Berumuga jaialdiaren 25. aldia ospatuko dute hilabete honetan, eta maila handiko lau proposamen izango dira aurten. Lehenengoa bihar, egubakoitza, izango da, eta Amparanoia taldeko lider Amparo Sanchezek (Alcala la Real, Jaen, 1969) bakarkako bosgarren diskoa aurkeztuko du: Ritual sonoro. Espoloian izango da emanaldia, 22:00etan hasita.
Nolako kontzertua emango duzu Bergaran?
Errepertorio oso berezi batekin joango naiz; izan ere, nire lehen bakarkako diskoa izan zen Tucson-Habana-ren hamargarren urteurrena ospatzen ari gara, eta Ritual sonoro nire azken laneko formatuarekin joango gara. Hau da, gitarrak eta ahotsa.
Otsailean Bilbon eta Donostian eman zenituen zuzenekoak; nolakoa da euskal publikoa?
Euskal publikoa oso maitekorra da nirekin. Hamarkadak daramatzagu elkarren arteko harremanarekin, eta, egia esatearren, oso maitatua sentitzen naiz beti han. Amparanoia taldeagatik naiz ezagunagoa, eta sentitzen dut Amparanoiako kantuak jotzen ditugunean energia kolektiboagoa izaten dela eta modu kolektiboan bibratzen dugula. Edozelan ere, egubakoitzean eramango dudan proposamena intimoagoa da, desberdina. Alegia, Bergarara eramango dudan errepertorioa izango da publikoan egongo den entzule bakoitzari banaka abesten egongo banintz bezala; askoz ere pertsonalagoa eta zuzenagoa da.
Zein leku du lan berri horrek zure ibilbidean?
Nire ustez, interpretazio-mailako eboluzioa ekarri du. Ritual sonoro deitzen den azken albuma erritual bat da, eta, esan bezala, jendearen bihotzetara joaten da; hor mugitzera, gogoraraztera, sentiaraztera, dardararaztera. Horrek guztiak garapen bat dakar, bidaia moduko bat da kontzertua, eta amaieran, abesten bukatuko dugu, elkarri eragiten. Uste dut bidaia hori nire aldetik nahita egin dudala, eta, hainbeste kontzertu egin ditudanez formatu horrekin, hainbat lekutan eta hain publiko ezberdinarekin, egia esan, sentitzen dudana konexio handia da. Beti gustura egon izan naiz eszenatokian, baina orain, agian, inoiz baino gusturago: segurtasun handia dut, gozamen handia. Baita nirekin doazen taldekideek ere.
Agertokian Willy Fuego eta Quini Almendros izango dituzu alboan.
Bai; zoragarriak dira. Willy Fuego abeslari eta ekoizle katalana nire lagun banaezina da. Eta Quini Almendros 80ko hamarkadako La Guardia talde mitikokoa, Granadako musikari eta lagun handia da. Bi handik laguntzen didate, eta jendeak izugarri gozatuko du.
Amparanoiarekin ere aktibo jarraitzen duzu.
Taldearen hogeigarren urteurrenerako itzuli ginen, zerbait puntuala izango zelakoan. Baina konturatu nintzen nire beste alderdiarekin, nire bakarlari ibilbidearekin, uztartzen jarrai nezakeela, eta benetan konbinagarria zela. Dagoeneko prestatzen ari naiz 30. urteurrena, 2027an izango dena; horrenbestez, guztiz posible da, gaur egun, bi proiektu horiek konbinatu ahal izatea.
Kantu berri bat ere argitaratu berri duzue Amparanoiarekin.
Bai; aurreko egubakoitzean kaleratu genuen Otro planeta abestia. Aste honetako kontzertu akustikoen ostean, datorren astean taldearekin izango gara Tarregan, Katalunian.
Nola daramatzazu Mamita Recods-eko zuzendari-lanak?
Gustura; nire lana banatzeko balio dit, baita beste artista batzuen ametsetarako zubi izateko ere. Bartzelonan bizi den Mane Ferret konpositore kubatarraren lana prestatzen ari gara.