Kirolak ere izango du lekua Pentekosteetan

Uxue Arakama 2025ko eka. 5a, 15:00

Aurtengo jaietan, hainbat kirol emanaldi sartu dituzte egitarauan. Horien artean, herri-kirol erakustaldiak, pilota jaialdiak eta IV. Mokoloblok topaketa. Ernesto Ezpeleta 'Bihurri'-k, gainera, auto bat ebakiko du aizkorarekin, eta bakarrik.

Festak festa, kirol emanaldiek ere izango dute lekua aurtengo Pentekosteetan. Urtero moduan, baina aldaketa batzuk medio, herri-kirol erakustaldiekin, pilota jaialdi herrikoi zein profesionalekin eta IV. Mokoloblok Bergarako Kale Blok topaketarekin beteko dute jaietako kirol egitaraua. Herri-kirol erakustaldia Martitzenean, hilak 10, Umeen eta Helduen Eguna ospatuko da, baita herri kirolen erakustaldia ere. 12:00etan hasiko da, San Martin plazan.

Lehen zatian, kirol askotariko erakustaldiak egingo dituzte: Paulo Azpiazu (Bergara) eta Ainitze Zumeta (Zarautz) harria jasotzen arituko dira; aizkoran, hainbat modalitate izango dira. Horretan ibiliko dira Hodei Ezpeleta (Eibar), Alex Txikon (Lemoa), Jesus Mari Mujika (Ibarra) eta Ernesto Ezpeleta Bihurri (Eibar). Bestelako kirolak ere izango dira plazan: Iparraldeko jokoak; lasto-altxatzea, lasto-botatzea, gurdi-tiratzea eta ingudearekin Karlos Aretxabaleta, besteak beste.

Behin erakustaldia amaituta, bi hirukoteren arteko lehiarekin jarraituko dute. Aizkoran eta harria jasotzen lehiatuko dira, zehatz esanda.

Amaitzeko, ikusmira handien sortu duen ekitaldia izango da, ikusgarriena: Ernesto Ezpeleta Bihurri-k auto bat ebakiko du erditik, aizkorarekin. Ez da eibartarrak auto bat moztuko duen lehen aldia, baina, dudarik gabe, publikoaren arreta handia bereganatuko du ekintza horrek. Giro ona eta lehia nagusituko dira San Martin plazan. Bihurri-ren hitzetan, gainera, "oso polita irtengo da".

 

Pilota jaialdiak

Jaietako egitarauaren barruan, maila desberdinetako bi pilota jaialdi hartuko ditu Bergarako Udal Pilotalekuak: astelehenean bat eta martitzenean bigarrena. Astelehenean, Kuadrillen Egunean, BKE Pilota Sailak antolatutako Bergara Hiria Txapelketako finalak jokatuko dira udal pilotalekuan. 18:30ean hasiko dira eta neska zein mutilen finalak jokatuko dira.

Martitzenean, berriz, pilota jokalari profesionalen txanda izango da. Dario-Gabirondo eta Murua-Erostarbe bikoteen norgehiagokarekin hasiko da jaialdia; horren ondoren, Altuna III.a-Martija eta Ezkurdia-Rezusta bikoteen arteko lehia izango da.

Partiduez gozatu nahi duenak www.entradasfronton.com webgunean lor ditzake sarrerak, 25 eurotik aurrera. Bestela, partida egunean, txartel leihatilan ere egongo dira eskuragarri.

 

Aldaketak IV. Mokoloblok-en

Bergarako Eskalatzaileek eta Udalak elkarlanean laugarrenez antolatu dute Mokoloblok Bergarako Kale Blok topaketa jaietako egitarauaren barruan. Ekainaren 8an, domeka, izango da, 18:00etan, San Martin plazan hasita. Eskalatzaileek, ordea, 17:30ean elkartu beharko dute plazan.

Honako hau izango da aurtengo ibilbidea: plazan hasiko dira eta San Pedro kaletik Laboratoriumerako bidea egingo dute. Ondoren, Telefonicako aldapa jaitsiko dute, eta frontoian amaitu, monolitoan. Topaketa horretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da; ekainaren 1era arte eman daiteke, www.bergara.eus webgunean. Eskalatuko dituzten eraikinei dagokienez, batzuk aukeratuta dituztela jakinarazi dute, baina parte-hartzaileen eta daukaten denboraren arabera aldatzen joan daiteke hori.

Aurten, gainera, aldaketak egin dituzte topaketaren kudeatzaileek, parte hartzea errazagoa izan dadin. Antolakuntzakoek esan dutenez, "aurreko urteetan publikora begira antolatu izan da, batik bat; aurten, eskalatzaileengan zentratu nahi izan dugu".

Izen-emateari dagokionez, adibidez bi-hiru laguneko taldeetan apuntatzeko aukera zabaldu dute. Bigarren aldaketa txapelketa forma kentzearena da; hau da, ez da lehiaketa izango eta sariak zozketatu egingo dira. Hirugarrena blokeen ingurukoa da; puntu bakoitzean ez da bloke bakarra egongo eta eskalatzaile batek baino gehiagok eskalatuko dute aldi berean. Gainera, puntu bakoitzeko, maila desberdineko blokeak asmatzen saiatu dira antolatzaileak. Bukatzeko, jakinarazi dute parte-hartzaile bakoitzak kamiseta bat eskuratuko duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak