Bideberrin eta San Martin plazan egongo dira aurten ere Pentekosteetako txosnak. Xaxau Jai Herrikoien Konpartsa arduratuko da Bideberrikoaz; eta Mugimendu Sozialista, berriz, Udalak San Martin plazan, ohiko lekuan, jartzen duenaz.
Musika eta jana Bideberrin
Ohikoa den moduan, Xaxauk kudeatuko du Bideberriko txosna. Eguenean arratsaldeko lauretan hasiko dituzte muntaketa-lanak. Janari-txosnak ere ez du hutsik egingo aurten; egubakoitzean, zapatuan eta astelehenean zabalduko dute, 20:00etatik 23:00etara.
Konpartsako kide Andrea Gonzalezek aditzera eman duenez, "aurten, lehenengo aldiz, Boluko frontoian jokatuko den frontenis txapelketako finalarekin hasiko ditu jaiak Xaxauk. Kirola bultzatzeko eta egitarauaren parte izateko". Egubakoitzean jokatuko da hori, 18:00-18:30 aldera, eta, ondoren, Ustekabe txarangarekin batera, frontoitik San Martin plazara joango dira.
Bergarako Erraldoi Taldea izango da aurtengo ekintzaile omendua; hortik tiraka, zapatuan omenaldia egingo diete eta argazki bat aterako dute, Gure Esku herri mugimendukoekin batera. Domekan ospatuko dute, ordea, Erraldoi Eguna. Tailerrak, bazkaria, dantzak eta kontzertuak izango dira txosnan, eta, gainera, Kataluniatik etorritako bi konpartsa izango dituzte bisitan. "Euren herrietako erraldoiak ekarriko dituzte; berezia izango da". 45 erraldoi bilduko dira guztira eta asteburu osoan geratuko dira Bergaran.
Edozelan ere, jaia ez da domekan etengo; izan ere, iazko harrera ona ikusita, astelehenean baltsa-jaitsiera egingo dute, eta gauean ez dira kontzertuak eta giro ona faltako. Martitzenean, haurrentzako ekintzak izango dituzte, txosna kentzen hasi aurretik.
San Martin plazako txosna
San Martin plazako txosna kudeatzeko egin zen zozketan "ez zuen inork parte hartu". Hala azaldu du Bergarako Udaleko Kultura zinegotziak, Maite Usabiagak. Azkenean, Mugimendu Sozialistak txosna bat jartzeko zeukan interesa ikusita, haiek kudeatuko dute Udalak urtero jartzen duen txosna. Ohiko lekuan egongo da, udaletxe azpiko arkupean. Han ere festa giroa nagusituko da Pentekoste guztietan zehar, eta, hori bermatzeko, euren egitarau propioa sortu dute, kontzertuak eta bakarrizketak tarteko. Gainera, Kontseilu Sozialistak egitarauan aditzera eman duenez, bertan afaltzeko aukera egongo da egubakoitzean eta zapatuan. Horrez gain, Palestinarekiko elkartasuna erakuste aldera, kamisetak eta poltsak izango dituzte txosnan salgai. Bestetik, argazkilaritzari, historiari eta emakumeen borrokari ere beren lekutxoa egin diete, Emakume langileon esperientziatik argazkitan erakusketarekin. Txosnagunean ez da erasorik onartuko; antolakuntzak azpimarratu nahi izan du erasoen aurkako protokoloa eta etxeratze kolektiboak egongo direla. Baita erasoren bat jasanez gero deitu eta laguntza jasotzeko telefono-zenbaki bat ere.
Txosnen egitaraua
Ekainak 6, Egubakoitza
• Bideberri: Ikasle-bazkaria (15:00), frontenis txapelketako finala (18:00), Ustekabe txaranga (19:00), K-Po eta Blind (20:30), Harrikada, Frigo, Bihurri Dub Sound System + Yare Sound (22:30), Xaukena elektrotxaranga + gaupasero argazkia (07:00).
• Plaza: Sedientos de Cumbia eta Dirty Old Gasteiz (20:30), Guti & Felixin (00:30).
Ekainak 7, Zapatua
• Bideberri: Presoen eta iheslarien aldeko bazkaria (15:00), Rock maratoia: Kontrakordes eta DBQ (16:00), erraldoiei omenaldia + argazkia (18:30), Guateke More ibiltaria (19:30), Burutik, Bengo, Kitziki Erromeria, Ederos (22:30).
• Plaza: Mutiko, Enblesko eta Denso, DJ Rubi (21:00).
Ekainak 8, Domeka
• Bideberri: Tailer erraldoia + dantza ikastaroa (13:00), Txomingero bazkaria (15:00), erraldoien dantzak (16:00), Izaki Gardenak (19:00), herri-afaria (21:00), korto-lehiaketa (22:30).
• Plaza: Bakarrizketak: Antton Telleria, Asier K (20:00).
Ekainak 9, Astelehena
• Bideberri: Baltsa-jaitsiera (11:30), sari banaketa (20:00), Trikidantz erromeria (20:15), Merina Gris eta Ganibet (23:00).
• Plaza: No Limits, DJ Faisan, DJ Alan Payne (22:00).
Ekainak 10, Martitzena
• Bideberri: Haurrentzako, Pirata Garrapataren abenturak (17:00); ondoren, txosnen desmuntatzea.