Iñaki Espartza: "Dudarik gabe, askoren lanaren emaitza da mende erdi egitea"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 30a, 09:35

Iñaki Espartza, UNED-Bergarako zuzendaria. Irudia: UNED-Bergara.

50 urte egingo ditu UNED-Bergarak, eta euren lanaz aritu da Espartza, eskuartean duten eskaintza motaren berri emateaz batera.

2025-2026ko ikasturterako eskaintza aurkezteko hitzaldia egin berri du UNED-Bergarak. Iñaki Espartza zuzendariaren hitzetan, batetik, "urte arrunta" izango da, baina, bestetik, "baita berezia ere", mende erdi beteko baitu unibertsitateak.

Nolako eskaintza du UNEDek?

Oso zabala da. Diotenez, Europako campusik handiena da UNED, ikasle kopuruari ez ezik, baita eskaintza akademikoari dagokionez ere. Beti gaude titulazio berriak sortzen; horietako batzuk, beste profil batzuetakoak: esaterako, mikroprestakuntzak, helburu jakin eta berehalakoak lortzeko, batzuetan posible baita urtebeterekin merkatuko beharrei erantzuna emateko edo gaurkotzeko.

Online unibertsitate hutsa baino "askoz gehiago" zaretela diozue.

UNED-Bergara berezia da. Gure prestakuntzaren metodologia erdi-presentziala da, eta, online elementuez harago, tokia egiten diogu aurrez aurrekoari ere. Bergaran sekulako eraikina dugu horretarako, eta, gainera, pertsona fisikoak ere badaude lanean, zalantzak-eta argitzeko. Horrez gain, hirurogei irakasle-tutore baino gehiago ditugu.

Zenbat ikasle izan ohi dituzue?

1.400 ikasleren inguruan gabiltza, eta profilak askotarikoak dira. Batetik, jubilatuen profila klasikoa izaten da, baina badaude gehiago ere: euren burua birziklatu nahi dutenena, mikrotituluak eginez gaurkotuz; langabezian daudenak; eta ikasle oso gazteak, geroz eta gehiago.

50 urte beteko dituzue datorren urtean; berezia izango da, ezta?

Noski. Bergarako eta Gipuzkoako agintariek interesgarritzat jo zuten orduko hartan UNED Bergarara ekartzea, eta gurekin jarraitzen dute: Eusko Jaurlaritzak, Bergarako Udalak, Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zalantzarik gabe, askoren lanaren emaitza da mende erdi betetzea.

Ospakizunik egingo al duzue?

Bai, baina hausnarketa fasean gaude. Bitartean, eguneroko informazioa gure webgunean dago eskuragai, eta datorren astean irekiko da matrikula, irailean emango dugun arren eskaintzaren berri, beste behin; are gehiago, ateak irekiko ditugu urrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak