero, bakarrik etortzen da 200 metrokoa. Espainiako Txapelketa da helburu nagusia".