Lanbroa Kultur Elkarteak beste behin bete zuen Irizar jauregiko areto nagusia. Bergarako ikurrina 1905 - Bergarako bandera 2025. Iragana, oraina... geroa? izenburu zuen saioak ikusmin handia piztu zuen. "Badute meritua bertaratu zirenek, egiten zuen bero itogarriarekin ordu eta erdiz adi egotearren bakarrik. Aretoa goraino bete zen eta ondoren hamabost bat lagun joan ginen elkarte gastronomiko batera afaltzera", adierazi du Lanbroako Andoni Larrañagak.
Ikurrinaren erreplika bat eta herriko bandera hitzaldian zehar egon ziren ikusgai
"Gai ezezaguna askorentzat"
Bergarako gizonezko talde bat 1905ean San Martzialen ageri den argazki bat izan zen hitzaldiko elementu aipagarrienetako bat. Ikurrin oso berezia ageri da argazkian, eta haren erreplika bat eroan zuten hitzaldira antolatzaileek. "Gai ezezaguna zen gehienentzat. Juan Luis Bikuñaren liburu baten azaleko argazkia da, artxiboan ikusgai dagoena, baina badirudi inor gutxik erreparatu diola. Guk egin duguna izan da testuinguruan jarri, 1905ekoa dela eta San Martzialgo erromeria ezagunean aterata dagoela ziurtatu. Zuri-beltzezko argazki batetik atera dugu kolorezko erreplika, jatorrizkora asko gerturatzen dena. Komentatu genuen polita izango zela aurtengo sanmartzialetara igotzea ikurrina hori eta bertan argazki bat ateratzea, 120 urte geroago; ez dakigu egingo dugun. Hala ere, gai ezezagun bat azaleratu dugu, eta pozik gaude horregatik. Ezin dugu ahaztu gure elkartearen helburu nagusietako bat dela ezkutuko gaiak mahai gaineratzea", dio Larrañagak.
Bergarako banderaz gogoeta
Bestalde, gaur egungo Bergarako bandera ere eroan zuten antolatzaileek Irizarrera, eta hausnarketarako proposamen bat egin zuten: "Bergarako banderaren gaineko azalpenak eman genituen. Argi azaldu genuen ez duela zerikusirik bandera karlistarekin, baina lotura duela aro modernoan herri bakoitzeko miliziek eroaten zuten ikurrekin. Gerra-bandera bat da, Espainiako Errege-Erregina Katolikoen garaitik datorrena –1496koa, gutxi gorabehera–; banderako gurutze gorri horiek haien aldekoak dira. Bestalde, ez dagoena argi da gurutze gorri horiek lehenagotik erabiltzen ziren edo ez. Hori guztia jakinda, gure herriko banderaren egokitasunaz hausnartzeko gonbidapena egin genuen, baina apenas egon zen interbentziorik bertaratutakoen artean. Erreakzio edo gaiaz sakontzeko borondate falta ikusita, hor utziko dugu kontua".