Zuzenekoei dagokienez, urteko bost egunik beteenak izango dira ostiraletik martitzenera artekoak. Pentekosteetan nahi adina musika talde ikusteko aukera egongo da, San Martin plazan eta txosnagunean, batez ere.
Ondoko zerrendan agertzen diren taldeez gain, domekan, hilak 8, kaleko beste txoko batzuetan nagusituko dira musika, parranda eta umore ona. Izan ere, Bergarako Musika Banda Espoloian arituko da, 12:30ean; Gesaltza Fanfarre txarangak eguerdiko poteoa animatuko du, erdigunean; eta Bentazarreko Mutiko Alaiek kontzertu ibiltaria joko dute, Simon Arrietan hasita, 20:30ean.
EKAINAK 6 / 20:30 / TXOSNAGUNEAN
K-PO
Tokiko ukitu urbanoa emango dio herrian aski ezaguna den Chadi Aiastuik Xaxauren txosnen irekierari, eta ziur ez dela bakarrik egongo oholtzan.
BLIND09
Eta antzeko musika-erritmoetan murgilduko da publikoa Blind09 izen artistikoa daraman bergarar kolektiboarekin.
HARRIKADA
Urtebete ez da pasa laukote antzuolarra oholtzara lehen aldiz igo zenetik. Rock, punk eta oi! taldeen bertsioak jota gozatu eta gozaraziko dute.
FRIGO
Mundu mailako pop eta rock taldeen abesti dantzagarri eta ezagunak euskaratzen trebeak dira Lapurdiko eta Nafarroa Behereko musikariak.
BIHURRI DUB SOUND SYSTEM
Reggae elektronikoak ere izango du tokia lehenengo egunean, Basauriko dub estiloko kolektibo horren eskutik.
YARE SOUND
Reggae eta sound systemaren uhinetan haiek ere, eszenari euren ikuspegi propioa gehitu diote hiru emakumeek.
EKAINAK 6 / 20:30 / SAN MARTIN PLAZAN
SEDIENTOS DE CUMBIA
Mugimendu Sozialistak antolatuta, Argentinako doinu dantzagarriak dakartza Nafarroako lagun taldeak. 00:30ean, Guti & Felixinen txanda izango da.
EKAINAK 6 / 23:00 / SAN MARTIN PLAZAN
KOKEIN
Udalak antolatuta, Bidea da helmuga zortzigarren lanarekin datoz eibartar beteranoak, inoiz baino zuzeneko indartsuago eta dantzagarriagoekin.
EKAINAK 7 / 16:00 / TXOSNAGUNEAN
KONTRAKORDES
Eskoriatzako eta Bergarako rocker eskarmentudunak daude duela bi urte sortutako proiektuaren atzean; zerbait freskoa ekarriko dute, beraz.
DBQ
Herritik eta herriarentzat, distortsioz betetako talde indartsuak ez du hutsik egingo, beste behin, Pentekosteetan.
EKAINAK 7 / 21:00 / SAN MARTIN PLAZAN
MUTIKO
Mugimendu Sozialistak antolatuta, Sad 20's diskoa aurkeztera dator elektronika egiten iaioa den aramaioarra.
EMBLESKO ETA DENSO
Hainbat sortzaile urbanoren musika-ekoizle Densok Embleskorekin egin duen lana aurkeztuko du. Ondoren, DJ Rubik hartuko die testigua.
EKAINAK 7 / 22:30 / TXOSNAGUNEAN
BURUTIK
Iruñeko banda gaztea ez da estilo bakarrera mugatzen den horietakoa, eta ahots-jokoak ditu ezaugarri.
BENGO
Aitor Bengoetxea oiartzuarrak kutsu urbanoko kantak kaleratzen ditu, eta break estiloko dantzaria ere bada.
KITZIKI ERROMERIA
Elgoibarko, Azkoitiko eta Bergarako zazpi lagunek euskal talde ezagunen abestien bertsioak joko dituzte.
EDEROS
Pintxada elektronikoarekin jarraituko du gauak, Lora Electric Sound-en proposamenak lagun.
EKAINAK 7 / 23:00 / SAN MARTIN PLAZAN
TREMENDA JAURIA
Madrilgo kolektiboak cumbiaren, punkaren, raparen, reggaetonaren eta elektronikaren fusioaz elikatuko du dantza gosez hurbilduko den publikoa.
EKAINAK 8 / 19:00 / TXOSNAGUNEAN
IZAKI GARDENAK
Rock eta pop uhinetan mimatutako kantu-bilduma osatu du Gasteizko musikataldeak, Jon Basagurenek eta Libe Garcia de Cortazarrek gidatuta.
EKAINAK 9 / 12:30 ETA 23:00 / ESPOLOIAN
JOSELU ANAIAK
Jaietako ezinbesteko osagai bilakatu da aurkezpenik behar ez duen erromeria taldea. Aurten ere birritan dantzaraziko dituzte bergararrak.
EKAINAK 9 / 20:15 / TXOSNAGUNEAN
TRIKIDANTZ
Iturenen sortutako erromeria taldeak ibilbide luzea egin du oholtzaz oholtza, euskal kultura eta euskal musika oinarri.
EKAINAK 9 / 22:00 / SAN MARTIN PLAZAN
NO LIMITS
Aurten agenda bete-betea dauka herriko boskoteak, Norantza aurkitu nahian diskoa han eta hemen aurkeztu du eta. Mugimendu Sozialistaren kontzertu hori DJ Faisanek eta DJ Alan Payne borobilduko dute.
EKAINAK 9 / 23:00 / TXOSNAGUNEAN
GANIBET
Euskal kanta tradizionalak modernizatzen hasi, eta euren kantu propioak egitera iritsi da bikotea, elektronikaren eta autotunearen babespean.
MERINA GRIS
Oharkabean pasatzen ez den eta hainbat ereserki konposatu dituen hirukote donostiarrak esango die agur Xaxauren zuzenekoei.
EKAINAK 10 / 20:00 / SAN MARTIN PLAZAN
PURO RELAJO
Udalaren azken pilula doinu mexikarrez jositako ikuskizuna izango da; Aibar herritik etorriko da azken dantza egiteko bultzada.