Jai eta aisialdi eremuetan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa aurkeztu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko eka. 3a, 09:24

Prentsa agerraldiaren osteko argazkia, atzo, San Martin plazan.

Pentekosteak ate joka direla atzo aurkeztu zuen Bergarako Udalak festa eta aisialdi eremuetan indarkeria matxista prebenitzeko eta kontra jarduteko protokoloa aurkeztu zuen atzo arratsaldean. Martxanterak eta Oñeztua talde feministak eta herriko tabernari batzuek sinatu zuten protokoloa; herriko jai nagusiez harago, urte osorako protokoloa izango da; "hasierako urrats" bezala definitu dute. 

Pentekosteen atarian, Bergarako Udalak jai eta aisialdi espazioetan indarkeria matxista prebenitzeko eta kontra jarduteko protokoloa aurkeztu du astelehen arratsaldean, balizko erasoei aurre egiteko helburuarekin. Protokolo berria dokumentu huts bat baino harago doala nabarmendu dute prentsaurrekoan, eta udalerri osoan genero indarkeriaren kontra estrategia komunitarioa garatzeko tresna izateko asmoarekin sortu dela.

Ainhoa Lete alkateordea protokoloaren beharra azpimarratu zuen: "Azken urteetako errealitateak agerian utzi du jai giroa ez dela beti segurtasunaren sinonimo emakumeentzat eta genero disidenteentzat. Horregatik, ezinbestekoa da eremu horietan benetako berdintasuna eta askatasuna bermatzea. Askatasuna ez da benetakoa, norbait beldurrik gabe bizi ezin bada". 

Erasotuak erdigunean

Protokoloaren diseinuan honako eragile hauek hartu dute parte: Martxanterak eta Oñeztua talde feministek, udaleko sail ezberdinek eta tabernari batzuek. Hainbat printzipiotan oinarritzen da protokoloa: erasotuak erdigunean jartzea, konfidentzialtasuna bermatzea, jarrera matxisten gaitzespen publikoa, eta prozedura penalaz harago joanda, biktimaren ongizate emozionala lehenestea. Hasiera batean, protokoloa Udalak antolatutako ekitaldi esanguratsuetan aplikatuko da, hala nola, herri bazkarian edo zezen plazan antolatuko diren ekintzetan. Pixkanaka, beste eremuetara zabaltzea aurreikusten da.

Tabernei dagokienez, protokoloan parte hartu nahi dutenek langileentzako formakuntza jasoko dute eta jarraipen batzordean arituko dira. Jarraipen batzordea urtero bilduko da, eta bertan egongo dira Udaleko politikari eta teknikariak, Udaltzaingoa, mugimendu feminista, jaietako elkarteak eta ostalarien ordezkariak. Helburua protokoloaren eraginkortasuna baloratzea eta hobetzen jarraitzea izango da.

Gizarte osoaren ardura

Udaletik azpimarratu dute indarkeria matxistaren aurkako borroka ez dela emakumeen ardura bakarrik, baizik eta gizarte osoarena. "Guztion artean eraikitako tresna izan dadin nahi dugu protokoloa. Gure jaiak guztionak direlako, eta horretarako, guztientzako seguruak izan behar dute", nabarmendu dute.

Arreta eta informazio guneak

Pentekosteetarako propio bi egitura aktibatuko dituzte: informazio gunea eta arreta gunea. Informazio gunea indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea izango da. Herritarrentzat zabalik egongo da ekainaren 6an eta 9an, 19:00etatik 22:00etara, txosnagunearen ondoan. Gune horretan, informazioa eskainiko da indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta horiei aurre egiteko tresnei buruz. Halaber, erasoren bat gertatuz gero, erantzun egokia bideratzeko funtzioa ere izango du.

Arreta puntua eraso matxisten aurrean arreta eta esku-hartzerako espazioa izango da. Ekainaren 6an, 7an eta 9an, 22:00etatik 06:00etara, irekita egongo da Irizar Jauregian (Barrenkalea 33), eta bertan hasierako arreta emozionala, laguntza, eskubideei buruzko informazioa eta aholkularitza eskainiko da. Zerbitzu hau aurrez aurre zein telefonoz eskainiko da (telefono zenbakia: 747 448 456).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak