50. urteurreneko ospakizun handia izango du bihar Moises Azpiazu dantza taldeak, izena Bergaran arrasto berezia utzi zuen dantzari eta dantza irakasleari zor dion dantza taldeak; errepideko istripu batean hil zen Moises Azpiazu (Bergara, 1941), 42 urte eskas zituela, eta hil ostean haren izena hartu zuen gidatzen zuen dantza taldeak.
Dantza askatuaren lehen urratsak
1964an hasi zen dantza askatua irakasten, Osintxun. Urte berean hasi ziren Jabier Mendizabal Surra eta Maite Barrena diziplina bera irakasten; dantza askatuak, beraz, ibilbide luzea dauka Bergaran. Azpiazu herrigunera dantza irakastera 1971n etorri zela dio, beteranoenei galdetu ostean, egungo taldeko arduradun Maite Lazkanok (Bergara, 1980): "Iaz jakin nuen, Moisesen iloba eta nire lehen irakasle Dani Azpiazuren bitartez, 1971n eman zituela dantza taldeak lehen pausoak. 2021ean pandemia, ikasturtea bera eta Korrontzirekin emandako ikuskizun berezia prestatzen lanpetuta ibili gara. Orain bai, urteurrena behar moduan ospatzeko gaude. Guraso talde eder bat laguntzeko prest dago, gainera". Gurasoez harago ere eskertuta dago Lazkano: "Talde baten lana jende askoren egunerokotasunean oinarritzen da: gurasoen laguntza, irakasle bikainak, ikasle apartak, urteetan egindako bidelagun ederrak... Eta, nola ez, Udalaren laguntza ere beharrezkoa da. Mila esker!".
Azpiazu, "dantzari bikaina"
Gaur egun 167 ikasle dituzte taldean. Biharko ospakizunari erreparatuta, egun osoko plana dute: 11:30ean dantza emanaldia udal pilotalekua; 14:30ean, bazkaria frontoian bertan; 18:00etan, poteo musikatua kalez kale; eta, 19:30etik 22:30era, Bada Giro taldearekin erromeria San Martin plazan. "Dantzari bikaina" izateaz gain, Moises Azpiazu "pertsona aparta" zela dio Lazkanok: "Pena handiz, baina ni, tamalez, ez nintzen Moises ezagutzera iritsi. Oso langilea omen zen, bihotzetik lan egiten zuen horietakoa. Franco bizirik zegoela, Euskal Herria bizi izaten ari zen egoera zela-eta euskal dantzak bultzatzen hasi zen, gure sentimenduak adierazi eta euskal kultura sustatzeko asmoz. Garai hartan ikasle pila bat hurbildu ziren dantzara, eta indar handia hartu zuen. Dantzan murgildu nintzen lehen pausoetatik Danirekin jardun nuen, eta Moises hil ostean Danik hartu zuen lekukoa. Danik utzi zuenean Amaia Agirreri eta bioi utzi zigun taldearekin jarraitzeko aukera, eta nik neuk hartu nuen lekukoa".
Bergara, askatuan erreferente
Urte luzez dantza askatuko txapelketetara begira egon da Moises Azpiazu taldea: "Hainbat urtez bikote pila bat aritu gara txapelketaz txapelketa. Ez dakit Bergarako espezialitatea dantza askatua den, baina egia da Moises Azpiazu taldeak lan asko egin duela eta txapelketetan indar handia izan duela hamarkadaz hamarkada. Herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bai, Bergara dantza askatuan nabarmendu dela esan daiteke. Debagoienean, behintzat, ez da halako beste kasurik izan".
Txapeldunen zerrenda ikusita, bergararren presentzia nabarmentzekoa da Euskal Herriko nagusien txapelketan: Amaia Agirre eta Juantxo Urbieta (1984 eta 1986); Amaia Agirre eta Edu Muruamendiaraz (1993, 1994 eta 1995); Maite Lazkano eta Asier Ena (2001); Maite Lazkano eta Aitzol Ena (2009); eta Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (2019, 2022 eta 2023).
Maite Lazkano: "Talde baten lana jende askoren egunerokotasunean oinarritzen da"
Dantza herrikoiak ere bai
Dantza askatuari eutsiz oraindik ere, askotariko dantza herrikoiak ere lantzen dituzte aspalditik: "Azken urteetan txapelketetara bikote bakarra bideratu izan dugu. Betiere, dantza askatua gure espezialitatea izanik, egungo izaera herrikoiagoa da. Fandango eta arin-arin hutsetik irten, eta erromerietako dantzak irakasten ditugu". Argi geratu zen azken hori maiatzaren 25ean, Udalak sustatutako lehen Dantza Egunean: "Herriko dantza talde guztiok harremanetan jarri, eta lehen aldia zenez, zerbait xumea egitea pentsatu genuen; talde guztiok oso positiboki baloratu genuen eguna eta gogotsu gaude ekimenari jarraipena emateko".